Udaleko gizarte zerbitzuen esku-hartzea arrisku ertaineko egoera baieztatuetan

3.4. Prozedura

Arreta pertsonalizatuko planaren egikaritzearen eta ondorengo berrikuspenen koordinazio orokorra UGZko erreferentziazko profesionalaren ardura da. Haur edo nerabearen eta familiaren egoeraren eta arreta pertsonalizatuko planaren garapenaren gertuko jarraipena egingo du (aurreikusitako moduan gauzatzen ari bada). Eginkizun espezifiko hauek burutu behar dira: 

  1. Haur edo nerabearen eta familiaren beharrak eta arazoak behar bezala jorratzen ari diren eta nahi diren emaitzak lortzen ari diren baloratzea. 
  2. Haur edo nerabeari eta familiari emandako zerbitzuen eta baliabideen jarraipena egitea, adostutako moduan ematen ari direla ziurtatzeko. 
  3. Haur edo nerabearen egoera, arazo berrien agerpena eta babesgabetasun egoeraren larritasunaren aldaketak etengabe baloratzea. 
  4. Esku-hartze prozesuan ager daitezkeen zailtasunak goiz identifikatzea. 
  5. Zailtasun horiei aurre egite aldera, arreta pertsonalizatuko planean txertatu behar diren aldaketak identifikatzea. 
  6. Arreta pertsonalizatuko planaren diseinua aldian-aldian berrikustea eta esku-hartzearen bilakaeraren arabera aldatzea. 
  7. Esku-hartzearen bilakaerari buruzko informazioa familiari eta kasuan inplikatutako zerbitzuei helarazten zaiela eta haiekin partekatzen dela ziurtatzea. 
  8. Arreta pertsonalizatuko planaren berrikuspenari buruzko txostenak osatzea eta kasuaren espedientean sartzea. 
  9. Esku-hartzea amaitzea edo kasua beste zerbitzu batera bideratzea proposatzea. 

 

Arreta pertsonalizatuko planaren berrikuspena hauen partaidetza aktiboarekin egingo da beti:  

  • Programa gauzatzen parte hartzen duten profesionalen eta zerbitzuen multzoa. Oro har, haur edo nerabeari eta haren familiari laguntza emateko erantzukizuna dutenak izango dira, zerbitzu bakoitzari aplikatu behar zaion araudiaren arabera. 
  • Ahal den neurrian, gurasoak edo tutoreak edo zaintzaileak. 
  • Haurra edo nerabea, ahal bada eta egokia bada.