2. Haurren eta nerabeen eskubideak - haurtzaroeskuliburua
2.1. Haurrak eta nerabeak babesteko jarduketa esparrua
2. Haurren eta nerabeen eskubideak
HNLren arabera, haur eta nerabeen eskubide indibidual eta kolektiboen bermeak izan behar du haurrei eta nerabeei lotutako sustapen, prebentzio, arreta eta babes eskumenak dituzten EAEko administrazio publikoen jarduketa eta erabakien ardatz nagusia (13a art.). Eskubide horien artean daude:
- Eskubide orokorrak
- Indarkeria edo babesgabetasun egoerei lotuta ez dauden egoera kaltegarrietako eskubideak
- Babes prozeduretan inplikatuta dauden edo legezko babes neurri bat aplikatu zaien haur eta nerabeentzako eskubide espezifikoak
- Eskubide orokorrak, adibidez: beren interes gorena lehenesteko eskubidea (24. art.), berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea (25. art.), entzuna izateko eskubidea (26. art.), oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak (27. art.), parte hartzeko eskubidea (28. art.), hazkuntzarako, bizikidetzarako eta familia harremanetarako eskubidea (29. art.), amatasunari buruz erabakitzeko eskubidea (30. art.), ongizate materialeko oinarrizko maila izateko eta gizarte inklusiorako eskubidea (31. art.), osasunerako eskubidea (32. art.), hezkuntzarako eskubidea (33. art.), kulturarako eskubidea (34. art.), jolaserako eta aisialdirako eskubidea (35. art.), jarduera fisikorako eta kirolerako eskubidea (36. art.), ingurumen osasungarria izateko eskubidea (37. art.), ingurune segurua izateko eskubidea (38. art.), lan inguruneko eskubideak (39. art.), kontsumoaren arloko eskubideak (40. art.), informaziorako eskubidea eta harremanetarako, informaziorako eta komunikaziorako teknologiak erabiltzeko eskubidea (41. art.).
- Indarkeria edo babesgabetasun egoerei lotuta ez dauden egoera kaltegarrietako eskubideak, esaterako: osasun laguntza gaixotasun edo nahasmendu bat diagnostikatu denean, eskolagabetze, absentismo edo eskola-porroteko egoerak zuzentzera bideratutako hezkuntza arreta, edo gizarte zerbitzuen arreta, bizikidetzarako eta gurasotasuna modu positiboan gauzatzeko laguntza premia ikusten den kasuetan, egoera babesgabekoa izan gabe, familian esku hartzeko neurriak hartu behar direnean.
- Babes prozeduretan inplikatuta dauden edo legezko babes neurri bat aplikatu zaien haur eta nerabeentzako eskubide espezifikoak (HNLren 164. art.). Horien artean daude:
- Babesa jasotzeko eskubidea, baita legezko ordezkariak edo harreragile edo zaintzaileak aurka badaude ere, behin arrisku edo babesgabezia egoera egiaztatuta.
- Haien egoera pertsonala, hartu beharreko neurriak, iraupena eta edukia ezagutzeko eskubidea, baita dagozkion eskubideak ere; horretarako, informazio egiazkoa, jarraitua eta ahal bezain osoa eman behar zaio esku hartzeko prozesuan zehar. Informazio hori hizkera argi eta errazean eman beharko da, uler dezakeen eta erraz ulertzen duen hizkuntza batean, eta haren egoera pertsonaletara egokitutako formatuan. Espezialisten laguntza eskatuko da, beharrezkoa denean.
- Haien premiak bilatu eta asetzeko orduan subjektu aktibotzat hartuak izateko eskubidea; horretarako, haien autonomia pertsonala sustatu eta bermatu behar da, sozialki eta juridikoki.
- Ahal bezain izapidetze eraginkor eta azkarra egiteak ematen duen segurtasun juridiko eta emozionala, behin-behineko neurriak luzatzea eragotzita, haien intimitatearen esparruan beharrezkoa dena baino gehiago sartzea saihestuta, eta haien jarduteko gaitasunaren mugak eta haien eta familiaren bizitzako interferentziak ezinbesteko gutxienera murriztuta.
- Familian jarraitzeko eskubidea, ahal den guztietan; horretarako, administrazioak eskubide hori bermatzeko eskura dituen baliabide guztiak aplikatzeko betebeharra du. Familiatik banandu badira, familiara itzultzea kontuan izan behar da, inguruabarrek ahalbidetzen dutenean, eta, hori bideragarria ez bada, ahal bezain laster sartu behar dira beste familia nukleo batean, jatorrizko familiarekin eta hurbileko beste pertsona batzuekin harremanak izateko eskubidearekin, baldin eta babes helburua oztopatzen edo kaltetzen ez badu edo haien interes gorenaren aurkakoa ez bada.
- Haien kultura eta hizkuntza nortasuna errespetatuz gizarteratzea erraztuko duten baliabideak izateko eskubidea.
- Familiak behar adinako laguntza eta babesa jasotzea, arreta gutxieneko baldintza egokietan eman ahal izateko.
- Fiskaltzarekin eta babesaren arduradun tekniko eta administratiboekin harreman zuzena izateko eskubidea, batez ere erreferentziazko profesionalarekin, arreta eta babes ibilbidearen koherentzia, osotasuna eta jarraitutasuna eta esku hartzeko prozesuaren koordinazioa bermatzeaz arduratzen denarekin (164 h art.).
- Babes espedienterako sarbidea izateko eskubidea, eskubideak eta interesak erabili eta defendatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera, salbu eta sarbidea interes gorena babesteko ukatzen bada.
- Adingabea adin nagusitasunera iristen denean, babes espedientera sartzeko eskubidea baliatu ahal izango du; datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako mugak baino ez ditu izango. Nolanahi ere, sarbiderako eskubide hori benetan baliatu aurretik, haurrak eta nerabeak babesteko arloan kualifikatutako profesionalen aholkularitza espezializatua jaso beharko du espedientearen titularra den administrazio publikoaren aldetik. Espedientean egon daitekeen informazioaren irismena eta esanahia orokorrean ulertzen eta asimilatzen lagunduko diote, informazioaren ondorioak eta efektuak barne. Era berean, interesdunak langile horien laguntza, babesa eta orientazioa izatea eskatu ahal izango du espedientearen edukian sartzen den bitartean.
- Haur eta nerabeek familia eta egoitza harreran dituzten beste eskubide espezifiko batzuk (HNLren 209 art.).