1.6. Arreta pertsonalizatuko plana diseinatzeko informazioa biltzeko prozesua luzatu behar denean, haur edo nerabearen edo familiaren egoeraren alderdi zehatzen inguruan sakontze aldera: “esku-hartzeko balorazioaren” hasiera - haurtzaroeskuliburua
Udaleko gizarte zerbitzuen esku-hartzea arrisku ertaineko egoera baieztatuetan
1.6. Arreta pertsonalizatuko plana diseinatzeko informazioa biltzeko prozesua luzatu behar denean, haur edo nerabearen edo familiaren egoeraren alderdi zehatzen inguruan sakontze aldera: “esku-hartzeko balorazioaren” hasiera
Esku-hartzeko balorazioa esku-hartze mota bat da; kasuan esku hartzen den aldi berean, haur edo nerabearen eta familiaren egoeraren alderdi jakin batzuei buruzko informazioa lortzea du lehentasunezko helburu. Esku-hartzeko balorazioa planteatu ahal izango da justifikatuta geratzen denean haur edo nerabeari eta familiari buruzko informazioa biltzeko prozesua ikerketa eta hasierako ebaluazioa egiteko ezarri diren epe orokorretatik harago luzatu behar dela, haur edo nerabearen egoeraren alderdi zehatzetan edo familia-dinamikan sakontzeko helburuarekin. Alderdi horiek erabakigarriak dira arreta pertsonalizatuko plana diseinatzeko eta haur edo nerabeari dagokionez UGZek epe laburrean erabakiak hartzeko. Horrez gain:
- a) Baloratu eta egiaztatu da informazio hori ezin dela ikerketaren eta hasierako ebaluazioaren prozedura estandarraren bidez lortu (esaterako, haur edo nerabearekin eta familiarekin elkarrizketak egitea, kanpo iturrietara jotzea, espedienteak kontsultatzea, probak egitea); aitzitik, familia hobeto ezagutzea ahalbidetuko duen beste prozedura bat erabili behar da.
- b) Egiaztatu da haur edo nerabeak eta familiak UGZen prebentzio, birgaikuntza eta/edo gaikuntzarako esku-hartzea behar duten premiak eta zailtasunak dituztela.
Laburbilduta, UGZn esku-hartzeko baloraziora bideratu ahal izango dira honako ezaugarri eta helburu hauek dituzten kasuak —gehienez ere sei hilabeteko iraupena izango dute, eta ezin izango dira luzatu—:
-
Ikerketa osatzea, babesgabetasuna baieztatu edo ezeztatu ezin izan denean eta oraindik ere susmoak daudenean, eta, aldi berean, esku hartzeko helburu espezifikoak landu daitezkeenean.
-
Hasierako ebaluazioa osatzea, familian zailtasun handiak daudela egiaztatu denean, baina beharrezkoa denean haur eta nerabeek kalte psikologikoa jasa dutela eta kalte hori zenbateraino den larria agerian uztea, babesgabetasunaren larritasuna zehazteko.
-
Guraso rola hartu berri duten edo modu intentsiboagoan edo etenaldi baten ondoren hartu duten guraso edo tutoreen guraso gaitasunak ebaluatzea, egun dituzten gaitasunei eta trebetasunei buruzko informaziorik ez dagoenean.
-
Esku-hartze labur bat egitea, guraso, tutore edo zaintzaileak inplikatzeko eta gurasoen gaikuntzarako prozesu bat gauzatzeko gai izango diren argitzeko.
-
Informazioa lortzea, guraso banandu edo dibortziatu oso gatazkatsuak (genero indarkeriarik ez) dituzten familietan zuzenean esku hartuta, oso informazio nahasia dagoenean guraso rola betetzeari buruz, bai eta gatazka horietan haur edo nerabeak kalte nabarmena jasaten duela dioten adierazleak ere.
Esku-hartzeko balorazioa ezin izango da inoiz aplikatu haur edo nerabearen oinarrizko osasunerako eta osotasunerako arriskua dagoenean, ezta pertsona bat edo batzuk harrerarako egokiak diren ebaluatzeko ere.