Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

3.2. AFAren eskumenak

AFAri dagokio hauen hasierako ebaluazioa egitea:

  • Aldez aurreko hasierako ebaluaziorik gabeko banantze neurria duten premiazko egoerak. 
  • Arrisku larriko edo babesgabeziako kasuak.

UGZei dagokie arrisku ertaineko kasuen hasierako ebaluazioa egitea.  Modu berean, UGZek AFAren ebaluazio prozesuetan lagunduko dute, UGZk ezagutzen dituen kasuak direnean.  Elkarlana izango da:

  1. Tartean diren pertsonei edo familiei buruz dagoen informazioa ematea.
  2. AFAko teknikarien eta kasuari lotuta dauden pertsona, familia edo beste profesional nahiz zerbitzu batzuen arteko harremana erraztea.
  3. Beharrezkotzat jotzen den kasu berezietan, eta inguruabarrek horretarako aukera ematen badute, AFAko profesionalekin lankidetzan aritzea zuzenean informazioa biltzen.  

Ebaluazioa gizarte zerbitzuen berezko taldeek edo horretarako kontratatutako taldeek egin ahal izango dute, egokitzat jotzen denaren arabera eta zerbitzu bakoitzean dagoen baliabide zuzkiduraren arabera. Dena den, azken balorazioa eta jarraian egin behar den jarduketari buruzko erabakia gizarte zerbitzuen berezko taldeena izango da beti. 

UGZtik AFAra bideratutako kasuetan, aldez aurretik UGZren esku-hartzea egon bada, bereziki haur edo nerabeari eta familiari laguntzeko edo babesa emateko esku-hartzeekin, UGZren bideratze txostenak kasuaren ebaluazio osoa jasoko du. AFAk bere gain hartuko du ebaluazio hori, eta ez du jarduketarik errepikatuko —beharrezkoa balitz, ebaluazioaren alderdi zehatzen bat osatu edo argitu dezake—.