11. Familia harreraren osteko programa, adin nagusitasunera iritsita - haurtzaroeskuliburua
11. Familia harreraren osteko programa, adin nagusitasunera iritsita
Lege esparrua
- 198.4 artikulua, 179/2018 Dekretua, abenduaren 11koa.
- 35/2021 Foru Dekretua, uztailaren 27koa, Foru Gobernuaren Kontseiluarena, familia harrerako neurria amaitutakoan, familia harrerari eta bizikidetzari laguntzeko konpentsazio ekonomiko arruntak arautzen dituen araudia onestekoa, bereziki 4., 5.2., 7., 8.2 eta 12. 12 artikuluak.
- 21/2020 Foru Dekretua, ekainaren 16koa, Foru Gobernu Kontseiluarena.Onestea familia harrerari eta bizikidetzari laguntzeko ezohiko gastuetarako dirulaguntzen oinarri orokorrak eta urteko deialdiak
Aplikatu beharreko baldintzak
Arabako Lurralde Historikoan, familia harreraren osteko programak gehienez 18 hilabeteko iraupena du, hau da, 19 urte eta erdira arte irauten du. Horretarako, gazteak eta harrera familiak ados daudela adierazi behar dute, nukleo harreragilearekiko bizikidetzari eutsi behar zaio eta foru araudian aurreikusitako gainerako baldintzak bete behar dira.
Programan sartzeko, adin nagusitasunera iritsi den pertsonak eta harrera familiak aurretiazko eskaera aurkeztu behar dute. Bi konpromiso eta partaidetza akordioren bidez arautuko da, bata gaztearena (1. akordioa) eta bestea familiarena (2. akordioa). Bi alderdiek sinatuko dituzte. Gaztearen kasuan, harrera osteko programan parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztuko da akordioa, eta familia harreragilearen kasuan, aldiz, konpentsazio ekonomiko arruntaren eskaerarekin batera.
Akordioak, gutxienez, konpromiso hauek jaso beharko ditu:
- Bi alderdien artean bizikidetza egokia mantentzea.
- Bizikidetzako eta familiaren funtzionamenduko arauak errespetatzea.
- Programan parte hartzea, programatutako elkarrizketetara joatea eta FAHLPko kasu arduradunarekin lankidetzan aritzea.
- FAHLPko kasu arduradunari bizikidetzari eragiten dion edozein gorabeheraren berri ematea.
Akordioak bizikidetza onerako eta gaztearen autonomia hobetzeko beste helburu batzuk jaso ahal izango ditu.
AFAk kasu planak egin eta berrikusiko ditu harreraren osteko programaren hasieran, sei hilabetera, eta gehienez ere hamabi hilabetera.
Familia harreran laguntzeko programaren (FAHLP) jarraipena
FAHLPren jarraipenak eta laguntzak gainerako harreretan egiten diren jarduketa berberak barne hartuko ditu. Jarraipenaren maiztasuna gutxienez hilekoa izango da, eta sei hilean behin AFArentzako txostenak igorriko ditu.
Esku-hartzearen uneren batean FAHLPk hautematen badu partaidetza akordioetako konpromisoren bat ez duela betetzen alderdi batek (edo biek), AFAko kasu koordinatzaileari jakinaraziko dio, gazteari eta/edo harrera familiari ohartaraz diezaion —gutunez edo telefonoz, gehienez ere bi aldiz—, programarekin jarraitzearren egoera konpondu eta bideratzeko.
Ohartarazpen neurriak eraginkorrak ez badira, GOFEk programa amaitzeko eskubidea izango du, bai laguntza teknikoari dagokionez, bai konpentsazio ekonomikoari eta indarrean dauden aparteko gastuetarako laguntzei dagokienez.
Programa amaitzen denean, bai gehieneko 18 hilabeteak bete direlako, bai beste arrazoi batzuengatik, kasu koordinatzaileak harrera familiari zuzendutako esker-gutun pertsonalizatuaren eredua bidaliko dio FHAAko talde arduradunari posta elektronikoz, ondoren diputatuaren idazkariari bidaltzeko.