2.2. Eskumenen banaketa udaleko gizarte zerbitzuen (UGZ), Adingabeen eta Familiaren Arloaren (AFA), Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) eta babesgabetasunaren, arrisku arinaren eta babesgabetasunarekiko zaurgarritasun egoeretako administrazio publikoko beste sektore batzuen artean 

4. Gizarte ongizaterako Foru Erakundearen eskumenak

  • Baliabideak eta orientazioa ematea, 20.000 biztanletik beherako udalerriek eskumen esleituak behar bezala betetzeko behar dituzten baliabideak eta programak izan ditzaten gizarte zerbitzuetan. UGZ horiei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea ere sartzen da, ikerketa, hasierako ebaluazioa eta haur eta nerabeekin eta haien familiekin egin behar den esku-hartzea gauzatzeko. 
  • AFAk artatutako kasuen erregistroa izatea, bai eta pertsona eta familia harreragileena —ikus Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren XIII. kapitulua— eta adoptatzaileena ere —ikus Foru Aldundiek adingabeen adopzioaren arloan jarraitu beharreko jarduna arautzen duen ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren VI. kapitulua—, besteak beste, estatistika eguneratuak edukitzeko eta analisi kuantitatiboak eta kualitatiboak eta artatutako haur eta nerabeen bizi historiak egiteko beharrezko informazioa izateko. 
  • Adoptatutako adingabeen jatorriari buruzko informazioa gordetzea, beren jatorri biologikoari buruzko datuak jakiteko eskubidea erabil dezaten, HNLren 278. eta 279. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
  • Eusko Jaurlaritzan haurren eta nerabeen arloan eskumena duen sailari informazio eguneratua eta estatistika datuak ematea, bere eskumeneko eremu materialean, HNLren 308. artikuluan ezarritako gaiei buruz, besteak beste, haur eta nerabeen indarkeria eta babesgabetasun egoerak (arriskua eta babesgabezia bereizita) eta egoera horiei erantzuteko eta kaltetutako haur eta nerabeak babesteko hartutako neurriak. Datuak bereizi gabe eta generoaren, adin tarteen, desgaitasunaren eta nazionalitatearen arabera bereizita aurkeztuko dira. 
  • Estatuan adingabeen tutoretzen indizera, Haurren aurkako Indarkeriari buruzko Gizarte Zerbitzuen Erregistro Bateratura eta, hala badagokio, Haurren eta Nerabeen aurkako Indarkeriari buruzko Informazioaren Erregistro Zentralera gehitu beharreko informazioa ematea, informazio horrek bere eskumeneko eremu materialari eragiten dionean edo bertan sartzen denean (hamalaugarren xedapen gehigarria, HNL).