Familia babesteko eta berriz elkartzeko familiako esku-hartze espezializatua

2.5. Familia berriz elkartzeko esku-hartzearen berezitasunak

2.5.1.    Indarrean dagoen legerian jasotako jarduketa irizpideak 

Tutoretza edo zaintza neurri baten ondoren kontuan hartu beharreko irizpideak eta familia berriro elkartzeko prozesuen erregulazioa HNLren 220. eta 221. artikuluetan jasotzen dira. Artikulu horiek, besteak beste, honako hau diote:

  • Foru aldundiak haur edo erabe baten tutoretza edo zaintza hartzen duenean, banakako babes plana prestatuko du, familia berriz elkartzea helburu duena, baldin eta posible bada, gehienez ere bi urteko epean, jatorrizko familia tutoretzaren edo guraso ahalaren berezko eginkizunak behar bezala betetzeko moduan egotea. Horretarako, foru aldundiek familian esku hartzeko zerbitzu bat antolatu ahal izango dute jatorrizko familiarentzat, etxeko bizikidetza baldintzak edo harreman baldintzak hobetzeko, haur edo nerabearen berrintegrazio eraginkorra lortze aldera.
  • Haur edo nerabea jatorrizko familiara itzultzea erabakitzeko, lehenik eta behin ezinbestekoa da haur edo nerabearen aldeko iritzia izatea, eta, horrez gain, egiaztatu behar da familia horren bilakaera positiboa izan dela, objektiboki nahikoa familia bizikidetzari berriro ekiteko, loturei eutsi zaiela, guraso erantzukizunak behar bezala betetzeko asmoa dagoela eta itzuliz gero haur edo nerabeak ez duela arrisku handirik izango.
  • Familia harreran dauden haur eta nerabeen kasuan, aurrekoaren osagarri, itzultzeari buruzko erabakia hartzean haztatu egin beharko dira iragandako denbora eta harrera familian eta haren ingurunean duen integrazioa, eta baita familia horrekin garatutako lotura afektiboak
  • Foru aldundiek berrintegrazio prozesuaren jarraipena egin beharko dute gutxienez sei hilabetez, babes-neurria eten ondoren.
  • Jarraipen hori egin eta familiarekin esku hartu ondoren, foru aldundiak balioesten duenean familiak udal eskumeneko laguntza zerbitzuak behar dituela, zerbitzu horiek UGZetara bideratuko ditu, betiere egindako esku hartzearen jarraipenak baldintza hauetakoren bat betetzen badu:
    • Foru aldundiak familia berriro elkartzearen eta familiarekiko esku-hartzearen ondorengo jarraipena gutxienez urtebetez egin du.
    • Haur edo nerabea zaintzeari eta guraso erantzukizunak behar bezala betetzeari dagokienez familiaren larritasun maila jaitsi eta lortutako aldaketak finkatuak eta egonkorrak direla frogatu da, gutxienez lau hilabetez. Horretarako, lau hilabeteko epea aurreko apartatuan ezarritako sei hilabeteko esku-hartzearen gutxieneko epearen barruan egon daiteke.
    • Familia berriz elkartzea aldi baterako banantze baten ondoren gertatu bada, foru aldundiak haur edo nerabearen egoeraren jarraipena egin du familia etxean, gutxienez sei hilabetez, eta denbora horretan egiaztatu da babesgabezia-egoera eragin zuten inguruabarrak desagertu direla eta ez direla berriz agertu, arrisku larriko adierazlerik ez dagoela, eta familia ingurunean lortutako aldaketak eta aurrerapenak finkatu eta egonkortu egin direla.

Familia berriz elkartu ondoren familiarekin esku hartzea ez da nahitaezkoa izango, baldin eta behin-behineko zaintza amaitzeagatik itzultzen bada, kasuaren inguruabar bereziak aztertu ondoren, babes neurria hartzea beharrezkoa ez dela ondorioztatzen bada. 

