3. Egoitza harrerara bideratzea - haurtzaroeskuliburua
Legezko babes neurriak eta gauzatzeko modua
3. Egoitza harrerara bideratzea
Egoitza harrera aukera egokia izan daiteke kasu hauetan:
- Familia harrera ezinezkoa da, ez dago arrakastaz egiteko berme nahikorik, edo ez da haur edo nerabearen intereserako.
- Haur edo nerabeak trantsizio eta prestakuntza aldia behar du familia harrerari etekina ateratzeko.
- Zentroak harrera familia batek baino hobeto bermatuko du haur edo nerabearen eta haren jatorrizko familiaren arteko harremana, eta hori lehentasunezkoa da haur edo nerabearen intereserak.
- Familia harrerari uko egiten dioten edo aurreko gabezia esperientzietatik eratorritako harreman arazoak dituztenez familia batera berehala egokitzea zaila egiten zaien haur edo nerabeekin, bereziki nerabeekin.
- Hezkuntza aldetik taldean bizitzea bereziki garrantzitsua zaien nerabeen kasuan, bai eta bizimodu independenterako prestatzeko beharra duten nerabeen kasuan ere. Alderdi horiek egoitza zentroetako lanaren funtsa izan behar dute.
- Arazo hauek dituzten haur eta nerabeak:
- Arazo emozional eta jokabide arazo larriak, beren burua edo beste haur edo nerabe batzuk arrisku larrian jartzea eragiten dutenak. Arazo horiei aurre egiteko baliabide espezifikoetan sartzeko aukera kontuan hartuko litzateke.
- Osasun mentaleko nahasmendu larriak, zentro bateko bizikidetzari onura ateratzea eragozten dietenak. Baliabide espezifikoagoa behar dute osasun mentaleko arreta sarearen barruan (publikoa edo pribatua).
- Drogamenpekotasun arazoak. Aldez aurretik desintoxikazio lana eta/edo psikoterapeutikoa egin behar dute baliabide espezifikoetan.
- Desgaitasun handiak, babesgabetasun egoerekin lotuta. Premiei babes sarearen barruko zentro espezifikoetan erantzun behar zaie.
- Familia harreraren edo adopzioaren hausturak eragindako kalte emozional larriak, lotura arazoak sorrarazten dituztenak.
- Gurasoen aurkako indarkeria jokabide larriak, familia nukleoan elkarrekin bizitzea eragozten dutenak, aldi baterako gutxienez.
- Inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileekin, gutxienez lehen harrerako mailan.
- Haur edo nerabearentzat lehentasunezkotzat jo da anai-arrebekin bizitzea, eta horiek egoitza zentro batean daude. Aurrekoa gorabehera, adin edo profil oso desberdinak dituzten neba-arreben taldeetan, nahiz eta printzipio orokorra haien bizikidetza ingurune berean mantentzea den, kontu handiz ebaluatu beharko da bakoitzaren interes gorena eta neurriak zenbateraino ase ditzakeen guztien premiak. Nolanahi ere, saihestu egingo dira anai-arrebetako batek taldearekin bizitzen jarraitzeagatik behar duen arreta ez jasotzea.