Hasiera  /  Aurkezpena  


1. Aurkezpena

1. Aurkezpena

Eskuliburu honen azken helburua da Arabako Lurralde Historikoko haurrei eta nerabeei zuzendutako gizarte zerbitzuek esku-hartzea behar duten haur eta nerabeei eta familiei ematen dieten arretaren kalitatea hobetzea. Horretarako, zerbitzuon jarduketa prozesua egituratzen du, eta irizpide tekniko adostuak, koherenteak eta azken urteotan gertatu diren lege, arau, antolaketa, gizarte eta ezagutza aldaketei dagokienez eguneratuak ematen ditu. 

Eskuliburua partaidetza handiko prozesu baten bidez egin da, hauen laguntzarekin: Gasteizko Udaleko eta 20.000 biztanletik beherako udalerrietako gizarte zerbitzuetako profesionalak eta arduradun teknikoak, GOFEko Adingabeen eta Familiaren Arloko arduradun teknikoak, profesionalak eta lantalde kontratatuak, GOFEko Gizartegintza Arloko arduradun teknikoak eta EUDEL. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Oviedoko Unibertsitateko lantaldeen laguntza teknikoa jaso da, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoek eskuzabaltasunez partekatzen dituzten eskuliburuak eta protokoloak ere erabili dira, bai eta beste autonomia erkidego batzuek prestatuak eta beste herrialde batzuetatik modu librean eskuratu daitezkeenak.

Eskuliburuaren gaur egungo edukiaren ardatza, funtsean, arrisku ertaina, arrisku larria eta babesgabezia dakarten egoeretan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal eta lurralde mailako gizarte zerbitzuen jarduketa da. Azken zatian, apartatu espezifiko bat eskaintzen dio sexu indarkeriaren baieztatutako edo susmopeko egoeretako jarduketari, egoera horiek babesgabetasuna dakartenean edo familia babesleetako haur edo nerabeei gertatzen zaizkienean. Etorkizunean, eskuliburuaren edukiak zabaldu egin ahal izango dira, edo bertan sartu ahal izango da zaurgarritasun edo zailtasun egoeran dauden haur eta nerabeekin —eta haien familiekin— edo bestelako eskubide urraketak jasaten dituztenekin jarduteko modua, edo beste indarkeria mota batzuen biktima izanda gizarte zerbitzuen arreta eta laguntza behar dutenekin jardutekoa.  

Arrisku ertaina, arrisku larria edo babesgabezia dakarten egoeretako jarduketaren harira, eskuliburuak, lehenengo atalean, haur eta nerabeentzako gizarte zerbitzuek eta gainerako administrazio publikoek arestian aipatutako egoeretan jarduteko dituzten betebeharrak eta oinarrizko printzipioak zehazten dituen lege eta arau esparrua deskribatzen du, bai eta arlo horretako eskumenen banaketa eta horiek koordinatzeko dauden mekanismoak ere. Bigarrenik (2. eta 3. atalak), udal eta lurralde mailako gizarte zerbitzuek esku hartzeko duten prozedura orokorra deskribatzen du, arrisku ertaineko, arrisku larriko edo babesgabeziako egoera posiblearen jakinarazpena jasotzen denetik. Prozedura horren barruan sartzen dira, besteak beste, ikerketa eta hasierako ebaluazioa, zer esku-hartze plan ezarri behar den zehaztea, hura abian jartzea eta etengabeko berrebaluazioa, eta esku hartzearen amaiera. Eskuliburuak arreta berezia eskaintzen dio GOFEko Adingabeen eta Familiaren Arloaren funtzionamenduari eta barne antolamenduari, bai eta larritasun handieneko babesgabetasun egoeren biktima diren haur eta nerabeei arreta espezializatua emateko dituen zerbitzu eta programei ere: familiako esku-hartze espezializatua, familia harrera, egoitza harrera eta adopzioa. Laugarren atalean, hainbat alderdiri heltzen zaie: udal eta lurralde mailako gizarte zerbitzuek nola jarduten duten premiazko egoeretan; inplikatutako beste sistema batzuekin nola koordinatzen diren, hala nola epaitegiekin, fiskaltzarekin edo segurtasun indar eta kidegoekin, eta esku hartzeko protokoloek ezaugarri bereizgarriak dituzten kasuistika partikularren aurrean nola jarduten duten. Bosgarren atalak garrantzi berezia du. Bereziki azpimarratzen ditu udal eta lurralde mailako gizarte zerbitzuen arteko koordinazio estua behar duten une eta erabakiak, bi zerbitzuetako ordezkariek osatutako lantalde misto batean landu eta adostu direnak. Azkenik, seigarren atalean beste erakunde batzuei (hala nola adingabeen fiskaltzari, epaitegiei, beste lurralde historiko edo autonomia erkidego batzuetako babes erakunde publikoei edo beste herrialde batzuetako babes zerbitzuei) komunikatzeko edo erantzuteko jarraitu behar den prozedura ezartzen da. 

Sexu indarkeriaren baieztatutako edo susmopeko egoeretan (babesgabetasuna dakartenean edo familia babesleetako haur edo nerabeei gertatzen zaizkienean) jarduteari dagokionez, eskuliburuak egoerak mugatzen ditu, egoera horiek detektatzeko jarraibideak ematen ditu, kasu horietan inplikatutako sistema eta zerbitzu nagusien jarduketa ildo nagusiak deskribatzen ditu, eta xehetasun handiagoz aztertzen ditu udaleko gizarte zerbitzuen eta Adingabeen eta Familiaren Arloaren jarduna eta indarkeria mota horren biktima diren haur eta nerabeei arreta integrala eta espezializatua emateko abian jarritako zerbitzuarekin duten koordinazioa.