Udaleko gizarte zerbitzuen esku-hartzea arrisku ertaineko egoera baieztatuetan

1.5. Gurasoen gaikuntzarako pronostikoa

1.5.1. Irizpide orokorrak

Ebaluazioan jasotako informazioan oinarrituta, gurasoen gaitasunaren pronostikoa zehaztuko da (hau da, guraso, tutore edo zaintzaileak haur edo nerabearen premiei behar bezala erantzuteko eta haien segurtasuna eta ongizatea ziurtatzeko gai izatea lortzeko aukerak), eta horretarako beharrezkoak izan daitezkeen epeak ezarriko dira. Hori zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: 

                   Gurasoen gaikuntzaren pronostikoa bideratzeko irizpideak 

· Guraso, tutore eta zaintzaileak arazoaz jabetzea eta aldatzeko motibazioa lortzea

Arazoaz behar bezala jabetzea eta aldatzeko motibazioa lortzea izan ohi da gizarte zerbitzuen esku-hartzearen hasierako helburua, gurasoen gaikuntzarako ezinbesteko baldintzak direlako.    

· Aurreko esku-hartzeetan emandako erantzuna 

Aurreko esku-hartzeetan erantzun eskasa edo negatiboa eman izana edo lankidetza aktiborik ez izana kontrako pronostikoarekin lotzen dira. 

· Babesgabetasunaren larritasuna eta kronikotasuna  

Gaikuntzarako pronostikoa zailagoa da babesgabetasunaren larritasuna eta kronikotasuna handiagoak diren heinean.

· Familiaren problematikaren kronikotasuna  

Familiaren problematika kronikoagoa den heinean, gaikuntzarako pronostikoa zailagoa da. Kasu ez-kronikoek, non babesgabetasuna familia krisi baten ondorio edo isla den, pronostiko hobea dute.

· Haur edo nerabearen arazoen larritasuna  

Haur edo nerabeak jokabide antisoziala edo kriminala dela-eta arazo larriak dituenean (kopuruari eta intentsitateari dagokienez), zailagoa da gurasoak gaitzeko pronostikoa egitea.  

· Gurasoen ezgaitasun maila

Guraso, tutore edo zaintzaileek zenbat eta ezgaitasun pertsonal handiagoa izan, orduan eta zailtasun handiagoak izango dituzte gaikuntzan. Zenbait ezgaikuntza mota (esaterako, pronostiko negatiboa duten trastorno psikiatrikoak edo toxikomaniek edo alkoholismoak eragindako arazo luze eta bilakaera negatibodunak), kontrako pronostikoarekin daude lotuta.  

· Familiak babesgabetasunari dagokionez dituen arazoak zein mailatan alda daitezkeen.

· Familia barruko indarkeriaren maila

Indarkeria intentsitate handikoa denean eta kontrolik gabe gertatzen denean, familiek zailtasun gehiago dituzte gaikuntzan. 

· Guraso eta seme-alaben arteko lotura

Guraso, tutore edo zaintzaileen lotura afektiborik eza kontrako pronostikoaren faktorea da gaikuntza prozesuetarako. 

 

Gurasoen gaikuntzarako epea desberdina izango da familiaren gaitasunen eta arazoen arabera. Epea sei hilabete eta lau urte bitartekoa izan daiteke (muga zorrotzik gabe), baina familia batzuek kanpoko gizarte eragileen laguntza eta gainbegiratzea beharko dute etengabe, haur eta nerabeak emantzipatu arte: 

 

Familia motak, haien laguntza premien arabera Ezaugarriak 
Krisi egoeran Familia horiek aldi baterako laguntza behar dute (6-12 hilabete) krisi puntual bat konpontzeko; gainerakoan, modu independente eta egokian funtzionatzen dute. Krisia bultza dezaketen gertaeren artean sartzen dira, adibidez, dibertsitate funtzionala duen haur baten jaiotza, dibortzioa/banantzea, zailtasun ekonomikoak, laneko arazoak, nerabezaroa, etab.

Epe ertainean  laguntza behar dutenak

Familia arazoaniztunak dira, eta hainbat arlotako esku-hartzea behar dute (gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, guraso trebetasunak, gizarte harremanak, etab.). Esku-hartzeak urtebete eta lau urte artean iraun dezake. Amaitutakoan, familiak behar bezala eta modu independentean funtzionatzea espero da.

Epe luzean laguntza behar dutenak

Arazo kronikoak dituzten familiak dira, eta ezin da espero eskainitako laguntzek modu independente eta egokian funtzionatzen lagunduko dietenik. Hala ere, laguntza jarraituen bidez, haur eta nerabeen segurtasuna, ongizatea eta oinarrizko premien estaldura berma daitezke. Baliteke laguntzak haur eta nerabeak hazi arte izatea beharrezkoak.
Lagundu ezin zaienak Esku-hartzeko zerbitzuak ez dira nahikoak haur eta nerabeen segurtasuna, ongizatea eta oinarrizko premien estaldura bermatzeko, ez orain, ez etorkizunean. Haur eta nerabeak modu iraunkorrean banandu behar dira.

 

Irizpide orokor gisa, salbuespenak egon daitezkeen arren, hau ezar daiteke: esku-hartze intentsiboa jasotzen duen familia batek aldaketarik ez badu lehenengo hamar hilabeteetan, gainkuntzako esku-hartzea amaitutzat eman beharko da, ez delako aurreikusten aldaketak epe labur edo ertainera gertatuko direnik.  Horrek ez du esan nahi, aldaketarik ezean, hamar hilabeteko epea agortu behar denik. Aldaketek denbora behar dutela kontuan izanda ere, emaitzarik ez badago, esku-hartzearen ikuspegia eta diseinua berrikusi eta aldatzeko prozesuari ekingo zaio, izan nahi den eraginkortasuna lortzearren.  

 

Nolanahi ere, gurasoen gaikuntzarako aurreikusitako epeak haur edo nerabearen premiekin bateragarriak diren baloratu beharko da. Ildo horretan, adin oso txikiko haurren familientzako epeak adin handiagoko haur edo nerabeen familientzako zehaztutakoak baino laburragoak izan beharko dira nahitaez.

Azalpen oharra: AFAn artatutako kasuetan, irizpide orokor moduan, jaioberriak eta beste salbuespen batzuk izan ezik, esku-hartze intentsiboko 18 hilabeteko aldia ezar daiteke. Nahikoa izan behar du familiaren funtzionamendua behar bezain funtzionala izatea lortzeko, eta erabakitzeko ea haur edo nerabea familiara itzul daitekeen edo itzuli ahal izango den edo behin betiko aukera edo aukera iraunkor bat behar duen. Kasu batzuetan, familiek tratamendu zerbitzuak behar izaten jarraituko dute 18 hilabetetik aurrera, baina ez dira hain intentsiboak izango.

 

1.5.2. Pronostiko mailak

Aurreko informazioaren arabera, pronostiko maila hauek bereiziko dira: 

  1. Aldeko pronostikoa – Hainbat elementu direla-eta, ezarritako epean bideragarria eta errealista da gurasoak osorik edo behar bezain beste gaitzea lortzea. 

  2. Kontrako pronostrikoa – Hainbat elementu direla-eta, ezarritako epean ez da oso bideragarria edo erraza gurasoak osorik edo behar bezain beste gaitzea lortzea. 

  3. Pronostiko negatiboa – Ondorioztatzen da ezarritako epean ez dagoela aukerarik gurasoak behar bezain beste gaitzea lortzeko.