4.2. Kasuaren koordinazioa helaraztea atalen artean - haurtzaroeskuliburua
Adingabeen eta Familiaren Arloaren antolaketa, barne funtzionamendua eta organo erabakitzaileak
4.2. Kasuaren koordinazioa helaraztea atalen artean
4.2.1. Prozedura orokorra
Espedientea atalen artean helaraztea HNZBTk erabakiko du, eta honela egingo da:
- Jatorrizko ataleko kasu koordinatzaileak ziurtatuko du espedientea osatuta eta eguneratuta dagoela, bai eta HNZBTren erabakiak jasotzen dituela ere.
- HNZBTren ostean, helmugako ataleko taldeko arduradun teknikoak kasu koordinatzailea izendatuko du, horretarako ezarritako irizpide orokorrei jarraituta, eta jatorrizko ataleko taldeko arduradun teknikoari jakinaraziko dio, sartzen eta irteten diren kasuen koordinatzaileei kopia bidalita.
- Sartzen eta irteten diren kasuen koordinatzaileek behar diren bilerak egingo dituzte kasuari buruzko edozein gai garrantzitsu argitzeko eta haur edo nerabearen, familiaren eta kasuan esku hartzen duten gainerako profesionalen eta zerbitzuen aurrean aldaketa nola egingo den planifikatzeko. Oro har, irteten den kasuaren koordinatzaileak emango die aldaketaren berri esku hartzen duten profesionalei eta zerbitzuei.
- Sartzen den kasuaren koordinatzaileak bere izenean jarriko ditu haur edo nerabearen espedienteak.
HNZBTn atalez aldatzea erabaki eta berehala hasi beharko da urrats horiek egiten, eta gehienez hilabeteko epean osatu beharko dira.
Kasu planaren diseinua atalaren aldaketa bati lotuta dagoenean, baliteke eduki batzuk orokorrean edo behin-behinean bakarrik definitu izana, plana abian jartzea koordinatuko duen atalak zehaztu arte. Zehaztapen horiek bat etorri beharko dute planean ezarritako helburu eta oinarrizko jarduketa ildoekin. Koordinatzaile berriak egokitzat jotzen badu edukian aldaketa esanguratsuren bat proposatzea (adibidez, harrera zentroa edo baliabide espezializatua aldatzea, esku-hartzearen helburua aldatzea, neurria aldatzea), txosten teknikoa prestatuko du, ataleko taldeko arduradun teknikoarekin aztertzeko eta, onetsiz gero, ondoren HNZBTn aztertzeko.
Helarazte prozesuan, tartean diren kasu koordinatzaileek bilerak egingo dituzte, harremanetan egongo dira, eta beharrezko jarduketak burutuko dituzte prozesuaren arintasuna eta esku-hartzearen jarraitutasuna bermatzearren.