5.3. Funtzionamendua - haurtzaroeskuliburua
Adingabeen eta Familiaren Arloaren antolaketa, barne funtzionamendua eta organo erabakitzaileak
5.3. Funtzionamendua
Otsailaren 25eko 7/2025 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, HNZBTk ohiko eta ezohiko bilerak egin ahal izango ditu, aurrez aurre edo telematikoki. Astero bilduko da, ohikoan. Oporraldian, inguruabarren arabera, maiztasuna egokitu ahal izango da. Ezohiko bilera egin ahal izango da, aztertu behar diren gaiak presazkoak direnean, aldez aurretik batzordeburuak deialdia eginda bere ekimenez edo batzordeko kide batek eskatuta.
HNZBTren bileretako erabakiak akta batean jasoko dira. Akta idazkaritzak egingo du, batzordeburuaren oniritziarekin, eta bertan jasoko dira bertaratutakoen zerrenda, finkatutako gai zerrenda, bilera non eta noiz egin den, eta hartu diren erabakien edukia. Era berean, hartutako proposamenen ziurtagiria eman ahal izango da, espedientean sartzeko, eta, hala badagokio, proposamena izapidetzeko, foru organo eskudunak aztertu eta ebazpena eman dezan.
Batzordeari gai bat aurkeztu ondoren, batzordeak ez onestea erabakitzen badu, zergatik azaldu beharko du, aktan jasota gera dadin. Ukitutako ataleko taldeko arduradun teknikoari jakinaraziko zaio, birformulazio teknikoari edo errore edo akatsen zuzenketari dagokionez bidezkoa zer den erabaki dezan. Erabakia hartzen den bileran badago, une horretan jakinarazitzat hartuko da. Aktan jasotako erabakiak gaia batzordeari proposatu dioten atalek izapidetuko dituzte administratiboki.
Aztertu beharreko gaien konplexutasuna edo eskakizun teknikoak edo batzordeak bete beharreko eginkizunak direla-eta, batzordeburuak batzorde teknikoak edo lantaldeak eratu ahal izango ditu gai jakin eta zehatzetarako, egoki iritzitako egitura, osaera eta iraunkortasunarekin (9. art.)