2.6. Prozedura - haurtzaroeskuliburua
Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan
2.6. Prozedura
Ikerketa fasean jarraitu beharreko prozeduran, hau egin behar da:
- Eskura dagoen informazioa aztertu
- Ikerketa planifikatu
- Haur edo nerabearen egoera egiaztatu 1. lehentasuneko ikerketa kasuetan
- Kasuari buruzko informazioa bildu
- Informazioa aztertu eta erregistratu
1º. Eskura dagoen informazioa aztertu
Harrera fasean erregistratutako informazioa berrikusiko da. Baliteke hasierako komunikazioa egin zuen pertsona edo zerbitzuarekin berriro harremanetan jarri behar izatea, zalantzak argitzeko edo informazioa osatzeko. AFAn kasuaren espedientea badago, berrikusi egingo da. UGZri beti kontsultatuko zaio historia edo espedientea dagoen.
2º. Ikerketa planifikatu
Ikerketa planifikatzeko, funtsean, hau egin behar da:
- Kontsultatuko diren informazio iturriak eta horien sekuentziazioa zehaztea.
- Zer informazio emango den eta iturri bakoitzari zer informazio eskatuko zaion zehaztea.
- Informazioa biltzeko zer metodo erabiliko diren eta hori non egingo den zehaztea kasu bakoitzean.
Ikerketan, informazio osoa, eguneratua eta behar bezala egiaztatua biltzeko, haur eta nerabeen eta haien familien intimitatean beharrezkoak ez diren esku sartzeak saihestu beharko dira.
3º. Haur edo nerabearen egoera egiaztatu 1. lehentasuneko ikerketa kasuetan
1. lehentasuneko ikerketa kasuetan, berehala egiaztatuko da haur edo nerabearen egoera. Informazioa zuzenean edo hirugarren pertsona gaituen bidez bilduko da (adibidez, haur edo nerabearekin edo haren familiarekin kontaktu zuzena duten profesionalak).
4º. Kasuari buruzko informazioa bildu
Ikerketan zehar, beharrezko elkarrizketa eta harreman guztiak izango dira (familiako kideekin, profesionalekin edo beste pertsona batzuekin) fase honetako helburuak lortzeko. Gogoan izan behar da ikerketan alderdi hauek aztertzen direla: (1) babesgabetasuna dagoen eta, hala bada, zer-nolako larritasuna duen, eta (2) gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek laguntza eskatu duten, arazoaz jabetu diren eta gizarte zerbitzuekin elkarlanean ari diren.
Hauek izango dira informazio iturri nagusiak:
- Udaleko gizarte zerbitzuak
Familiak bizileku izan dituen udalerrietako UGZn jasotako informazioa bilduko da, alderdi hauen berri izate aldera: kasuaren espedienterik dagoen, aurretiazko babesgabetasun historia baieztaturik dagoen, zer tipologia eta larritasun duen, anai-arrebengan izan duen eragina, babesgabetasunaren arduraduna nor den, eta zer esku-hartze gauzatu diren kasuan. Garrantzitsua da, halaber, baieztatu ezin izan ziren babesgabetasun susmoei buruzko informazioa biltzea.
AFAtik UGZrako txosten eskaerak idatziz egingo dira beti. Eskaera kasu koordinatzaileak idatziko du, eta ataleko taldeko arduradun teknikoak edo, hura ez badago, zuzendariordetzak edo taldeko beste edozein arduradun teknikok sinatuko du. Eskaera bidali aurretik telefonoz deitu ahal izango zaio UGZri. Bestalde, UGZk bidalitako txostenen hasieran beti zehaztu beharko da zein eskaerari erantzuten dioten. Azkar bidaltzeko ahaleginak egingo dira. Premiazko kasuetan, informazioa berehala helarazi beharko da, txostena lehenbailehen bidalita.
- Gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak
Ahal den guztietan, hobe da ikerketan zuzenean kontaktatzen diren lehenengo pertsonak gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak izatea. Argi eta garbi jakinaraziko zaie zergatik eta zertarako jarri diren haiekin harremanetan, zer lege betebehar duten AFAk eta UGZk ikerketa egiteko, zer informazio duten eta zer prozesu egiten ari diren; informazioa zuzenean haiengandik bilduko da, eta zer urrats egitea aurreikusten den jakinaraziko zaie.
Lehenengo elkarrizketa egokitzat jotzen den lekuan egingo da, kasuaren ezaugarrien arabera, baina, oro har, AFAn edo UGZn egingo dela erabaki daiteke, bertan egitea ezinezkoa den premiazko kasuetan izan ezik. Familia nuklearren kasuan, bi gurasoak elkarrizketatzeko ahaleginak egingo dira.
Ahal den guztietan, etxebizitza bisitatuko da. Bereziki garrantzitsua da hori zabarkeriaren susmoa dagoen kasuetan.
