Familia babesteko eta berriz elkartzeko familiako esku-hartze espezializatua

2.3. Gurasoak gaitzeko lana, familia babesteko eta berriz elkartzeko

  • Gurasoen gaikuntzara bideratutako familiako esku-hartze espezializatua (dela babesteko, dela familia berriz integratzeko) eskaini behar da haur edo nerabea familian mantentzea edo familiara itzultzea haren interes gorenari ondoen erantzuten dion aukera dela balioesten den kasu guztietan. Hori beti egin behar da, nahiz eta hasieran kontrako pronostikoa egon gaikuntzarako. 
  • Familia babesteari edo berriro elkartzeari dagokionez kontrako pronostikoa dagoenean, kasu planak beti jaso beharko du kontingentzia plan bat. 
  • Guraso rola betetzearen haritik, guraso, tutore eta zaintzaileek eta inguruko laguntza figurek gurasotasuna modu positiboan gauzatu dezaten lortzeko lana egin beharko da familiako esku-hartze espezializatuan. Horren barruan sartzen dira (1) haur edo nerabeari oinarrizko zaintzak ematea, (2) haren segurtasuna bermatzea, (3) haren behar emozionalak asetzea, heldu esanguratsuekin harreman seguruak, egonkorrak eta txeratsuak izatea barne, (4) estimulazio kognitiboa eta soziala ematea, (5) emozioak eta jokabidea erregulatzen gidatzea eta horretarako mugak ematea, eta (6) familia ingurune egonkorra ematea, bai eta haren eguneroko bizitzan laguntzea eta inplikatzea ere. 
  • Baina familiako esku-hartze espezializatuaren helburuen harira, alde batetik, babesgabetasun egoeran zentratu behar dira, eta egoera hori berriro ez agertzea ziurtatu behar dute, guraso, tutore edo zaintzaileei hazkuntzarako baldintzak, ezagutzak eta trebetasunak emanez eta familiari laguntzeko sare formalak eta informalak indartuz, eta, bestetik, babesgabetasunak edo bestelako egoera kaltegarriek haur edo nerabearengan izan dituzten ondorioak konpondu behar ditu, eta gizartean parte hartzeko eta autonomia maila progresiboak eskuratzeko baliabideak eta gaitasunak eman behar dizkio. 15 urtetik gorako nerabeen kasuan, familiako esku-hartze espezializatuak emantzipaziorako trebetasunak garatzea barne hartu ahal izango du lan helburuen artean. 
  • Familiaren inguruabarrek, beharrek edo zailtasunek foku nagusia desbideratzea saihestu beharko da. Foku nagusia haur edo nerabearen ongizatea izango da beti. Guraso, tutore edo zaintzaileen gainean esku hartzea ez da helburua berez; haur edo nerabearen babesa eta ongizatea lortzeko bitartekoa da. 
  • Guraso, tutore edo zaintzaileekin lankidetza harremana eraikitzea ezinbesteko baldintza da aldaketa prozesuak bultzatzeko. Horretarako, profesionalek familiako kideekin duten harremana errespetuan, argitasunean eta zintzotasunean oinarritu behar da. Lankidetza nahikoa lortzea zaila izan daiteke batzuetan, bereziki kasu larrienetan. Batzuetan, gerta daiteke arazoaz ez konturatu izana, aldatzeko motibaziorik ez izatea, aldatzeko motibazioa izatea baina hori nahikoa ez izatea, edo defentsa eta arbuio erreakzioa izatea, babes zerbitzuek egingo dutenaren beldur direlako. Familiako esku-hartze espezializatuko programetako profesionalek zailtasun horiei aurre egin behar diete. Motibatzeko elkarrizketen teknikek emaitza onak eman dituzte arazoaz jabetzeari eta aldatzeko motibazioa sortzeari dagokionez. 
  • Larritasun handitik gertu dagoen larritasun ertaineko babesgabetasun egoeretan eta benetako lankidetzarik gabeko eta larritasun handiko egoeretan, arriskua deklaratzea lagungarria izan daiteke guraso, tutore edo zaintzaileek lagundu dezaten. 
  • Guraso, tutore edo zaintzaileei zuzenduta, babesgabetasun kasuetan bereziki garrantzitsuak izan diren lan helburuen artean daude guraso trebetasunak hobetzea, haien ongizate psikologikoa hobetzea, laguntza emozionala ematea eta haien laguntza sarea indartzea. 
  • Familiako esku-hartze espezializatuak ebidentzian oinarritutako esku hartzeko estrategiak eta teknikak erabili behar ditu, ebidentzia enpiriko eraginkorra dutelako edo zientifikoki oinarritutako eredu teoriko-metodologikoetan ardazten direlako. Babesgabetasun arazoak dituzten familiekin eraginkorrenak izan diren estrategia eta tekniken artean, hauek daude: ikuspegi kognitibo-konduktualak, gurasoen eta seme-alaben arteko harreman, komunikazio eta elkarrekintza positiboak hobetzera eta eraikitzera bideratuak; guraso trebetasunak irakastea (bereziki, haur edo nerabearen diziplina eta maneiu estrategia positiboak); gurasoa/haur edo nerabea diadaren gaineko zuzeneko lana, ikasitako trebetasunak gainbegiratuta erabiltzeko; indargarri positiboa erabiltzea, eta emozioak erregulatzeko lana, bai guraso, tutore edo zaintzaileekin, bai haur edo nerabearekin.