5.1.     Familia harrera iraunkorra

Familia harrera iraunkorra familia zabalean (edo hurbilekoan)

Irizpideak:

  1. Ez dago haur edo nerabea jatorrizko familian berriz integratzeko aurreikuspenik, eta haur edo nerabearen beraren ezaugarriak eta nahiak edo egoeraren inguruabar espezifikoak direla-eta beste familia batean modu egonkor eta iraunkorrean integratzea gomendatzen da, haien artean filiazio loturarik sortu gabe.
  2. Bereziki egokia da iraupen luzeko harreretarako eta nerabeentzat. Oso beharrezkoa da harrera familiak hezkuntza trebetasunak izatea.
  3. Haur edo nerabearentzako aukera egokitzat jotzen da, lehendik duen lotura afektibo positiboagatik, edo, aurreikuspenen arabera, lotura hori gerta daitekeelako.
  4. Haur edo nerabeak emantzipatu arte edo adin nagusitasunera iritsi arte onartzen du harrera, eta horretarako prest dago.
  5. Haur edo nerabeak guraso, tutore edo zaintzaileekin lotura afektiboak eta legalak mantentzeko beharra du edo hala nahi du, edo familia egoeraren problematikak ez du justifikatzen behin betiko banantzea.

Arrakasta adierazleak:

  1. Harrera familia gai da haur edo nerabearen premiei behar bezala erantzuteko gaur egun eta etorkizunean. Ez da 25 urtetik beherako edo 65 urtetik gorako alderik egongo haur edo nerabearen eta harreragilearen artean.
  2. Harrera familiak jarrera harkorra du profesionalen esku-hartzerako, bai eta laguntza eskatzeko gaitasuna ere.
  3. Guraso, tutore edo zaintzaileek harrera onartzen dute, edo, kasua bada, harrera familiak haur edo nerabeari arreta emateko gaitasuna du, aurka egon arren.
  4. Harrera familia gai da guraso, tutore edo zaintzaileekin harreman egokia izateko, eta ez du haiekiko jarrera negatiborik.
  5. Harrera familia gai da haur edo nerabea guraso, tutore edo zaintzaileekin sor daitezkeen gatazka egoeretatik babesteko.
  6. Harrera familiak ulertzen du gizarte zerbitzuak zergatik ari diren esku hartzen, eta harreragile eginkizuna hartzen du guraso, tutore edo zaintzaileen aurrean.

Haur edo nerabeak gaixotasun, jokabide arazo, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial batek eragindako premia edo premia bereziak baditu, edo jasandako tratu txarren edo sexu indarkeriaren ondorioz laguntza berezia behar badu, harrera mota hori espezializatua izan daiteke.

Familia harrera iraunkorra beste familia batean

Irizpideak:

  1. Ez dago aukera egokirik familia zabalarekin.
  2. Adina, haur edo nerabearen ezaugarri bereziak, familia erreferente osasungarriak edo haur edo nerabearen eta haren familiaren beste inguruabar batzuk direla-eta komenigarria denean erabiliko da (ahal dela 7 urtetik gorako haur eta nerabeen kasuan).
  3. Legezko egoeragatik adopziora bideratu daiteke haur edo nerabea, baina adinagatik horren aurkako jarrera du eta harrera iraunkorra onartzen du.
  4. Haur edo nerabeak familia harrera nahi edo onartzen du, emantzipatu edo adin nagusitasunera iritsi arte.
  5. Haur edo nerabeak lotura afektibo positibo eta nortasun sentimendu sendoak ditu jatorrizko familiarekin.
  6. Haur edo nerabeak guraso, tutore edo zaintzaileekin lotura afektiboak eta legalak mantentzeko beharra du edo hala nahi du.

Arrakasta adierazleak:

  1. Harrera familiak harrera onartzen du, eta horretarako duen motibazioa egokia eta positiboa da haur edo nerabearentzat.
  2. Harrera familiak ez du jarrera negatiborik guraso, tutore edo zaintzaileekiko, eta gai da haur edo nerabearengan leialtasun gatazkarik ez sortzeko.
  3. Harrera familiak jarrera positiboa du profesionalen esku-hartzearekiko, bai eta laguntza eskatzeko gaitasuna ere.
  4. Harrera familiak onartzen du harrera mota horrek ez duela denbora mugarik, eta adin nagusitasunera arte luza daitekeela. Halaber, onartzen du, batzuetan eta baldintza jakinetan, haur edo nerabeak nahi badu eta egokitzat jotzen bada, haur edo nerabea jatorrizko familiara itzul daitekeela eta harrera familia horretarako prest dagoela.