6. Haurrak edo nerabeak senideekin eta hurbileko pertsonekin dituen lotura afektiboak babestea eta indartzea. Bisita, harreman eta komunikazio araubidea - haurtzaroeskuliburua
Legezko babes neurriak eta gauzatzeko modua
6. Haurrak edo nerabeak senideekin eta hurbileko pertsonekin dituen lotura afektiboak babestea eta indartzea. Bisita, harreman eta komunikazio araubidea
Salbu eta haur eta nerabeen interes gorenaren aurkakoa ez denean edo beste bizikidetza ingurune batean behin betiko integratzen direnean, haur edo nerabeak senideekin eta hurbileko pertsonekin dituen lotura afektiboak babestea eta indartzea izango da AFAren lan helburu nagusia babes espedientea duten haur eta nerabe guztiekin, jatorrizko familiara itzultzea aurreikusten den edo ez alde batera utzita.
Senideekiko eta hurbilekoekiko bisita, harreman eta komunikazio araubidearen harira, egun indarrean dagoen lege eta arau esparruan ezarritakoa beteko da:
Oro har, artikulu hauetan:
HNLren 217. art. - Senitartekoekiko eta hurbilekoekiko harremanak
“1. Desanparo-egoera deklaratu zaion edo zaintza-moduren batean dagoen pertsonak bere gurasoekin edo, hala badagokio, bere tutoretza edo zaintza egikaritzen dutenekin, aitona-amonekin edo beste senitarte, ahaide edo hurbileko batzuekin harremana izateko eskubidea zaintzeko, eta pertsona adingabearen lotura afektiboak kontserbatzen direla bermatzeko, eskumena duen foru-aldundiak bisita-, komunikazio- edo egonaldi-araubidea ezarriko du, administrazio-ebazpen baten bidez.
2. Aurreko xedeetarako, pertsona babestuari entzun egingo zaio, eta kontuan hartuko dira, bere interes gorena interpretatzeko eta haztatzeko irizpide orokorrez gain, haren borondatea, nahiak eta lehentasunak, bisitek eta kontaktuek izan ditzaketen ondorio psikologiko zuzenak, afektiboak eta emozionalak, edo halakorik ez izateak izan ditzakeen ondorioak, bai eta banakako babes-planean aurreikusitako helburuak.
Hori guztia egingo da ezartzen den bisita-, komunikazio- edo egonaldi-araubidea ez dadin izan haren ongizatearen, garapen fisiko edo psikologiko normalaren, integrazio pertsonal, familiar, sozial edo hezkuntzakoaren kalterako edo egindako babes-jarduna oztopa ez dezan, eta harremana indartu dadin familia berriz elkartzerantz aurrera egin ahala eta mugatu edo eten dadin pertsona adingabeen premien eta ezaugarrien arabera beste familia batean integratzea oztopatzen duenean.
3. Edonola ere, bisita-, komunikazio- edo egonaldi-araubidea ezartzeko aukerak lege honen 29. artikuluko 4, 5 eta 6. apartatuetan ezarritako mugak bete beharko ditu nahitaez.
4. Foru-aldundiak lege honen 202. artikuluan aipatzen den borondatezko zaintza egikaritzen duenean, pertsona adingabeak bere legezko ordezkariekin egin beharreko bisita, komunikazio edo egonaldiak aurrez ezarritako araubide bati lotu gabe egin ahal izango dira, kalterik egin gabe horiek arautzeko aukerari. Kasu horretan, artikulu honen 1. apartatuan aurreikusitako eran egingo da arauketa.
5. Ezin izan bada neba-arreben talde bat elkarrekin mantendu, baina talde horren harremana kaltegarria ez bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira kontaktu egokia izan dezaten, maiztasunari eta intentsitateari dagokionez, lehendik dagoen lotura zaintzeko eta indartzeko. Ildo berean, eta bereziki, behar diren neurriak hartu beharko dira pertsona adingabearen eta aitona-amonen arteko harremanak ziurtatzeko eta errazteko”.
HNLren 29.5 art.:
“5. Pertsona adingabea aitarengandik, amarengandik edo biengandik bananduta badago, lotura afektiboa gorde eta garatzeko eta aitak eta amak hazkuntzaren berezko eginkizunetako batzuk bete ahal izateko harreman nahikoa izateko eskubidea du, salbu eta pertsona adingabearen interes gorenak kontrakoa gomendatzen badu. Harremanetarako eskubide horrek barne hartzen du bisitarako, komunikaziorako eta egonaldirako eskubidea”.
HNLren 212.4 - 212.6 art.:
“4. Babestuaren interes gorenak beste zerbait eskatzen ez badu, eta horretarako ematen den ebazpenean behar bezala arrazoituta hala aurreikusten denean, neba-arrebak batera egongo dira ezarritako babes-neurrietan, lotura bakarreko nahiz bikoitzekoak izan, bai eskumena duen foru-aldundiak zaintza bere gain hartzen duen denboran, bai familia berriz elkartzeagatik edo haren adopzio-helburuko zaintza eskuordetzeagatik, hura amaitzean.
5. Ezin badira neba-arrebak batera mantendu, haien arteko harreman edo kontaktu-moduren bat mantentzen saiatu beharko da, bisita edo komunikazioen bidez.
6. Neba-arreben taldeei buruzko erabakietan, pertsona adingabearen interes gorena interpretatzeko eta haztatzeko irizpide orokorrez gain, kontuan hartuko dira haren une ebolutibotik eratorritako premiak, harremanaren izaera, lehendik zegoen lotura eta hartzen den neurriak ez dituela mugatzen haietako inoren garapen-aukerak”.
Familia harrerara bideratutako kasu plana duten haur eta nerabeen kasuan, abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 63. artikulutik 65.era bitartekoetan.
Adopziora bideratutako kasu plana duten haur eta nerabeen kasuan, KZren 178.4 artikuluan eta HNLren 267. artikuluan.