1.2. Behin-behineko zaintza, babesgabezia eta borondatezko zaintza - haurtzaroeskuliburua
Legezko babes neurriak eta gauzatzeko modua
1.2. Behin-behineko zaintza, babesgabezia eta borondatezko zaintza
Familia etxean haur edo nerabearen osotasuna zaintzen dela eta haren oinarrizko premiak betetzen direla bermatzerik ez dagoenean bakarrik proposatuko da jatorrizko familiatik banantzea Kasu guztietan, babesgabezia deklaratu aurretik edo haur edo nerabe baten zaintza gain hartu aurretik, honako hauek egin beharko dira:
- Dagokion txostenean ziurtatzea eta justifikatzea ez dagoela beste aukerarik familiarengandik banandu gabe haren oinarrizko osasuna eta osotasuna bermatzeko.
- Guraso, tutore edo zaintzaileekin eta haur eta nerabeekin entzunaldia izatea eta hori dokumentu bidez justifikatzea, haiei eragiten dieten prozedura administratibo eta judizialetan informazioa jasotzeko, entzunak izateko eta parte hartzeko duten eskubidea kontuan edukita. Premiazko kasuetan, hori ezinezkoa denean, entzunaldia ahalik eta lasterren egingo da, neurria hartu ondoren.
Kasu koordinatzaileak egingo du entzunaldirako deialdia, eta ataleko edo AFAko beste profesional batzuen laguntza eta zuzeneko babesa jaso ahal izango da, baita ataleko taldeko arduradun teknikoarena ere, komenigarria bada.
1.2.1. Behin-behineko zaintza
Inguruabar hauek badaude, haur edo nerabe baten behin-behineko zaintza onartzeko proposamena egin ahal izango da (HNLren 207. eta 208. art.):
- Haur edo nerabeak berehalako arreta behar du, eta eskura dagoen informazioa ez da nahikoa (1) haur edo nerabea identifikatzeko, edo (2) zer inguruabar dituen jakiteko eta benetako babesgabezia egoera dela egiaztatzeko.
- Behin-behineko zaintza neurriarekin, haur edo nerabearen oinarrizko segurtasuna eta osotasuna arriskuan ez daudela bermatzen da.
- Haur edo nerabearen guraso, tutore edo zaintzaileak nahikoa ari diren elkarlanean.
Behin-behineko zaintzaren iraupena ahalik eta laburrena izango da; inoiz ez da izango hiru hilabetetik gorakoa (HNLren 207.4 art.).
Familia berriz elkartu ondoren familiarekin esku hartzea ez da nahitaezkoa izango behin-behineko zaintza geldiarazteagatik elkartzen denean, baldin eta, kasuaren inguruabar bereziak aztertuta, foru aldundi eskudunak ez badu beharrezkotzat jo tutoretza hartzea, eta, horrekin bat, babesgabezia egoera dagoela adierazi ez bada eta legezko babes neurri bat hartzea justifikatzen duen beste edozein arrazoi egiaztatu ez bada (HNLren 221.4 art.).
Behin-behineko zaintza izango da inoren kargura ez dauden haur eta nerabe migratzaileekin hartuko den legezko babes neurria.
Premiazko babes jarduketa behar duten beste kasu batzuetarako, babesgabezia dagoela adierazi ahal izango da prebentzio moduan; premiazko prozedurari jarraituko zaio.
1.2.2. Babesgabezia
Inguruabar hauek badaude, babesgabezia adierazpena proposatu eta haur edo nerabe baten tutoretza automatikoa hartu ahal izango da:
| Babesgabezia proposamenerako baloratu behar diren inguruabarrak |
|---|
|
Haur edo nerabeei dagokienez babesgabezia adierazpena proposatzea egokia izango da honako kasu hauetan:
- Haur edo nerabea babesgabetasun oso handiko egoeran dago, eta, salbuespen gisa, babesgabetasun handikoan ere bai, eta eskura dauden laguntza teknikoko baliabideak ez dira nahikoak familian haren bizitza, osasun, osotasun fisiko eta oinarrizko segurtasunerako arriskurik gabe mantenduko dela bermatzeko.
Haur edo nerabea babesgabetasun oso handiko edo handiko egoeran dago edo arrisku adierazpen administratiboa egon da, eta UGZek edo AFAk esku-hartze proaktibo, jarraitu eta behar bezain intentsiboa burutu ondoren, ez da babesgabetasunaren larritasun maila murriztu, alegia, ez da aldaketa nabarmenik egon gurasoen jokabidean eta haur edo nerabeak jasaten duen kalteak bere horretan dirau edo areagotu egin da, eta ez dago familia babestera bideratutako laguntza teknikorako beste baliabiderik, aurreikuspenen arabera, familia egoera aldatu dezakeenik. - Familia inguruneko baldintzetan mantentzen bada, haur edo nerabearen egoerak bilakaera negatiboa izango duela aurreikusten da.
- Legezko babes neurria aplikatzean, haur edo nerabearengan izan ditzakeen arriskuak edo kalteak murriztu edo kontrolatu daitezke, eta arrisku edo kalte baino onura nabarmen handiagoak izango ditu.
- Oso kasu larrietan izan ezik, neurriaren onarpena landu da nerabeekin.
- Legezko babes neurria da haur edo nerabearen ongizatea ziurtatzea ahalbidetzen duen esku-hartze posible bakarra.
- Kasu zehatzaren inguruabarrak kontuan hartuta, ez da posible edo ez da egokitzat jotzen borondatezko zaintza neurriarekin gurasoen gaikuntzako lana burutzea.
1.2.3. Borondatezko zaintza
Inguruabar hauek badaude, borondatezko zaintza proposamena egin ahal izango da:
- Guraso, tutore edo zaintzaileek babes eginbeharrak betetzea eragozten dieten inguruabar larri eta iragankorrak dituzte —behar bezala egiaztatuta egon beharko dute—.
- Guraso, tutore edo zaintzaileak elkarlanean ari dira AFAk proposatutako esku-hartze planarekin.
- Gurasoen gaikuntzako lan bat egin daiteke, argi eta garbi definitutako eta guraso, tutore edo zaintzaileekin adostutako helburuekin, eta legeak ezarritakoari eta haur edo nerabearen premietara (adina, adibidez) egokitutako epean.
- Gurasoen gaitasunaren aldeko pronostikoa dago edo aldatu egin dira babesgabetasuna agertzearekin edo mantentzearekin lotutako familia inguruabarrak.
- Babesgabezia adierazpena egitea eta haur edo nerabearen tutoretza hartzea ekar lezaketen inguruabarrak egon arren, zaintza neurriak haur edo nerabearentzat eta esku-hartzerako onura gehiago ekarriko dituela balioesten da.
Borondatezko zaintzak gehienez bi urteko iraupena izango du (urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 19.2 art.; HNLren 204.1 art.). Epe hori, salbuespen gisa, gehienez beste urtebetez luzatu ahal izango da, babestutako pertsonaren interesa dela-eta hala gomendatzen bada eta epe horretan familia berriz elkartuko dela aurreikusten bada (HNLren 204.1 art.).
Borondatezko zaintzaren neurriaren iraupenaren gehieneko epea edo, hala badagokio, xedatutako luzapenaren aldi gehigarria igarotakoan, haur edo nerabeak legezko ordezkariekin itzuli beharko du; eta, horretarako inguruabar egokirik ez badago, AFAk haur edo nerabea babesgabezia egoeran dagoela adierazi, eta haren tutoretza hartuko du, legearen aginduz, bai eta dagozkion babes neurriak ere (HNLren 204.2 art.).