Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

2.7. Ikerketaren ondorioak eta jarraian nola jardun

2.7.1.    Premiazko egoera bat baieztatzea ikerketa prozesuan zehar edo ondoren 

UGZek eta AFAk “Premiazko egoerak” atalean ezarritakoaren arabera jardungo dute.

2.7.2.    Ikerketaren ondorioak premiazkoak ez diren egoeretan 

  • Udaleko gizarte zerbitzuek ikertutako kasuak 

UGZren ikerketa amaitzen denean, honela sailkatu beharko da kasua:

  a) Arrisku larria edo babesgabezia (ez da baloratuko premiazko babes neurria behar duen kasua izatea): kasua AFAra bideratuko da, horretarako ezarritako prozedura arruntaren arabera. Ez da beharrezkoa UGZek kasua arrisku larrikoa edo babesik gabekoa den bereiztea; zeregin hori AFArena da. Nahikoa izango da arrisku larria dakarren babesgabetasun ertaina dagoela edo babesgabetasun handia edo oso handia dagoela frogatzen duen informazioa ematea. 

 b) Arrisku ertaina: UGZk hasierako ebaluazioaren fasearekin jarraituko du.

Babesgabetasun ertaina bakarrik egiaztatu bada baina babesgabetasun larriagoaren susmoak badaude, kasua UGZen ardurapean egongo da susmoak egiaztatu arte.  

  c) Babesgabetasunaren susmoa (zenbait babesgabetasun adierazle daude, baina lortutako froga edo ebidentziekin ezin da ondorioztatu edo baieztatu babesgabetasuna dagoenik): kasuaren jarraipen hurbila egingo da, haur edo nerabearekin eta haren familiarekin harremanetan dauden beste zerbitzu batzuen laguntzarekin. Era berean, kasua “esku-hartzeko baloraziora” bideratu ahal izango da, gehienez ere sei hilabetez.

Sei hilabeteren ondoren babesgabetasun egoera berresten ez bada, hurrengo bi kategorietako batean sailkatuko da kasua.

 d)  Babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna, arrisku arina edo haur edo nerabeari eragiten dioten beste indarkeria egoera batzuk identifikatu dira, eta UGZen esku-hartzea beharrezkotzat hartzen da. Kasu horietan, arreta pertsonalizatuko plana diseinatu eta abian jarriko da; haur edo nerabearen eta familiaren beharrei erantzungo die planak. 

 e)  Ez da AFAren edo UGZren esku-hartzerik behar, baina familiak zailtasunak ditu eta beste zerbitzu batzuen esku-hartzea behar da.  Beste zerbitzu batzuetarako bideratzeak txosten idatzi baten bidez egingo dira beti, bideratzeko arrazoiak argi eta garbi deskribatuta. Txosten horren kopia bat gordeko da kasuaren espedientean. Bideratze idatziarekin batera, zerbitzuko arduradunarekin edo profesionalarekin kontaktatuko da (telefono bidez edo aurrez aurre). Harekin kontaktatu dela espedientean erregistratuta geratuko da.

 f) Kasua ez da baieztatu, eta ez da beharrezkoa ez UGZk ez beste zerbitzu batzuek esku hartzea: kasuaren historia/espedientea itxi egingo da.

  • Adingabeen eta Familiaren Arloak ikertutako kasuak 

AFAren ikerketa amaitzen denean, honela sailkatu beharko da kasua: 

 a)   Babesgabezia

  b) Arrisku larria 

a) eta b) kasuetan, AFAk ondorengo esku-hartze faseekin jarraituko du.  

c)  Arrisku ertaina 

d) Babesgabetasun susmoa 

e)  Haur edo nerabeak eta/edo familiak zailtasunak dituzte, eta, ondorioz, beharrezkoa da UGZk edo beste zerbitzu batzuek esku hartzea. Besteak beste, arrisku arina, babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna edo beste indarkeria egoera batzuk sartzen dira. c), d) eta e) kasuetan, AFAk dagokion UGZra bideratuko du kasua, hark esku hartzeko prozesuarekin jarrai dezan, horretarako ezarritako prozeduraren arabera. 

f) Kasua ez da baieztatu, eta ez da beharrezkoa ez UGZk ez beste zerbitzu batzuek esku hartzea: AFAk idatziz jakinaraziko dizkio ikerketaren ondorioak dagokion UGZri, familiak udalerrian bizitzen jarraitzen duenean, kasua UGZk bideratu duenean edo horiek ikerketa prozesuan lagundu dutenean. Ondoren, espedientea itxiko du AFAk.