Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

5.5. Haurraren edo nerabearen bizikidetza ingurunea aldatzea eta neurri egonkorra erabakitzea

Ahal den guztietan, egoitza harrera edo familia harrera bat amaitzeko edo haur edo nerabe baten kokapena aldatzeko erabakiak behar besteko aurrerapenarekin planifikatuko dira, haur edo nerabearen eta orain arte haren bizikidetza ingurune izan denaren arteko bereizte prozesua egokia izan dadin, eta ingurune berrira positiboki igaro eta integra dadin Irizpide orokor gisa, haur edo nerabearen bizikidetza nukleoaren egonkortasuna bultzatuko da, ezinbestekoak ez diren zentro aldaketak eta/edo harrera familiaren aldaketak saihestuz, eta betiere haren interes gorena eta onuren eta desabantailen arteko oreka baloratuz. Bereziki aztertuko dira haur txikiei eragiten dieten aldaketak, erreferentziazko figura egonkorrak behar dituztelako.

HNLren 219. artikuluak zehazten duenez, neurriak edo zaintza gauzatzeko modua aldatu eta haur edo nerabearen bizikidetza ingurunea aldatzen bada, aldaketok trantsizio horren programazio indibidualizatuaren arabera egingo dira, haren garapen ebolutibora egokituta, salbu eta haur edo nerabearen interes gorena dela-eta behar bezala justifikatutako premiazko jarduketa behar bada. Trantsizioaren plangintzan, haur edo nerabea, familiak edo inplikatutako erakundeak entzun eta prestatuko dira. Esparru horretan, zaintza lagatzen dutenek eta jasotzen dutenek trantsizio plana gauzatzen eta ezartzen lagundu beharko dute. Trantsizioa pixkanaka egingo da, edo haur edo nerabeari segurtasun emozionala ematen dion pertsona baten laguntzarekin. 

Ildo beretik, eta jarraitutasun biografikoa babesteko eta nortasunaren garapena bultzatzeko, haur eta nerabeek argazkiak, oroitzapenak, ondasunak eta objektu pertsonalak eramateko eskubidea izango dute. Bizitza liburu bat eman beharko zaie. Bertan, beren historia pertsonalaren funtsezko informazioa, dokumentuak eta irudiak jasoko dira, mugarri biografiko garrantzitsua izan daitezkeen trantsizioetan.

Gehienez ere bi urteko epean, AFAk neurri egonkor bat hartu beharko du bere tutoretzapean edo zaintzapean dituen haur eta nerabeei dagokienez, hau da, bizikidetza ingurune egonkor batean integratzea, lehentasunez familia ingurunean. Epe horrek laburragoa izan beharko du adin txikiagoko haurrentzat. Lehentasunezko aukera haur edo nerabea jatorrizko familian mantentzea edo familia berriro elkartzea izango da. Ezinezkoa dela baloratu denean bakarrik planteatu beharko dira beste aukera batzuk.