10. Familia harreraren modalitateen arteko trantsizioa, edo gerora sortutako adoptagarritasuna, aldez aurreko harrera egoera batean

Haur eta nerabearen eta haren familiaren inguruabarrak aldatzen badira, eta, horrenbestez, kasu planaren helburua era aldatzen bada, eta, gainera, haur edo nerabearentzako aukera egokiena aldi baterako harreratik harrera iraunkorrera aldatzea dela balioesten bada, edo haren adoptagarritasuna planteatzen bada (adibidez, familia berriz elkartzen saiatzeari uztea erabakitzen delako eta adoptagarritzat jotzen ez zen haur edo nerabe baten adoptagarritasun egoera deklaratzen delako), kontrakoa gomendatzen duten inguruabar edo irizpide juridiko edo teknikoak daudenean izan ezik, egonkortasunak aldaketen gainetik duen lehentasun printzipioa dela-eta, lehenik eta behin haur edo nerabea familia berean mantentzeko aukera planteatu beharko litzateke. Baldintza guztiak betetzen direnean, posible denean eta komenigarritzat jotzen denean, familia bereko egonkortasunak haur edo nerabearen interes gorenari banandu eta beste familia batean integratzeak baino neurri handiagoan erantzuten diola ulertuko da.

Aldi baterako familia harreratik iraunkorrera aldatzea egokia dela planteatzen denean, kontuan hartu beharko da (1) haur edo nerabearen zaintza behar bezala gauzatu den aldi baterako harreran, (2) harrera familia harrera iraunkorrerako prest dagoen, eta (3) haur edo nerabea prest dagoen eta, gainera, jakina, harrera iraunkorraren modalitaterako egokitasun baldintzak betetzen diren. Aukera hori abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 57.1 artikuluan jasotzen da, baita premiazko familia harreraren modalitatea aldi baterako edo modu iraunkorrean aldatzea ere.  

Haur edo nerabearen inguruabarrak aldatzearen ondorioz aldi baterako harreran edo harrera iraunkorrean adoptagarritasun erabakia hartzen bada, lehenik eta behin, harrera familiak adopzioa egiteko aukera aztertuko da, betiere kontuan hartuta adoptatzeko legezko eskakizunak betetzea, dagokion egokitasun balorazioa (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren III.kapitulua), eta une horretara arte harrera familiak eta, adinaren arabera, haur edo nerabeak adostutakoa. Kasu horretan, ez litzateke beharrezkoa izango egokitasuna baloratzeko protokolo osoa errepikatzea, baizik eta harreraren alderdi bereizgarriak soilik.

Planteamendua desberdina izan daiteke legeak ezarritako helburua eta denborazkotasuna betetzen duten premiazko harreren kasuan; izan ere, haien eginkizun garrantzitsuenetako bat da gehien komeni den familia-integrazioko neurriaren diagnostikoa egitea eta horren inguruko erabakia hartzea. Kasu horietan, adoptagarritasun erabakia hartzen bada, adoptatzeko zain dagoen familia bati esleitzea sustatuko da, eta familien arteko trantsizio arduratsua antolatuko da. Aurrekoaren salbuespen bakarra izango litzateke, adoptagarritasuna erabakita eta haur jakin bat adopzioan har dezakeen familiarik aurkitu ezin denez, integratuta dagoen premiazko harrera familian adopzioaren bidez egonkortasuna izateko aukera aurreikusten denean; kasu horretan, aurreko pragrafoan adierazitako baldintza guztiak beteko dira (Palacios, 2025).