Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

3.4. Prozedura

Ebaluazioaren fasean, informazioa biltzeko prozedura orokorrak ikerketaren faserako deskribatutako urrats berak ditu: 

  1. Bildutako informazioa aztertzea.
  2. Zer informazio bildu behar den zehaztea.
  3. Kontsultatuko diren informazio iturriak, horietako bakoitzetik zer informazio jaso behar den, zer ordenatan eskuratuko den eta informazioa biltzeko zer metodo erabiliko diren hautatzea.
  4. Informazioa biltzen hastea. 
  5. Planifikatutako prozedurari eustearen edo prozedura aldatzearen egokitasuna etengabe berriz ebaluatzea. 
  6. Bildutako informazio guztia aztertzea, eta prozesuarekin bigarren puntutik jarraitzea. 

 

 

Bildu behar den informazioa 

Hasierako ebaluazioaren helburuei erantzun ahal izateko, informazio osoa, eguneratua eta egiaztatua bildu behar da. 

Edukia kasu bakoitzaren berezitasunetara egokitu beharko bada ere, eta alderdi jakin batzuei buruz informazio gehiago edo gutxiago jaso badaiteke ere, oro har garrantzitsua izango da eremu hauei buruzko informazioa biltzea:

Hasierako ebaluazio txostenaren gidoi orokorra
  1. Txostenaren arrazoia. Txostena egin duen zerbitzua eta taldea identifikatzeko datuak. Hasiera eta amaiera data.  
  2. Haur edo nerabea eta familia identifikatzeko datuak 
  3. Metodologia
  4. Familiaren osaera eta egitura  
  5. Kasuaren historia gizarte zerbitzuetan
  6.  Familiaren egoera sozioekonomikoa
    • Etxebizitza
    • Ekonomia eta lan egoera
  7. 7.    Gurasoak edo haur edo nerabearen legezko tutoretza edo zaintza duten pertsonak
    • Historia pertsonala 
    • Haurren edo nerabeen jaiotzari eta egungo familia nukleoaren eraikuntzari buruzko alderdi garrantzitsuak
    • Osasun fisikoa
    • Funtzionamendu pertsonala eta psikologikoa 
    • Bikote harremana
    • Gizarte harremanak eta laguntza iturriak
  8. 8.    Haurrak eta nerabeak (banan-banan deskribatu haur edo nerabe bakoitzaren egoera; iraganeko eta egungo egoera; premiak eta horiek betetzen diren)
    • Osasun fisikoa 
    • Portaera eta funtzionamendu pertsonala eta psikologikoa 
    • Garapen kognitiboa eta eskolako errendimendua
    • Berdinekiko eta beste pertsona batzuekiko harremana 
  9. Familiako kideen arteko harremana
    • Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana eta seme-alabok hazteko trebetasunak
    • Anai-arreben arteko harremana
    • Familia zabalarekiko harremana 
  10. Estres iturriak 
  11. Arazoaren inguruko kontzientzia, aldatzeko motibazioa eta familiako kideak gizarte zerbitzuekin elkarlanean ari diren 
  12. Bestelako informazio garrantzitsua 
  13. Balorazioa eta proposamena 

+Haur edo nerabe bakoitzaren Balora tresnaren laburpen-orria erantsiko da, aldez aurretik ikerketa txostenean sartu ez bada 

 

Hasierako ebaluazio txostenak ahalik eta informazio osatuena jasoko du haur edo nerabearen oinarrizko premien estaldurari buruz, zehazki, familiaren testuinguruan. Ikerketa fasean horri buruz bildutako informazioa osatu eta, beharrezkoa izanez gero, zabaldu egingo du. 

Hasierako ebaluazioak arreta jarriko die, batetik, gerta litezkeen babesgabetasun egoerei eta haur edo nerabearen eta familiaren defizit edo zailtasunei, eta, bestetik, haur edo nerabearen, familiaren eta haren ingurunearen funtzionamenduaren eta gurasoen rolaren alderdi positiboei. 

Hasierako ebaluazioak babesgabetasun egoeren jatorrian, mantenuan eta/edo larriagotzean inplikatuta egon daitezkeen faktoreei buruzko informazio bilketa eta analisi osatu eta historikoa egingo du. Faktore horiek guraso, tutore edo zaintzaileen nahiz haur edo nerabearen banakako faktoreak, faktore erlazionalak (familiaren barruan eta beste pertsona edo sistema batzuekin) eta faktore sozial, ekonomiko eta kulturalak barne hartzen dituzte. Horrela, alderdi hauek identifikatu nahi dira haur edo nerabe bakoitzaren eta familia bakoitzaren kasuan: arazoan nahastuta dauden elementuak, bakoitzak zer pisu edo eragin den, horien arteko lotura eta aldatzeko aukerak —hau da, hipotesi diagnostikoak eta aldaketen pronostikoa—. Hala, esku-hartzearen helburuak eta sekuentziazioa definituko dira. Proposamen horretan garrantzitsua izango da, halaber, familiaren eta ingurunearen elementu babesleak edo positiboak identifikatzea, esku-hartzearen diseinuan txertatzeko.

