5.    Modu iraunkorrean edo behin betiko banantzeko proposamenak

Banantze iraunkorra izango da bi urtetik gora irauten badu eta ez bada aurreikusten familia berriro elkartzea, alde batera utzi gabe hori uneren batean gertatzeko aukera. Aldiz, behin betiko banantzea izango da familia berriz elkartzea baztertzen bada; hala ere, haur edo nerabeak kontaktua izan dezake jatorrizko familiarekin. 

Banantze iraunkorra edo behin betikoa honako inguruabar hauek gertatzen direnean aplikatu beharko da:

  1. Ez da lortu familia berriz elkartzea horretarako ezarritako epean, eta kasu planean adierazitako baliabide guztiak proposatu edo erabili dira.
  2. Familia egoera leheneratu ezin dela dirudi, edo guraso, tutore edo zaintzaileak gaitzeko haur edo nerabearen interes gorenarekin bateraezina den eta haien ongizaterako eta garapenerako kaltegarria den denbora tartea behar da.
  3. Guraso, tutore edo zaintzaileek uko egin diete beren betebehar eta eskubideei.

Haur edo nerabe bat ez inoiz sartuko banantze iraunkor edo behin betikorako programa batean, aldez aurretik argi eta garbi egiaztatu ez bada edo egiaztatzen saiatu ez bada, jatorrizko familiari laguntzeko eta harekin tratamendua izateko zerbitzuen bidez, guraso, tutore edo zaintzaileak ez direla gai izango haur edo nerabearen premiei arreta egokia emateko, edo gaitzeko edo birgaitzeko behar duten denbora ez dela bateragarria haur edo nerabearen premiekin.   Familia berriz elkartzeko prozesuak osatzeko eta aldi baterako banantzeko neurriak hartzeko gehieneko iraupena bi urtekoa izango da. Bi urtetik aurrera, AFAk behin betiko neurriak edo iraunkorrak hartu beharko ditu haur edo nerabearen kasurako, salbu eta haren interes gorena dela-eta aldi baterako neurria luzatu ahal bada, familia berriro eta berehala elkartuko dela aurreikusten delako.  Dena den, berriz elkartzea ezinezkoa dela egiaztatzen bada, ez da beharrezkoa izango bi urte bete arte itxarotea. 

Haur txikien aldi baterako neurrien epeak adin handiagoko haur eta nerabeentzat zehaztutakoak baino laburragoak izango dira.

Haur edo nerabea ezin denean familia ingurune batean ere integratu modu iraunkorrean (adibidez, adinagatik, patologiengatik, portaera arazo espezifikoengatik), AFAk, gurasoen eginkizunak estaltzeaz gain, (a) adin nagusitasunera iristean helduen munduan integratzeko prestatuko du haur edo nerabea, eta (b) hori ezinezkoa bada haur edo nerabeak desgaitasun larriak eta ezgaitzaileak dituelako, ingurune edo zentro espezializatu batean integratzen lagunduko dio.