Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

2.4. Lehentasun mailak ikerketan

Ikerketaren lehentasun mailak hura hasteko eta amaitzeko zer-nolako premia dagoen adierazten du, bai eta zer fokurekin egin behar den ere. Hiru lehentasun maila bereizten dira. 

 

LEHENTASUN MAILAK IKERKETAN*

Lehentasuna Zein kasutan aplikatzen den Epeak
1 Berehala ikertu behar da. Eskuragarri dagoen informazioaren arabera:
  • Haur edo nerabearen oinarrizko osasun eta segurtasunerako arrisku larria dago edo egon daiteke.**
  • Informazioa osatugabea edo nahasgarria izan badaiteke ere, zaurgarritasun berezia duen haur edo nerabe baten (adibidez, sei urtetik beherako haurrak, dibertsitate funtzionala edo premia bereziak dituztenak) larritasun handiko edo oso handiko babesgabetasun egoera posibleari egiten dio erreferentzia. 
Ikerketa —kasu hauetan AFAren ardura da— harrera egin eta berehala hasiko da, eta ahalik eta lasterren amaituko da, ikerketa hasi eta gehienez 3 egun naturaleko epean. 
2 Eskuragarri dagoen informazioaren arabera:
  • Haur edo nerabea 1. lehentasunean deskribatutako egoera batean dago, baina elementu babesleak daude (pertsonalak, ingurukoak, gizarte zerbitzuen esku-hartzea bera), eta, horien eraginez, ikerketaren eta hasierako ebaluazioaren prozesuan zehar, haren oinarrizko osasuna eta segurtasuna babestuta egongo direla aurreikusten da. 
  • Nahiz eta haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta segurtasuna ez dauden arrisku larrian, arrazoizko zantzuak daude arriskua edozein unetan handitu daitekeela pentsatzeko (esaterako, krisi egoera eta familia ezegonkortasun handia eragin ditzaketen inguruabarrak daude).
  • Nahiz eta haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta segurtasuna ez dauden arrisku larrian, beste une batzuetan larritasun handiagoko egoeran egon da haur edo nerabe hori edo familiako beste haur edo nerabe batzuk. 
  • Eskura dagoen informazioarekin ezin da babesgabetasunaren larritasuna baloratu, baina zenbait adierazle edo datu direla-eta kasuari arreta berezia jartzea gomendatzen da, ezin delako baztertu haur edo nerabearen oinarrizko osasun eta segurtasunerako arrisku larria egon daitekeela.

Ikerketa harrera egiten denetik gehienez 5 egun naturaleko epean hasiko da, eta ahalik eta lasterren amaituko da, ikerketa hasi eta gehienez 15 egun naturaleko epean.
3 Eskura dagoen informazioarekin ez da susmatzen haur edo nerabearen oinarrizko osasun eta segurtasunerako mehatxurik dagoenik. Informazio horren arabera, arriskua ez da handituko familiaren baldintzek bere horretan jarraitzen badute.

Ikerketa harrera egiten denetik gehienez 15 egun naturaleko epean hasiko da, eta ahalik eta lasterren amaituko da, ikerketa hasi eta gehienez ere 45 egun naturaleko epean.

Hasierako ebaluazioarekin batera egiten denean, harrera egin eta gehienez 12 astetan osatuko dira bi prozesuak. 
 

 

1. eta 2. lehentasunetan, ikerketaren hasierako fokua haurraren edo nerabearen oinarrizko osasunerako eta osotasunerako arriskutsua izan daitekeen babesgabetasun handia edo oso handia dagoen eta, ondorioz, premiazko babes neurri bat beharrezkoa izan daitekeen identifikatzea izango da.  Lehentasun maila horietan, ikerketa amaitzeko epeetaz ari garenean premiazko babes jarduketa egitea beharrezkoa den ala ez zehazteaz, eta, beharrezkoa izanez gero, hura egiteaz ari gara, alde batera utzita AFAren ebazpenaren izapide administratiboa burutzeko —arin gauzatu beharko da— denbora gehiago behar izatea. Haur edo nerabearen segurtasuna bermatu ondoren, ikerketa osatuko da. Hasierako ebaluazioarekin batera egin ahal izango da, kasua bada, hasierako ebaluaziorako ezarritako epeekin.   

Kasu guztietan, ikerketa ahalik eta azkarren hasi eta amaituko da, eta sei urtetik beherako edo zaurgarritasun bereziko haurren kasuan, epeak ez agortzen saiatuko da.
 

UGZtik AFAra edo, alderantziz, bideratutako kasuetan, ikerketari eta/edo hasierako ebaluazioari buruzko informazioa dagoenean, zerbitzu hartzaileak informazio hori osatu ahal izango du, beharrezkoa izanez gero, baina inola ere ez da bikoiztuko informazioa biltzeko prozesurik edo zerbitzu bideratzaileak dagoeneko gauzatutako jarduketarik. 

 


 

* Ikerketa lehentasun-maila jakin batekin hasi ondoren, gorago edo beherago adierazitako egoeraren baten berri izanez gero, epeak birkalifikatu eta egokituko dira.

** Kasu horietan, AMFk koordinatuko du ikerketa.