Hasierako ebaluaziotik legezko babes neurri bat hartzea eta haur edo nerabea familiatik banantzea proposatzen denean, hauei buruzko informazioa txertatuko da   1.    Haur edo nerabeak zer pertzepzio duen bere historia pertsonalari eta familiarrari buruz.
2.    Nahiak, sentimenduak, iritziak eta jarrera, banantzearen aurrean. 
3.    Guraso, tutore edo zaintzaileen jarrera eta pertzepzioa, banantzearen aurrean.
4.    Banantzeak irauten duen bitartean zaindu dezaketen senideak edo hurbileko pertsonak egotea haur edo nerabearen inguruan.
Gizarte zerbitzuen esku-hartze prozesu osoan bezala, eta indarrean dagoen legediak jasotzen duen bezala, hasierako ebaluazioan ere aintzat hartuko dira haur edo nerabeari eta haren legezko tutoretza edo zaintza gauzatzen duten pertsonei eragiten dieten prozedura administratibo eta judizialetan informatzeko, entzuteko eta parte hartzeko eskubideak. Ebaluazioaren hasieratik, guraso, tutore edo zaintzaileei eta haur eta nerabeei laguntza emango zaie erabakiak hartzen eta azkenean zehazten diren babes jarduketak planifikatzen, garatzen eta gauzatzen parte har dezaten. Hori bereziki garrantzitsua da ebaluazioa amaitzean banantze neurria proposa daitekeenean.  

Hasierako ebaluazioan ezin izan bada osatu haur edo nerabeari edo familiari buruzko informazio guztia, baina kasu plana diseinatzeko eta onesteko nahikotzat jo bada, ondoren esku hartzen duten baliabide eta programa espezializatuek hura osatzen lagunduko dute. Egoitza harrerako zentroen kasuan, Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautuko dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuaren 62.1. artikuluaren arabera, haur edo nerabearen ebaluazioa osatu eta kasu koordinatzaileari bidaltzeko epea sarrera egin eta hilabetekoa izango da.   


 

 

Informazioa biltzeko iturriak eta metodoak 

Hasierako ebaluazioan, ez da berriro bilduko aurreko faseetan aztertutako gaiei buruzko informazioa. Ikerketan bezala, informazio iturri ugari daude, besteak beste, haurra edo nerabea edo familia, ikastetxea eta haur hezkuntzako zentroa ezagutzen duten edo haiekin esku hartu ahal izan duten UGZk. Iturri horiei kontsulta egin ahal zaie familiarekin kontaktua izan dutelako aldez aurretik eta ebaluaziorako informazio garrantzitsua eman dezaketelako, edo, bestela, profesional espezialista batek baloratu behar duen zailtasun, arazo, nahaste edo patologiaren baten susmoa dagoelako. Beti da desiragarria informazioa iturri desberdinekin kontrastatzea, informazioa fidagarria eta baliozkoa dela bermatzen delako horrela. Hala ere, iturri kualifikatu bakar batek informazio osoa eman dezake.

Ikerketan jakinarazi ez bazaie, garrantzitsua da haur edo nerabearen tutoretza edo zaintza duten pertsonei aldez aurretik jakinaraztea gizarte zerbitzuetako profesionalak beste profesional eta zerbitzu batzuekin hitz egiteko asmoa duela. Horrez gain, haien baimena lortu beharko da, ahal den guztietan. Hala ere, ikerketa fasean bezala, eta uztailaren 28ko 26/2015 Legearen 22 quater artikuluaren arabera, haiek ezezkoa ematea ez da horretarako eragozpena izango.  

Hasierako ebaluazioan, informazio iturri nagusi eta oinarrizkoa familia da (gurasoak, haur edo nerabea eta beste bizikide batzuk barne). Erabat ezinezkoa den salbuespenezko kasuetan izan ezik, informazioa zuzenean familiarengandik bildu behar da beti, batik bat haur eta nerabeengandik eta guraso, tutore edo zaintzaileengandik. Kasu guztietan, ebaluazioan zuzeneko kontaktua izango da haur edo nerabearekin, gutxienez behin. 

Familiari buruzko informazioa banaka jaso ahal izango da, familia azpisistemen bidez, edo familia osoarengandik. Guraso, tutore edo zaintzaileek emandako informazioaren kasuan, batez ere, komenigarria izango da informazio hori beste iturri batzuekin alderatzea.  Aurrekoa gorabehera, kontuan izan behar da, alderdi jakin baten inguruan familiak berak baino informazio zehatzagoa eta egokiagoa eman dezaketen profesionalak edo zerbitzuak egon arren, horrek ez duela esan nahi ebaluazioaz arduratzen diren profesionalek familiari zuzenean galdetzeko beharrik ez dutenik. Familiak informazio desberdina eta bakarra emango du: nola hautematen duten arazo jakin hori, haren larritasuna, haren inplikazioak, jasotako tratamenduaren eraginkortasuna eta abar. Ebaluazioan, garrantzitsua da arreta jartzea bai familia bizitzaren arlo jakin bateko egoera objektiboari, bai familiako kideek horri buruz duten pertzepzioari, bai profesional, familia, familiako kide eta abarren balorazioen artean egon daitezkeen kointzidentzia eta desakordioei. 

Elkarrizketa izango da ebaluazio fasean informazioa biltzeko metodo nagusia, zuzeneko behaketarekin, probekin (psikologikoak, garapenekoak, etab.) eta galdetegiekin batera. Fidagarriak eta baliozkoak direla frogatuta duten probak eta galdetegiak soilik erabiliko dira, eta ebaluatuko diren pertsonen adinera eta gaitasunetara egokituko dira horiek.  Ohikoa izango da espedienteak edo txostenak kontsultatzea ere.