1. Familia babestea eta berriz elkartzea: oinarri teorikoak eta legalak - haurtzaroeskuliburua
Familia babesteko eta berriz elkartzeko familiako esku-hartze espezializatua
1. Familia babestea eta berriz elkartzea: oinarri teorikoak eta legalak
Indarrean dagoen legeriak modu zabal eta argian jasotzen du haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko administrazio publikoek familia babesteko eta berriz elkartzeko laguntza programak eta zerbitzuak edukitzeko duten betebeharra. Hala, HNLren haur eta nerabeek hauetarako eskubidea dute:
- Hazkuntza, bizikidetza eta familia harremanak (29. art.).
- Familian jarraitzea, ahal den guztietan; horretarako, administrazioak eskubide hori bermatzeko eskura dituen baliabide guztiak aplikatzeko betebeharra du. Familiatik banandu badituzte, familiara itzultzea baloratu behar da, egoerak ahalbidetzen duenean (164. art.).
- Familiak behar besteko laguntza eta babesa jasotzea, gutxieneko baldintza egokietan artatu ahal izateko. (164. art.).
Hauek nabarmentzen dira:
- Familia neurriak neurri instituzionalen edo egoitza neurrien gainetik jartzea (161. art.).
- Haur edo nerabeak jatorrizko familian jarraitzea lehenestea eta familia harremanei eustea, ahal bada eta harentzat positiboa bada (…); eta, haur edo nerabea familia nukleotik banandu denean, hura itzultzeko aukerak eta egokitasuna balioetsiko dira, babes neurria hartu zenetik familiak izan duen bilakaera kontuan edukita, eta haur edo nerabearen interesa eta beharrak familiaren interesen gainetik jarrita (24.5 art.).
- Ahal den guztietan eta haur edo nerabearen interes gorenerako komenigarria denean, arreta familian bertan ematea lehenestea; horretarako, familian esku hartzeko programak eskainiko dira (162. art.).
- Haurrak eta nerabeak genero indarkeriaren biktima baten guraso ahal, tutoretza edo zaintzaren pean daudenean, harekin gelditzeko beharrezko laguntza ematea, haur edo nerabearen adina edozein dela ere, bai eta hura babestekoa, arreta espezializatua ematekoa eta indarberritzekoa ere (162. art.).
Lege kontsiderazio horien abiapuntua da, ebidentzia zientifikoan oinarrituta, familia dela haur eta nerabeen garapen testuinguru nagusia, ingurune egokia baita haur eta nerabeen oinarrizko premiak (fisikoak, kognitiboak, sozialak, emozionalak eta afektibo-sexualak) asetzeko, haien ongizatea bermatzeko eta haien garapen eta sozializazio egokia bultzatzeko beharrezkoak diren esperientziak eta harremanak izateko. Familian (guraso eginkizunak betetzen dituzten pertsonak ez ezik, anai-arrebak eta beste senitarteko batzuk ere barnean hartuta), zerbaiten parte dela sentitzen du, identitatea garatzen du eta egonkortasuna du haur edo nerabeak. Hori ezinbestekoa da haren ongizaterako eta garapen onenerako.
Familiek eginkizun horiek betetzeko zailtasunak dituztenean, kanpoko esku-hartzeak behar dituzte zailtasun horiek konpontzen laguntzeko, beren gaitasunak eta laguntza-sare formal eta informalak indartzeko, eta egoerak haur edo nerabearengan izan dituen ondorioak konpontzeko. Esku-hartze horiek eredu teorikoetan oinarritu behar dira, eta eraginkortasun ebidentzia enpirikoa duten esku hartzeko estrategiak eta tresnak erabili behar dituzte. Esku-hartzeok gidatu behar dituzten eredu teoriko garrantzitsuen artean honako hauek daude:
- Eredu ekologiko-sistemikoa. Esku-hartzean, familiako kideen alderdi indibidualak ez ezik, beren egoera pertsonalean eta familiarrean eragina duten inguruko elementuak ere kontuan hartzearen garrantzia nabarmentzen da, baita elementu horien arteko erlazio eta interdependentzia konplexua ere.
- Eredu sistemikoak. Familia dinamika eta historia propioak dituzten azpisistemez osatutako sistematzat hartzeko beharra nabarmentzen dute. Azpisistema horiek elkarren artean erlazionatzen dira eta elkarri eragiten diote, eta, aldi berean, kanpoko elementuetan eragiten dute eta horien eragina jasaten dute.
- Atxikimenduaren teoria. Lotura afektibo goiztiarren eta haien egonkortasunaren garrantzia erakusten du, bai eta atxikimendu eta lotura figurekiko harremanaren iraunkoratsuna eta sentiberatasunarena ere.
- Erresilientziaren sustapenean ardaztutako esku-hartze ereduak. Pertsonei egoera zail edo kaltegarrien balizko ondorio negatiboak arintzen lagun diezaieketen elementuak indartzearen garrantzia nabarmentzen dute.
- Estresaren eta gizarte babesaren ereduak. Estresa sor dezaketen esperientziak gainditzeko eta kalteak saihesteko, horiei aurre egiteko baliabideak eta estrategiak izateak eta laguntza sare formal eta informalek zer-nolako garrantzia duten azpimarratzen dute.
- Pertsona ardatz duten lan ereduak. Eredu horien ardatza, pertsonen zailtasunak eta mugak bakarrik izan beharrean, besteak beste, haien gaitasunak eta trebetasunak, lehentasunak eta premiak dira. Horrez gain, azterketa eta erabaki prozesuetan parte hartzea sustatzen dute.