2.5.2.    Familia berriz elkartzeko lanaren irizpide teknikoak eta berezitasunak

  • Indarrean dagoen legeriak ezartzen duen bezala, familia berriro elkartzea izan behar du kasu planaren lehentasunezko helburua, babes neurri gisa haur edo nerabea jatorrizko familiatik banandu behar izan denean. Berriz elkartzea modu seguru eta iraunkorrean egiteko aukerak maximizatzeko, ezinbestekoa da lehenbailehen planifikatzen hastea eta familiarekin eta kasuan inplikatutako profesional eta zerbitzu guztiekin batera, adostuta eta modu intentsiboan egitea lan. 
  • Kasu horietan inplikatutako zerbitzuen eta profesionalen koordinazioa bereziki garrantzitsua da, familiako esku-hartze espezializatua, haur eta nerabeentzako berariazko laguntza zerbitzuak, harrera familiak eta egoitza zentroetako profesionalak barne. Familiako esku-hartze espezializatua beti egingo da familia berriz elkartzera bideratuta dauden kasu guztietan, salbu eta familiarekin lan egiteko premiei beste zerbitzu mota batetik modu egokian hel dakiekeela balioesten denean. Bestalde, guraso figuren eta harrera familien edo egoitza zentroetako erreferentziazko profesionalen artean komunikazio argia eta errespetuzkoa izatea ahalbidetuko duten kanalak sortu eta indartu beharko dira. Familia harreraren kasuan, bi familien artean elkarlaneko harreman positiboa eraikitzeko lan egin behar da, haur edo nerabeak ez dezan leialtasun gatazkek eragindako estresik sentitu eta harrera familiek guraso figurei laguntzeko aukera izan dezaten. 
  • Haur edo nerabearen iritzia entzun egin behar da, familia berriz elkartzera zuzendutako edozein esku-hartze plan diseinatzen denean. Haren historia ulertzea, haren ikuspegia entzutea eta hura tartean sartzea lortzea dira kasu lanaren funtsezko alderdiak. Banantzeak sarritan eragiten dituen galera eta erru sentimenduak kontuan hartu eta jorratu egin behar dira. Baliteke haur edo nerabeak berriz elkartzea nahia duela adieraztea, baina une horretan bideragarria ez izatea edo haren interes gorenarekin bat ez etortzea. Hori gertatzen denean, harekin lan egin beharko da, egoera uler eta onar dezan. 
  • Orobat, garrantzitsua da banantzeak irauten duen bitartean haur edo nerabearen zaintzaz arduratu daitekeen eta guraso, tutore edo zaintzaileei prozesuan lagundu ahal dien familia zabala esku-hartzearen hasieratik inplikatzea. 
  • Era berean, funtsezkoa da guraso figurei hasiera-hasieratik jakinaraztea familia berriz elkartzeko zer epetan dauden eta zenbaterainoko den premiazkoa, (1) haur edo nerabearen premiak eta (2) horretarako legez ezarritako denbora mugak oinarri hartuta. Halaber, epe horretan haur edo nerabearen zaintza beren gain hartzeko gaitasun nahikoa ez frogatzearen ondorioen berri eman beharko zaie.
  • Oro har, pentsa daiteke, familian esku hartzeko zerbitzu espezializatu eta intentsiboekin, hamabi hilabeteko epea egokia dela familia berriro elkartzea posible den edo baztertu behar den erabakitzeko.  Nolanahi ere, epe horiek bateragarriak izan behar dute haur edo nerabearen beharrekin, eta banan-banan ebaluatu beharko dira. 
  • Familia berriz elkartzeko prozesuak huts egiteko arrisku handia duela balioesten denean, kasu planak beti izan beharko du berriz elkartzearekin batera lantzen den kontingentzia plan bat. Plan horrek haurraren edo nerabearen segurtasuna eta ongizatea bermatuko dituen bizikidetza aukera egonkor bat —ahal dela familiakoa— bilatzera bideratuta egon beharko du.
  • Familia berriz elkartzea prozesu bat da, ez gertaera zehatz bat. Haur edo nerabeak berriro integratu behar du, atera zenean zuen familia testuinguruarekin konparatuta nabarmen aldatu den familia testuinguru batean. Prozesu hori kontu handiz planifikatu behar da, bananduta egon bitartean familia harremanari eutsi behar zaio, etengabe gainbegiratu behar da, eta berriro elkartu ondoren, laguntza eman behar da. Haur edo nerabearen oinarrizko segurtasuna eta osotasuna zaintzea eta haren interes gorena izan behar dira prozesuaren irizpide nagusiak. 
