3.2. Taldean eta diziplinartean lan egitea - haurtzaroeskuliburua
Adingabeen eta Familiaren Arloaren antolaketa, barne funtzionamendua eta organo erabakitzaileak
3.2. Taldean eta diziplinartean lan egitea
Kasua koordinatzeko lan ereduaren arabera, AFAko teknikariek ez dute banaka eta modu isolatuan egin behar lan. Aitzitik, profesional espezializatuek osatutako diziplina anitzeko taldeetan lan egitea ezinbestekoa da eredu horrek behar bezala funtziona dezan. Halaxe dio HNLren 211.2 artikuluak: “haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuko banakako babes-espedientearen ardura duen diziplina anitzeko lantalde tekniko eta espezializatuko kide izan beharko du erreferentziazko profesionalak”.
Talde lanari esker:
- Ataleko teknikariek laguntza teknikoa ematen diote elkarri, diziplina profesionalen berezko ezagutzak eta trebetasunak partekatu eta erabilita.
- Ataleko teknikariek elkarri laguntzen diote kasuetan zuzenean esku hartuta, beharrezkoa edo egokia den moduan eta intentsitatearekin.
- Kasu koordinatzaile batek berea ez den diziplina profesional bateko ezagutzak edo trebetasunak aplikatu behar dituenean, ataleko beste hainbat teknikariren aholkularitza du, eta, beharrezkoa bada, zuzenean esku hartu dezakete horiek.
- Kasu koordinatzaileek balorazioak eta erabakiak hartzeko proposamenak kontrastatu ditzakete.
- Lan ordutegian gertatzen diren premiazko egoerei eta atalari esleitutako edozein kasutako gorabeherei etengabe eta berehala erantzuteko moduan antolatu daiteke atala.
- Teknikariek oporrak hartzen dituztenean, koordinatzen dituzten kasuak atalak artatzeko moduan antolatu daiteke atala.
Zailtasun bereziko kasuetan, edo kasu koordinatzaileek eskatuta, AFAko beste teknikari batzuen laguntza edo esku-hartze zuzena izan dezakete —atal berekoak edo beste atal batzuetakoak izan daitezke teknikariok—.
Taldeko arduradun teknikoek ataleko teknikarien arteko talde lana sustatu beharko dute. Talde lana egon dadin, honako hauek egon behar dute:
a) Trukerako, laguntza teknikorako eta koordinaziorako foro formal egonkorrak.
b) Etengabe irekita dauden komunikazio kanal informalak. Behar den unean trukatu, lagundu eta koordinatuko da horiei esker.