Adingabeen eta Familiaren Arloaren antolaketa, barne funtzionamendua eta organo erabakitzaileak

3.1. Kasuaren koordinazioa

Kasua koordinatzeko, AFAn espedientea irekita duten haur eta nerabe guztiek AFAko erreferentziazko profesional bat izango dute esleituta. Profesional hori arduratuko da haur edo nerabearekin eta haren familiarekin egindako esku-hartzea gidatu, zuzendu eta koordinatzeaz.  Lan eredu hori aplikatuz gero, HNLren 211.1 artikuluak tutoretza edo zaintzarako legezko babes neurria duten haur eta nerabeei buruz xedatzen duena bete beharko da AFAn artatzen diren haur eta nerabeen kasuan:

211. artikulua. Erreferentziazko profesionala. 
1. Pertsona adingabe bat desanparo-egoeran edo zaintzan dagoela deklaratzen denean, erreferentziazko profesional bat esleituko zaio, arreta-ibilbideen koherentzia eta esku hartzeko prozesuaren osotasuna eta jarraitutasuna eta banakako babes-espedientearen balorazioa bermatzeko.

Modu berean, erreferentziazko profesionala zehaztea xedatzen du Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 19.4 artikuluak

19. artikulua. Esku hartzeko oinarrizko prozedura.

4. Prozedura koordinatzeko ardura Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako profesional batena izango da, ondoren ezarritako moduan: 

b) Eman beharreko laguntza handia dela-eta hala egitea komeni bada, erreferentziako profesionalak dena delako kasuaren ardura bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuetako profesionalen baten esku utz dezake. Momentu horretatik aurrera, beste profesional horrek hartuko du dena delako kasua koordinatzeko ardura, (…)

Oro har, haur edo nerabeak eta haren familiak pertsonalki ezagutu beharko dute beren kasua koordinatzen duen teknikaria, eta haren identifikazio datuak izan beharko dituzte, behar dutenean kontaktatzeko harekin (izena eta abizena, helbidea eta telefono zenbaki profesionala).  

 

3.1.1. Kasuaren koordinazioko eginkizunak

AFAko teknikariek, beren ataleko beste eginkizun espezifiko batzuez gain, kasuaren koordinazioa izango dute eginkizun nagusi. Hau egin behar dutela esan nahi du horrek: 

  • Erreferentziazko profesional nagusi izatea familiarentzat, haurra edo nerabearentzat eta kasuan inplikatutako pertsona, profesional eta zerbitzu guztientzat. 
  • Haur edo nerabearen eta familiaren egoerari buruzko informazioa eguneratuta izatea. 
  • Kasuari buruzko informazioa zentralizatzea eta espedientea osorik, eguneratuta eta ordenatuta izatea. 
  • AFAren esku-hartze prozedura osoan haur edo nerabearen eskubideak, interesak eta beharrak errespetatzen eta lehenesten direla zaintzea. 
  • Arreta koordinatzen dien haur eta nerabeei eragiten dieten babes neurri proposatuak gauzatzea, taldearen laguntzarekin. 
  • Harrerako, ikerketako, hasierako ebaluazioko eta hasierako kasu planaren diseinuko faseak, bai eta babes espedientea irekita duten eta arrisku larriko edo babesgabeziako egoera posible berri bat detektatzen zaien haur eta nerabeekin esku hartzeko prozesuaren edozein une ere: 
    • Eskura dagoen informazioa jaso eta aztertzea. 

    • Haur edo nerabearen eta haren familiaren egoerari buruzko informazioa bildu eta hura baloratzea, taldearen laguntzarekin. 

    • Ataleko taldearekin eta taldeko arduradun teknikoarekin batera, haur edo nerabearen egoera aztertzea, hasierako kasu planaren proposamena egitea, eta, hala badagokio, egokitzat jotzen diren legezko babes neurriak proposatzea. 

    • Dagozkion txostenak prestatzea.  

    • Fase horien ondorioen eta hasierako kasu planaren diseinuaren berri ematea UGZei.

