1. Definizioa, legeria eta araudi garrantzitsua

Familia harrera pertsona adingabeak babesteko neurri bat da, zeinak pertsona adingabearen zaintza haren premietarako egokia den pertsona edo familia-nukleo bati ematen dion, bizikidetzarako ingurune afektibo bat eskaintzeko, pertsona adingabeak familia harreragilearen bizitzan erabat parte hartzea dakarrena (HNLren 225.1 art.). 

Indarkeriaren eta haurrak eta nerabeak babestearen arloan indarrean dagoen estatuko eta autonomia erkidegoko legerian dago araututa familia harrera, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuan ere. Dekretu horrek, besteak beste, harreran dauden haur eta nerabeen, harreragileen eta guraso edo tutoreen eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu. 

Familia harreran, harrera familiak bere gain hartzen du harreran dagoen haur edo nerabeari dagokionez hartaz arduratzeko, harekin egoteko, hura artatzeko, elikatzeko, zaintzeko eta hari prestakuntza integrala emateko betebeharra, familia bizitza ordezkoa edo osagarria izan dezan. Harreragileek adingabeak babesteko erakunde publikoarekin lankidetzan aritzeko eskubidea eta betebeharra dute; batik bat, erakundeak harreran hartutako haur edo nerabearen erabateko gizarteratzea lortzeko burutzen dituen jarduketetan. Eta, kasua bada, haren eta jatorrizko familiaren arteko harremanak eta erakunde publikoak aldian-aldian egiten dituen jarraipen lanak erraztuko ditu. Kasu guztietan, harrera familiak administrazio publikoarekin lankidetzan aritzeko eginkizuna hartzen du bere gain, babes eginkizunak betetzean (HNLren 225.2, 225.3, 225.4 art.).

Familia harrera da legezko babes neurria behar duten adin guztietako haur eta nerabeen lehentasunezko aukera. Lehentasuna izango du egoitza harreraren gainetik, batez ere sei urtetik beherako haurren kasuan. Kasu horietan, eta batez ere hiru urtetik beherakoen kasuan, egoitza harrera adostu ahal izango da soilik une horretan familia harrerarako ezintasuna behar bezala egiaztatzen denean edo harrera ez denean komenigarria haurraren interes gorenari dagokionez. Nolanahi ere, eta oro har, sei urte edo gutxiagoko haurren egoitza harrerak ez du hiru hilabete baino gehiago iraungo (HNLren 197.2 art.). Ikusi sei urtetik beherako haurren banantze neurria proposatu behar denean jarduteko irizpideak. 

Otsailaren 15eko 2/2024 Legeak (HNL) haur eta nerabeei (HNLren II. tituloa LIA) eta familia edo egoitza harreraren neurri baten mende daudenei (HNLren 209 art.), aitortzen dizkien eskubide orokorrez gain, legeak honako eskubide espezifiko hauek xedatzen ditu familia harrerako haur eta nerabeentzako (HNLren 209.2 art.):

  • Familia edo pertsona harreragilearen familia eta gizarte bizitzan oso-osorik parte hartzeko eskubidea.
  • Familia edo pertsona harreragileekin harremana izateko eskubidea behin familia harreraren neurria amaitu ondoren, baldin eta foru aldundiaren iritziz pertsona adingabearen interes gorenerako komenigarria bada eta halaxe onartzen badute pertsona adingabeak, heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada, familiak edo pertsona harreragileak eta jatorrizkoak edo, hala badagokio, adopzio familiak edo harrera iraunkorrekoak.
  • Hartutako familia harrerako neurriari buruzko informazioa eskatzeko eskubidea.
  • Heldutasun nahikoa badute, eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoak badira, familia harrerako neurria amaitu dadin beren kabuz eskatzeko eskubidea.

Eskubideok abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 9. artikuluan jasotakoekin osatzen dira.