3.6. Guraso gaikuntzaren pronostikoa kontrakoa denean eta epe laburrean neurri egonkor bat hartu behar denean haurrari edo nerabeari dagokionez, eta “esku-hartzeko baloraziora” bidera daitezkeen beste egoera batzuk - haurtzaroeskuliburua
Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan
3.6. Guraso gaikuntzaren pronostikoa kontrakoa denean eta epe laburrean neurri egonkor bat hartu behar denean haurrari edo nerabeari dagokionez, eta “esku-hartzeko baloraziora” bidera daitezkeen beste egoera batzuk
Kasu batzuetan (1) hasierako ebaluazioan guraso gaikuntzaren inguruko aurkako pronostikoa lortzen da, (2) guraso, tutore edo zaintzaileek gaikuntzarako laguntza jaso nahi dutela onartzen edo adierazten dute, eta, aldi berean, (3) haur edo nerabearen interes gorena dela-eta neurri egonkor bat hartu behar da —dela jatorrizko familian mantentzea edo familiarekin berriz elkartzea, dela bizikidetza ingurune alternatibo batean integratzea modu egonkorrean—, epe laburrean. Hori bereziki garrantzitsua izan daiteke, adibidez, haur jaioberriekin edo adin txikikoekin, edo berriz elkartzeari dagokionez esperientzia ez-arrakastatsuak izan dituzten haur edo nerabeekin. Kasu horiek familiako esku-hartze espezializatura bideratu ahal izango dira, gehienez ere sei hilabetez —ezin izango dira luzatu—, epe hori igarotakoan haur edo nerabearentzako neurri egonkor bat hartzeko helburuarekin. Kasu planean, egoera hori “Helburua zehazteke: esku-hartzeko balorazioa” gisa agertuko da.
Aurkako pronostikoa duten gainerako kasuetan, guraso, tutore edo zaintzaileek guraso gaikuntzarako laguntza espezializatua onar dezaten lan egingo da, eta kasu plana “familia babestera” edo “familia berriz elkartzera” bideratuko da, helburu horietako bakoitzerako ezarritako gehieneko epeekin.
Arrekoaz gain, esku-hartzeko balorazioa erabili ahal izango da kasu jakin batzuetan, justifikatuta geratzen denean haur edo nerabeari eta familiari buruzko informazioa biltzeko prozesua ikerketa eta hasierako ebaluazioa egiteko ezarri diren epe orokorretatik harago luzatu behar dela, haur edo nerabearen egoeraren alderdi zehatzetan edo familia-dinamikan sakontzeko helburuarekin. Alderdi horiek erabakigarriak dira arreta pertsonalizatuko plana (UGZ) edo kasu plana (AFA) diseinatzeko eta haur edo nerabeari dagokionez UGZek edo AFAk epe laburrean erabakiak hartzeko. Horrez gain:
- Baloratu eta egiaztatu da informazio hori ezin dela ikerketaren eta hasierako ebaluazioaren prozedura estandarraren bidez lortu (esaterako, haur edo nerabearekin eta familiarekin elkarrizketak egitea, kanpo iturrietara jotzea, espedienteak kontsultatzea, probak egitea); aitzitik, haur edo nerabearen eta familiaren egoeraren alderdi jakin batzuk zehatzago ezagutzea ahalbidetuko duen beste prozedura bat erabili behar da.
- Egiaztatu da haur edo nerabeak eta familiak UGZen edo AFAren prebentzio, birgaikuntza eta/edo gaikuntzarako esku-hartzea behar duten premiak eta zailtasunak dituztela.
Laburbilduta, esku-hartzeko baloraziora bideratu ahal izango dira honako ezaugarri eta helburu hauek dituzten kasuak —gehienez ere sei hilabeteko iraupena izango dute, eta ezin izango dira luzatu—:
Esku-hartzeko balorazioa ezin izango da inoiz aplikatu haur edo nerabearen oinarrizko osasunerako eta osotasunerako arriskua dagoenean, ezta pertsona bat edo batzuk harrerarako egokiak diren ebaluatzeko ere.