  • Haur edo nerabeari (haren heldutasun mailaren arabera) eta guraso, tutore edo zaintzaileei argi eta modu arrazoituan jakinaraztea AFAk nola baloratu duen haien egoera eta zer jarduketa proposamen egiten dituen. Horrez gain, haien iritzia kontuan izatea
  • Haur edo nerabearen eta guraso, tutore edo zaintzaileen partaidetza eta lankidetza sustatzea kasu planaren diseinuan eta betearazpenean. 
  • Kasu plana abian jartzea eta jarraipena egitea: 
    • Planean adostutako baliabide eta zerbitzuen hornidura kudeatzea eta koordinatzea.  

    • Esku-hartzean parte hartzen duten zerbitzu eta profesional guztien artean jarduketa koordinatua eta koherentea bultzatzea, UGZk barne. 

    • Haur edo nerabearen egoerari buruzko etengabeko informazioa biltzea, eta esku-hartzearen bilakaera eta emaitzak aldian-aldian baloratzea ataleko taldearekin eta taldeko arduradun teknikoarekin. 

    • Kasu plana eta indarrean dagoen legerian ezarritako epeak formalki berrikustea foroan, bertan egin behar diren aldaketak proposatzea, eta aldaketok tartean diren eragileekin adostea (haurra edo nerabea, gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak, beste profesional batzuk eta zerbitzuak).  

    • Esku-hartzearen bilakaeraren eta kasu planaren berrikuspenen berri ematea UGZei.  

  • Kasurako behin betiko neurri proposamena:  

    • Ataleko taldearekin eta taldeko arduradun teknikoarekin haur edo nerabe bakoitzarentzako behin betiko neurri proposamen bat aurkeztu eta aztertzea, HNZBTn aurkezteko horretarako zehaztutako epeetan. 

    • UGZei informazioa ematea.

  • Ezarritako babes neurriak formalizatzeko eta, kasua bada, bertan behera uzteko beharrezko jarduketak egitea.  

  • Espedientea ixtea:  

    • Espedientea ixtea proposatzea, eta proposamena ataleko taldearekin eta taldeko arduradun teknikoarekin batera aztertzea. 

    • Espedientearen itxiera UGZekin koordinatzea.  

    • Kasua beste zerbitzu batzuetara bideratzea, egokia denean. 

    • Itxierari buruzko komunikazioak egitea. 

  • Hala eskatzen denean, eskatutako datuak berehala ematea administrariei.  

  • Haur edo nerabearen egoerari eta esku-hartzearen bilakaerari buruzko jarraipen txostenak prestatzea (ezarritako aldizkakotasunarekin), eta txosten horiek fiskaltzara bidaltzea, hark hala eskatzen duenean eta, nolanahi ere, legezko babes neurria duen haur edo nerabearekin batera. 

  • Kasuari buruzko txosten espezifikoak egitea, AFAko, HNZBTko, instantzia judizialetako edo fiskaltzako arduradunek hala eskatzen dutenean. 

Garrantzitsua da azpimarratzea kasuaren koordinatzaile gisa jardungo duen profesionalaz gain, profesional eta zerbitzu gehiagok hartuko dutela parte balorazio, erabaki eta esku-hartze prozesuetan (UGZ, hezkuntza zerbitzuak, osasun zerbitzuak, etab.). Kasua koordinatzeak ez du esan nahi AFAk edo teknikari koordinatzaileak esku-hartzearen edo erabakiak hartzearen erantzukizun esklusiboa hartzen duenik bere gain, ezta kasuaren zuzeneko esku-hartzean protagonismo nagusia duenik ere une oro; baliteke une batzuetan hala izatea, baina beste une edo zeregin jakin batzuetan beste zerbitzu edo profesional batek izango du protagonismo edo inplikazio handiagoa. Dena kasuaren ezaugarrien eta esku-hartzeak martxa egokia izan dezan apropostzat jotzen denaren araberakoa izango da.

 

3.1.2. Kasuaren koordinazioa esleitzeko irizpideak

Irizpide orokorrak.

  1. Kasua AFAko profesionalek koordinatuko dute beti.
  2. Familia bereko haur edo nerabeen esku-hartzearen koordinazioa profesional berari esleituko zaio (salbu eta egokitzat jotzen ez den salbuespenezko kasuetan). 

  3. Kasu koordinatzaile bera esleituko zaie beste familia nukleo batzuen barruan dauden familia nukleoei (salbu eta hori egitea gomendatzen ez den inguruabarretan edo ezinezkoa denean).

