1. Ikuspegi orokorra - haurtzaroeskuliburua
2.2. Eskumenen banaketa udaleko gizarte zerbitzuen (UGZ), Adingabeen eta Familiaren Arloaren (AFA), Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) eta babesgabetasunaren, arrisku arinaren eta babesgabetasunarekiko zaurgarritasun egoeretako administrazio publikoko beste sektore batzuen artean
1. Ikuspegi orokorra
Arabako Lurralde Historikoan:
- Babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna, arrisku arina eta arrisku ertaina duten haur eta nerabeen kasuan, esku-hartzea udaleko gizarte zerbitzuek koordinatuko dute*.
- Arrisku larrian, babesgabezian edo zaintza neurriarekin dauden haur edo nerabeen kasuan, esku-hartzea Adingabeen eta Familiaren Arloak koordinatuko du.
Bizikidetza nukleo berean arrisku maila desberdina duten anai-arrebak daudenean (arrisku arina edo ertaina dute batzuk, eta arrisku larria, babesgabezia edo zaintza neurria beste batzuek), AFAk hartuko du esku-hartzearen koordinazioa —eta ikerketa eta ebaluazio prozesuak, egin behar direnean— familiako haur eta nerabe guztiekin, betiere arrisku larria edo tutoretza edo zaintza neurria duten haur edo nerabeetako batekin edo batzuekin esku-hartzearen helburua familia babestea edo berriz elkartzea bada. AFAk modu iraunkorrean banatzeko neurri bat hartzen duenean, babes espedientea duten haur edo nerabeak jatorrizko familiara itzultzeko aurreikuspenik gabe, eta arrisku arineko edo ertaineko egoeran dauden beste anai-arreba batzuk daudenean, azken horiekin esku-hartzea —behar izanez gero— UGZek koordinatuko dute, eta banantze iraunkorreko anai-arreben esku-hartzea, berriz, AFAk. Bi zerbitzuek kasuan beharrezkoa den koordinazio maila izan beharko dute.
UGZk eta AFAk modu koordinatuan egingo dute lan, eta zerbitzu komunitarioen eta administrazio publikoko beste maila batzuen inplikazioa eta koordinazioa sustatuko dute egoera horietan esku hartzerakoan. Halaber, beharrezkoa denean, administrazioaren beste sektore batzuei eskatuko diete haien mende dauden eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren baliabideak eta zerbitzuak abian jartzeko eta emateko.
Esleitutako eginkizunak behar bezala burutzeko, UGZk, AFAk eta GOFEk beharrezko baliabideak eta behar besteko kualifikazioa duten profesionalak eta taldeak izan beharko dituzte
*Gasteizko udalerriaren kasuan, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak koordinatzen du arrisku ertaineko kasuekin egiten den esku-hartzea.