Beste zerbitzu batzuekin kudeaketak egitea eta harremanak izatea aurreikusten bada, guraso, tutore edo zaintzaileei jakinarazi egingo zaie hori. Haiek elkarlanean aritzea lortzen saiatuko gara, baina kudeaketa eta kontaktu horiei uko egiten badiete ere, hori ez da kudeaketak eta kontaktuak egiteko eragozpen izango, uztailaren 28ko 26/2015 Legearen 22. quater artikuluari eta HNLren 18. artikuluari
Kasu guztietan izango da hasierako kontaktua guraso, tutore edo zaintzaileekin, kasu hauetan izan ezik:
- Ezin dira aurkitu.
- Nahita ez dira elkarrizketetara joaten.
- Zentzuzko zantzuak daude ikertzen hasiko dela jakinarazteak hau eragin dezakeela:
- Haur edo nerabearen segurtasuna eta osotasun fisikoa arriskuan jartzea.
- Haur edo nerabea hertsatzea, harekin hitz egitean informazioa ezkuta dezan.
- Familiak bizilekutik alde egitea.
Gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak ezin direnean aurkitu edo elkarrizketa nahita saihesten dutenean, haur edo nerabea babesik gabe egon daitekeenez, zeharkako iturrien bidez jarraituko da informazioa biltzen.
- Beste iturri garrantzitsu batzuk
Hauengandik ere bilduko da informazioa:
- Babesgabetasun egoeraren lekukoak, halakorik badago.
- Ustez, haur edo nerabearen familiari eta egoerari buruzko informazioa eman dezaketen zerbitzu edo profesional guztiak: UGZ, osasun zerbitzuak, ikastetxea, segurtasun indarrak eta kidegoak eta abar. Ikerketan beti jarriko da harremanetan haur edo nerabea artatzen duten osasun eta eskola arloko profesionalekin, bai eta familiarekin esku hartzen duten beste zerbitzu garrantzitsu batzuetako profesionalekin ere (adibidez, osasun mentaleko zerbitzuak). Medikuaren txostena edo balorazioa izatea ezinbestekoa da haur edo nerabearen kalte fisiko larriak frogatzeko.
- Iturri profesionaletatik elkarrizketa moduan bilduko da informazioa. Horrez gain, idatzizko txosten osagarria prestatu ahal izango da —txostenok gomendagarriak dira eta funtsezkoak ere izan daitezke—. Elkarrizketak aurrez aurrekoak, online edo telefono bidezkoak izan daitezke, kasuaren ezaugarrien eta premiaren arabera. Informazio garrantzitsua eman dezaketen familia nukleoko beste kide batzuk, ahaideak edo hurbileko pertsonak.
- Haurra edo nerabea
Egokia ez denean izan ezik, haur edo nerabeari ere egingo zaio elkarrizketa. Beharrezkoa izan daiteke kasu hauetan:
- Babesgabetasuna edo haren larritasuna ezin izan da zeharkako iturrien bidez baloratu (gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak, beste senide batzuk, profesionalak, lekukoak, etab.).
- Haur edo nerabeak emandako informazioa ezinbestekoa da helburu horretarako (salbu eta sexu indarkeriaren susmoak daudenean; kasu horiek arreta espezializatuko zerbitzura bideratu beharko dira, zerbitzu horretatik egin edo sustatuko baita dagokion jarduketa).
Salbu eta premiazko egoerak direnean, guraso, tutore edo zaintzaileek haurra edo nerabea haren egoera ezkutatzera mehatxatu edo hertsatu dezaketelako zentzuzko kezka dagoenean edo beldur sendoak daude beren ohiko bizilekua utz dezaketela, ohiko bizilekua utzi dezaketelako beldur oinarriduna dagoenean, gizarte zerbitzuetako profesionalek ez dute haur edo nerabearekin elkarrizketarik egingo eta ez dute zuzeneko kontakturik izango, guraso, tutore edo zaintzaileek berariazko baimena ematen ez badute. Horretarako, nahikoa izango da guraso, tutore edo zaintzaileetako batek ados dagoela esatea. Dena den, hobe da idatzizko baimena lortzea zailtasunen bat egon daitekeela aurreikusten denean.
Guraso, tutore edo zaintzaileek jakin gabe haur edo nerabearekin hitz egitea haren “interes gorenaren” printzipioaren arabera bakarrik justifikatuko da. Horrek esan nahi du zantzu hauek daudela: (1) haurra edo nerabea arrisku larrian egon daiteke eta berehala jardun behar da, edo (2) guraso, tutore edo zaintzaileek jakiten badute haur edo nerabearekin hitz egingo dela, horrek ondorio larriak ekar diezazkioke —zantzuek arrazionalak eta nahikoak izan beharko dute azken kasu horretan—. Egoera horrek guztiz salbuespenezkoa izan behar du, eta behar-beharrezkoa denean gertatuko da, informazioa beste bide batzuetatik lortu ezin delako eta babesgabetasun handiko edo oso handiko egoera jazotzen ari den susmoa dagoelako.
5º. Informazioa aztertu eta erregistratu
Bildutako informazioa aztertu egingo da, esku-hartzeko fase honetan garrantzitsuak diren galderei erantzuteko. Gauzatutako jarduketak eta bildutako informazioa kasuaren espedientean sartuko den ikerketa txostenean arrazoitu eta jasoko dira. Garrantzitsutzat jotzen diren txosten eta dokumentu guztiak erantsiko dira.