Udaleko gizarte zerbitzuen esku-hartzea arrisku ertaineko egoera baieztatuetan

2.4. Arreta pertsonalizatuko plana diseinatzeko printzipioak eta irizpide orokorrak

Arreta pertsonalizatuko plana diseinatzeko, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 8c) eta 19. artikuluetan eta HNLren 178.1 artikuluan horri buruz ezarritakoa izango da kontuan, bai eta haurrak eta nerabeak babestearen arloan estatuko eta autonomia erkidegoko legerian ezarritako jarduketa printzipioak ere.  Familiaren partaidetzarekin diseinatu, eta aldian-aldian berrikusi eta ebaluatu beharko da.  

 

Hauek izango dira UGZen lehentasunezko helburuak: haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta osotasuna bermatzea; gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei euren rola modu egokian betetzen laguntzea eta horretarako babesa ematea, haur edo nerabeak modu egokian zaintzeko eta familia unitatea babesteko; haur edo nerabeari izan ditzakeen zailtasunei aurre egiten laguntzea, eta babes elementuak indartzea haur edo nerabearengan, haren familian eta ingurunean. Egiteko horiek zerbitzu komunitarioen sarearekin batera indartu behar dira. Haur edo nerabearen eta haren familiaren arteko banantzea proposatu ahal izango da soilik egiaztatzen denean ezinezkoa dela haur edo nerabearen ongizatea ziurtatzea familia nukleoan, eta ez dagoenean beste aukerarik banantzea saihesteko eta haur edo nerabearen osotasun fisiko eta psikologikoa eta segurtasuna bermatzeko. Kasu horietan, AFAk lehentasunezko aukeratzat hartu beharko du haur edo nerabea familia berriro elkartzeko helburuan sartzea.