2.    Sei urtetik beherako haurrak banantzea

Familia harrera izango da lehentasunezko neurria aldi baterako edo behin betiko banantze kasuetan, batez ere sei urtetik beherako haurrak direnean. Hasiera batean, familia harrera izan beharko litzateke familiarengandik banandu behar diren eta neurri horrekin bateraezintasun handirik ez duten haur eta nerabe guztientzako neurri arrunta. Familia harrerarako dauden mugen jatorria, funtsean, une jakin batean eta kasu zehatz baterako harrera familiarik ez egotea da. Egoera asko erronka handiak dira familia harrerarako: adin handiagoak, anai-arreben taldeak, arreta handia behar duten gaixotasunak edo desgaitasunak, etab. Harrera espezializatua egoera edo premia bereziak dituzten haur eta nerabe horiei erantzuteko tresna da.

Lau eta sei urte bitarteko haurrak egoitza harrerara bideratuta daudenean, haien premiei erantzuteko aukerarik onena delako, garrantzi berezia emango zaio harrera aldi baterako izateari, eta kasu plana familia ingurune egonkor bat bilatzera zuzenduko da. Inguruabar hauengatik aukeratu daiteke egoitza harrera kasu horietan:

  1. Anai-arrebekin bizitzea lehentasunezkotzat jotzea haien ongizaterako, eta ongizate hori beste programa batzuetan mantendu ezin izatea.
  2. Atxikimendu figura berriak agertzea zailtzen duten lotura arazoak egotea.
  3. Banantze edo harrera gatazkatsuak bizi izana aurretiaz.
  4. Haur edo nerabeak gabezia eta arbuio larriak jasan izana.
  5. Jatorrizko familiarekin gatazkak egotea, familia berri batean integratzeko prozesua arrakastatsua izatea zailtzen dutenak.
  6. Beste programa batetik garatu ezin den berehalako ebaluazio eta arreta testuingurua behar duen premiazko banantze neurri bat hartzea.

Indarrean dagoen legediaren arabera (urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 21.3 artikulua; HNLren 197.2 artikulua:

  • Familia-harrerako neurriari lehentasuna emango zaio egoitza-harrerakoaren aldean edozein pertsona adingaberentzat eta, bereziki, sei urtetik beherako haurrentzat.
  • Ez da erabakiko hiru urtetik beherako haurrentzako egoitza-harrerarik, salbu eta une horretan familia-harrerako neurria hartzea ezinezkoa bada eta hori behar bezala frogatuta badago, edo neurri hori ez bada komeni pertsona adingabearen interes gorena kontuan hartuta.
  • Egoitza-harrera erabakitzeko muga sei urtetik beherako haurrei ere aplikatuko zaie, ahalik eta eperik laburrenean.
  • Nolanahi ere, oro har, haur horien egoitza-harrerak ez du hiru hilabetetik gora iraungo.

Beste familia bateko harrera edo adopzioa helburu duen zaintza proposatzen bada, behar bezala egiaztatu beharko da haur edo nerabearen zaintzaz arduratu daitekeen familia zabalik ez dagoela, interesik ez duela edo ez dela egokia.