2. Udaleko gizarte zerbitzuen eskumenak - haurtzaroeskuliburua
2.2. Eskumenen banaketa udaleko gizarte zerbitzuen (UGZ), Adingabeen eta Familiaren Arloaren (AFA), Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) eta babesgabetasunaren, arrisku arinaren eta babesgabetasunarekiko zaurgarritasun egoeretako administrazio publikoko beste sektore batzuen artean
2. Udaleko gizarte zerbitzuen eskumenak
- Haur eta nerabeen eskubideak, ongizatea eta babesa eta prebentzio unibertsala (hazkuntza eginkizunetan laguntzeko neurriak barne) sustatzera bideratutako programak eta jarduketak garatzea, gainerako zerbitzu komunitarioekin batera eta haiekin koordinatuta. Biztanleria orokorrari egongo dira zuzenduta.
- Babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna, arrisku arina eta babesgabetasuna duten haur eta nerabeen detekzio eta jakinarazpen goiztiarra sustatzeko jarduerak garatzea.
- Babesgabetasunarekiko zaurgarritasun, arrisku arin eta babesgabetasuneko egoera posibleei buruz partikularrek, profesionalek edo zerbitzuek beren eskumeneko lurralde eremuko haur eta nerabeei buruz egindako komunikazio guztiak jasotzea, AFAk jaso beharrekoak izan ezik.
- Autonomia erkidego, herrialde, fiskaltza eta epaitegietatik egiten diren beste eskari edo komunikazio idatzi batzuk jaso eta izapidetzea.
- Komunikazio horien ikerketa egitea, AFAk ikertu beharrekoak izan ezik.
- Arreta pertsonalizatuko planaren hasierako ebaluazioa egitea eta hura diseinatu eta ezartzea, babesgabetasunarekiko zaurgarritasun, arrisku arin eta arrisku ertaineko egoeretan.
- Zigor legearekin gatazkan dauden hamalau urtetik beherako pertsonen balorazio soziofamiliarra egitea, babesgabetasun posiblerik, babesgabetasunarekiko zaurgarritasunik, edo UGZen edo AFAren esku-hartzea eta laguntza behar izan dezakeen bestelako zailtasunik dagoen zehazteko. Salbuetsita daude sexu askatasunaren edo sexu ukigabetasunaren aurkako delitu izan daitezkeen sexu izaerako indarkeria ekintzak egin dituzten haurrak eta nerabeak, edo genero indarkeria dakarten indarkeria ekintzak egin dituztenak. AFAk baloratuko ditu horiek (HNLren 147. art.).
- Prebentzio selektiboko eta adieraziko programak garatzea, gainerako zerbitzu komunitarioekin koordinatuta, babesgabetasunarekiko zaurgarritasun egoeran dauden familia eta haur eta nerabeentzat —jaio aurreko arriskuan dauden jaiotzekoak barne—, eta arrisku arinean dauden haur eta nerabeei eta familiei zuzendutako jarduketak eta programak garatzea.
- Arrisku ertainean dauden haur eta nerabeei eta familiei zuzendutako zerbitzuak eta laguntzak garatzea (HNLren 181.3 artikuluan jasotako modalitateetan), familia babesteko programak barne.
- AFAri dagozkion ikerketa eta hasierako ebaluazio prozesuetan eta babes espedientea duten haur edo nerabeentzako balizko pertsona edo familia harreragileen (beste batzuk edo zabalak) egokitasuna baloratzeko prozesuetan laguntzea, UGZn ezagunak diren kasuak direnean. Elkarlana izango da:
- Tartean diren pertsonei edo familiei buruz dagoen informazioa ematea.
- AFAko teknikarien eta kasuari lotuta dauden pertsona, familia edo beste profesional nahiz zerbitzu batzuen arteko harremana erraztea.
- Beharrezkotzat jotzen den kasu berezietan, eta inguruabarrek horretarako aukera ematen badute, AFAko profesionalekin lankidetzan aritzea zuzenean informazioa biltzen.
- AFAk abian jarritako babes sistematik aterako edo atera diren nerabeak eta gazteak emantzipaziorako prestatzeko eta laguntzeko programekin lankidetzan aritzea.
- Eusko Jaurlaritzan haurren eta nerabeen arloan eskumena duen sailari informazio eguneratua eta estatistika datuak ematea, bere eskumeneko eremu materialean, HNLren 308. artikuluan ezarritako gaiei buruz, besteak beste, haur eta nerabeen indarkeria eta babesgabetasun egoerak (arriskua eta babesgabetasuna bereizita) eta egoera horiei erantzuteko eta kaltetutako haur eta nerabeak babesteko hartutako neurriak. Datuak bereizi gabe eta generoaren, adin tarteen, desgaitasunaren eta nazionalitatearen arabera bereizita aurkeztuko dira.
- Haurren aurkako Indarkeriari buruzko Gizarte Zerbitzuen Erregistro Bateratura eta, hala badagokio, Haurren eta Nerabeen aurkako Indarkeriari buruzko Informazioaren Erregistro Zentralera gehitu beharreko informazioa ematea, informazio horrek bere eskumeneko eremu materialari eragiten dionean edo bertan sartzen denean (hamalaugarren xedapen gehigarria, HNL).
- Bere eskumenen eremuan, indarrean dagoen araudiaren ondorio diren beste eginkizun guztiak.