  • Kasuan esku hartzen duten profesionalek guraso figurekin lotura positiboa izatea eta horiek esku-hartzean inplikatzea eta eraginkortasunez laguntzea garrantzitsua da kasu guztietan, bereziki familia berriz elkartzeko prozesuetan.  Alde batetik, garrantzitsua da haien istorioa ulertzen saiatzea, errukizko jarrera erakustea, errua ez botatzea eta erabakiak hartzean inplikatzea.  Bestetik, guraso, tutore edo zaintzaileek haur edo nerabea itzultzea lortzeko gai direla sentitu behar dute, ahaleginak eta gaitasunak indartu behar dituzte, eta jakin behar dute zehazki zer aldatu behar duten hori lortzeko, etsipen eta babesgabetasun sentimenduak saihestuz.  Ildo horretan, ezinbestekoa da helburu argiak eta errealistak ezartzea, aldaketarako adierazle neurgarriekin eta horiek berrikusteko eta lortzeko epeekin. 
  • Haur edo nerabeak guraso-figurekin, anai-arrebekin, beste senide batzuekin edo hurbileko pertsonekin kontaktu erregularra izaten jarraitzeari esker, zerbaiten parte dela eta familia konexioa sentitzen du eta haren nortasun pertsonala zaintzen eta indartzen da —haren ongizaterako funtsezko alderdiak dira horiek—.  Halaber, sintomatologia depresiboa, antsietatea eta kanporatutako jokabide arazoak murrizten laguntzen du. Bereziki garrantzitsua da ziurtatzea haur edo nerabeak aukera duela harreman maila egokiak izateko familiako pertsona esanguratsu guztiekin, ez bakarrik guraso figurekin.  Kontaktu horiek ez dutela abandonatu erakusten diote haur edo nerabeari, eta, aldi berean, banantzeak eragindako sentimendu negatiboei aurre egiten laguntzen diote. Bestalde, kontaktuekin, haur edo nerabearengan duen eragina ebalua daiteke, bai eta esku-hartzea planifikatzeko eta erabakiak hartzeko garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk ere, eta, gainera, familia berriz elkartzeko aukerei dagokienez, aurreikusteko ahalmen handia duen elementua da. Haur edo nerabearen interes gorenari erantzuten dioten guztietan eta ahal dela, kontaktuak —bisiten edo egonaldien bidez, edo zeharka eskutitzen, mezuen, telefono deien eta argazkien bidez— estimulatu egin behar dira.  
  • Guraso figuren eta haur eta nerabeen arteko zuzeneko harremanak —edozein lekutan, eta, bereziki, familia etxean eta ingurune naturaletan— testuinguru terapeutiko gisa erabili behar dira; guraso trebetasunak eta familia elkarreraginerako jarraibideak lantzeko esparru egokia dira. Horretarako, beharrezko gaikuntza duten profesionalak behar dira. 
  • Anai-arrebekin duten harremana izan daiteke haur eta nerabeek bizitzan zehar izan dezaketen harremanik iraunkorrena. Haur eta nerabeek hala nahi badute eta beren interes gorenari erantzuten badiote, haien arteko harremana babestu egingo da. Banandu badira, elkarrekin mantentzeko ahalegina egingo da. Leku berean elkarrekin bizi ez badira, harreman osasuntsu, lagungarri eta segurua indartzeko eta mantentzeko aukerak emango zaizkie. Anai-arreben artean kontaktua izatea eta horiek elkartzea alde batetik izango da kontuan, eta, guraso figurekin kontaktua izatea eta horiekin elkartzea, bestetik.  
  • Itzultzea erabakitzen denean, haur edo nerabeak, pixkanaka-pixkanaka, kontaktu desberdinak, maizagokoak eta luzeagoak izango ditu familiarekin; hala, prest eta egokituta egongo da eta familia arrakastaz eta modu iraunkorrean elkartu ahalko da berriro. Oro har, ikuskatutako kontaktuetatik, ikuskatu gabeko kontaktuetara, gaua igarotzera eta, azkenik, familia etxean egonaldi luzeagoak (gutxienez astebetekoak) ematera igaroko da. Ez da gomendagarria behin betiko itzulerarako data bat ezartzea fase horiek arrakastaz gainditu arte.  Horrek bi hilabete edo gehiago beharko lituzke. Haur edo nerabea kasu hauetan bakarrik itzuli beharko litzateke: guraso figurek haur edo nerabearen zaintza osoa ikuskapenik gabe eta gaua igarota beren gain hartzeko aukera izan dutenean, eta esku-hartzearen ardura duten profesionalek eta guraso figurek haur edo nerabea egoera horretan seguru egongo dela uste dutenean. 
  • Elkartzearen osteko jarraipen eta laguntza espezializatua kasu guztietan eman beharko da, eta gutxienez sei hilabete iraungo ditu.  Garrantzitsuak izan daitezkeen lan helburuen artean daude gurasoen trebetasunak indartzea, haur edo nerabeen portaera edo emozio arazoei heltzea, familiari laguntzeko sareak indartzea eta laguntza zerbitzu komunitarioekin konektatzea.