  4. Profesional hori ahalik eta egonkorrena izaten saiatuko da. HNLren 211.2 eta 211.3 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, figura hori aldatzen denean, bereziki zainduko da esku-hartzearen jarraitutasuna: 

211. artikulua. Erreferentziazko profesionala.

2. Nolanahi ere, (…) pertsona adingabearen erreferentea izango da babes-neurria amaitu arte. 

3. Babes-neurria aldatzeak, pertsona adingabearen interes gorenerako egokitzat jotzen denean, erreferentziazko profesionala aldatzea ekarriko du. Kasu horretan, mekanismo batzuk ezarri beharko dira uzten den neurriari dagokion eta hartzen den neurri berriari dagokion erreferentziazko profesionalen artean informazioa modu egokian eta erraz transmitituko dela ziurtatzeko, neurrien arteko trantsizioa eta arreta-ibilbideen koherentzia bermatze aldera, eta esku hartzeko prozesuaren jarraipenari kalterik ez egiteko.

Dagokion ataleko taldeko arduradun teknikoak erabakiko du kasu bakoitza zein teknikarik koordinatuko duen. Horretarako, irizpide hauei jarraituko zaie, eta osorik eta malgutasunez baloratuko dira: 

  1. Profesional bakoitza koordinatzen ari den kasuen kopurua. Banaketak bidezkoa izan beharko du, eta ezin izango du gainditu atal bakoitzerako gomendatzen den “familiak/teknikaria” ratioa, salbu eta arrazoi ebaztezinak eta aldi baterakoak daudenean. Hau da teknikari bakoitzak aldi berean koordinatu behar dituen kasuen kopuru egokiena:  
    • 35 haur edo nerabe JBOAn 

    • 45 haur edo nerabe FBEA, FHAA eta EHAn  

      Zifra horiek ez dituzte barne hartzen inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileak, eta ez zaizkie aplikatuko. Horien koordinazioa dagokion ataleko teknikarien artean esleituko da, beharren arabera.
  2. Kasuaren edo haur edo nerabea dagoen harrera zentroaren jatorrizko zona geografikoa.

    Espedienteak zona geografikoaren arabera esleitzen direnean, ziurtatuko da koordinatzaile eta talde bakoitzari antzeko kasu kopurua esleitzen zaiola eta problematika motak orekatuta daudela.  Oreka hori lortzeko beharrezkoa bada, koordinatzaileek eta taldeek beste zona batzuetako kasuak hartuko dituzte.  Bizileku egonkorrik ez duten, iragaitzazkoak diren edo bizilekuz ohikoan aldatzen duten familien kasuan, atal bakoitzeko taldeko arduradun teknikoek ezarriko dituzte koordinazioa esleitzeko irizpideak. 

    Kasu jakin batzuetan, familiaren bizilekua eta kasua koordinatzeaz arduratzen den teknikariaren bizilekua leku berean egotea nahikoa arrazoi izan daiteke aldaketarik ez esleitzeko edo gomendatzeko. 

    EHAn, ahal den neurrian, bizikidetza unitate osoak (etxea edo hezkuntza taldea) esleituko dira. 

  3. Teknikariaren titulazioa eta prestakuntza espezifikoa. 
    Alderdi psikologiko eta erlazionalek garrantzi eta konplexutasun berezia badute kasuan, psikologoei esleituko zaie lehentasunez. Adibidez, familia barruko sexu indarkeria dagoenean, portaerari edo osasun mentalari dagokionez arazo larriak dituzten haur edo nerabeak daudenean, edo familia dinamika erlazional oso disfuntzionalak daudenean.
  4. Kasua ezagutzea edo aurretik esku hartu izana. Batzuetan, teknikari batek familia bat ezagutzea edo familia horretan aurretik esku hartu izana positiboa izan daiteke, kasua koordinatzeko. Beste batzuetan, ordea, esku-hartze zail edo gatazkatsuren bat egon denean bereziki, alderantziz izan daiteke.  

  5. Ezaugarri bereziak edo bereiziak dituzten kasuetan, ezaugarri pertsonal eta formatibo egokiak dituen teknikari bat bilatuko da.