5. 20.000 biztanletik beherako udalerrietako gizarte zerbitzuentzako aholkularitza eta laguntza teknikoa - haurtzaroeskuliburua
2.2. Eskumenen banaketa udaleko gizarte zerbitzuen (UGZ), Adingabeen eta Familiaren Arloaren (AFA), Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) eta babesgabetasunaren, arrisku arinaren eta babesgabetasunarekiko zaurgarritasun egoeretako administrazio publikoko beste sektore batzuen artean
5. 20.000 biztanletik beherako udalerrietako gizarte zerbitzuentzako aholkularitza eta laguntza teknikoa
GOFEren eskumena da aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea 20.000 biztanletik beherako udalerrietako UGZetako erreferentziazko gizarte langileei, babesgabetasunarekiko zaurgarritasun egoeretan, arrisku arinekoetan edo arrisku ertainekoetan ikerketa eta hasierako ebaluazioa egiteko eta arreta pertsonalizatuko plana diseinatu eta ezartzeko, baldin eta UGZek hala eskatzen badute, oro har, aholkularitza eta orientazioa behar dutelako zailtasun bereziko kasuetan (adibidez, zalantzazkoak, susmoak dituztenak, esku-hartzeari aurka egiten diotenak). Horrek ez du inolako aldaketarik eragingo kasuaren kudeaketaren erantzukizunean, eta UGZn mantenduko dira bai espedientea, bai esku-hartzearen koordinazioa.
Aholkularitza eta laguntza teknikoa Familiei Babesa Emateko Ataleko teknikariek emango dute; UGZ bat edo gehiago esleituko zaizkie teknikarioi, ahal dela, zonakatze eta biztanleria irizpideei jarraituta.
UGZko erreferentziazko profesionala eta FBEAko laguntza-profesional esleitua behar den guztietan bildu, koordinatu eta egongo dira harremanetan. Bilerak aurrez aurre edo online egin ahal izango dituzte, adosten dutenaren arabera. UGZek premiaz eskatzen badute aholkularitza edo laguntza teknikoa, berehala erantzun beharko zaie. Gainerako eskaerek gehienez astebeteko epean jaso beharko dute erantzuna.
Aholkularitza eta laguntza teknikoan, laguntza-profesionalek sare bileretan edo haur eta nerabeekin, gurasoekin, tutoreekin edo zaintzaileekin edo familia unitateekin egiten diren elkarrizketetan parte hartu ahal izango dute, konplexutasun edo zailtasun bereziko kasuetan edo esku-hartzeari erantzuten ez zaionean. Kontraindikaziorik ezean, esku-hartze horiek UGZko erreferentziazko gizarte langilearekin batera egingo dira, eta komenigarritzat jotzen den lekuan (UGZ edo AFA) egin ahal izango dira.
UGZek baliabide espezializatu bat abian jartzea beharrezkoa dela diotenean (esaterako, ikerketa edo ebaluazio taldea, familian hezkuntzaren arloko esku-hartzea egiteko programa, laguntza psikologikoko programa), dagokion eskaera bidaliko diote AFAri, eta, horrekin batera, txosten tekniko bat edo arreta pertsonalizatuko plana, baliabidearen beharra arrazoituta, bai eta dagokion espedienteko ebazpena ere. AFAk emakida ebatzi eta enpresa hornitzaileari eta familiari jakinarazi ostean, ondorengo jarduketak UGZen kargura geratuko dira. Horixe gertatuko da baliabidea ematen amaitzea proposatzen denean. AFAri bidali beharko zaio eskaera, eta horrekin batera, txosten teknikoa edo arreta pertsonalizatuko plana, baliabidearen amaiera arrazoituta, eta, kasua bada, dagokion ebazpena. AFAk izapideak egingo ditu, eta komunikazioak bidaliko dizkie enpresa hornitzaileari eta familiari.
Esku-hartzearen lidergoaz eta kasuarekiko koordinazioaz, esku-hartzeari buruzko azken erabakiez, eta UGZko espedientearen kudeaketaz UGZko erreferentziazko gizarte langilea arduratuko da beti. Halaber, profesional hori izango da kasuan esku har dezaketen baliabide espezializatuetarako erreferentea, eta haiek egindako txostenak hari zuzenduko zaizkio erregistro elektroniko bidez (SIR). Txosten horiek jaso izana eta horien emaitza AFAn esleitutako laguntza-profesionalari jakinaraziko dizkio.
Arrisku larria dagoelako edo tutoretza edo zaintzarako legezko babes neurria behar delako UGZek kasu bat AFAren eskumenekoa dela uste dutenean eta hura AFAra bideratu nahi dutenean, JBOAren bidez bideratuko dute —AFArako sarbide orokorra da—.