6. Zaintza eskuordetzeko proposamenak, harrera egitera eskaintzen den familia zabalarekin edo hurbileko beste batekin egiten diren egonaldietarako - haurtzaroeskuliburua
6. Zaintza eskuordetzeko proposamenak, harrera egitera eskaintzen den familia zabalarekin edo hurbileko beste batekin egiten diren egonaldietarako
THNLren 216. artikuluak dioenez:
-
Foru-aldundiak pertsona adingabe baten tutoretza duenean, zeinaren zaintza familia- edo egoitza-harreraren bidez egikaritzeko neurri espezifikorik hartu ez den, eta haren familia zabalean pertsonaren bat badago, edo, hala dagokionean, haren hurbileko pertsona edo familiarik badago bere burua eskaini duena familia- edo egoitza-harrera egiteko, foru-aldundiak erabaki ahal izango du zaintza behin-behinean eskuordetzea familia horrekin egon dadin, familia horren egokitasunari buruzko azterketa eta balorazio psikosoziala egiteko prozesuak iraun bitartean. Zaintza eskuordetu aurretik, entzun egin beharko zaio pertsona adingabeari, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada.
-
Familia-harrerarako bere burua eskaini duen familiarekiko egonaldirako zaintzaren eskuordetzea formalizatu egin beharko da, familia-harrerako neurria erabakitzeko eskumena duen foru-aldundiko organoak emandako administrazio-ebazpenaren bidez. Halaber, ebazpen horretan zehaztu egin beharko dira egonaldirako zaintza eskuordetzearen baldintzak, baita pertsona adingabearen ongizatea eta nortasunaren garapen askea ziurtatzeko eta bermatzeko beharrezkotzat jotzen den informazio guztia ere, bereziki zaintza egikaritzea mugatzeko neurri guztiena.
-
Familiarekiko egonaldirako zaintza eskuordetzeko neurriak ahalik eta eperik laburrena iraungo du, eta, nolanahi ere, ezin izango da sei hilabetetik gorakoa izan. Ezingo da luzapenik egin.
-
Administrazio-ebazpena Fiskaltzari jakinaraziko zaio eta, halaber, pertsona adingabearen legezko ordezkariei ere komunikatuko zaie, baldin eta guraso-ahalaz gabetuta ez badaude edo tutoretza-kargutik enkaitu ez badituzte.
-
Nolanahi ere, pertsona adingabeak hartzeko eskaintza-agiriaren eta egokitasun-deklarazioaren ebazpena ezestekoa bada eta egonaldirako zaintza egikaritzea eskuordetu zaien pertsonen egokitasuna baztertzen bada, zaintzaren eskuordetzea amaituko da, eta pertsona adingabearen interes gorena bermatzeko egokiena den babes-neurria hartuko da.
Kasu horietan, honela jokatuko da:
- Lehenik eta behin, kasu koordinatzaileak elkarrizketa bat izango du harrerarako proposatzen diren pertsonekin. AFAren bulegoetan izango da. Elkarrizketan:
- Haien eskaria jasoko da.
- Harrerarako duten motibazioa baloratuko da.
- Familia harrera zer den, zer eskubide, eginbehar eta betebehar dituzten, eta izapidetzeko eta ezartzeko zer prozedurari jarraitzen zaion azalduko zaie.
- Harrerarako balorazioa egiteko eskatzeko dokumentua emango zaie (abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 17. artikulua), bai eta harrera prozedura izapidetzeko onar dadin aurkeztu behar duten dokumentazioaren zerrenda ere (abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 18. artikulua).
- Elkarrizketaren ondoren, kasu koordinatzaileak zaintza eskuordetzeko aukera aztertuko du. Baldintza hauek bete behar dira:
- Interesdunek harrerarako baloraziorako eskaera eta eskatzen zaien dokumentazio osoa aurkeztu dute.
- Ez da hauteman zaintza eskuordetzea serioski zalantzan jartzen duen edo gomendatzen ez duen elementurik.
- Interesdunek onartu dituzte AFAk proposatutako jarraipena eta zaintzaren betebeharrak, eta elkarlanean ari dira alderdi horiei dagokienez.
-
Kasu koordinatzaileak interesdunak edo interesdunek aurkeztutako dokumentazioa berrikusiko du, espedientea irekiko die eta FAHLPri eskaera bidaliko dio harrerarako egokitasuna baloratzeko.
-
Kasu koordinatzaileak ordura arte bildutako informazio guztia aztertu eta baloratuko du, beharrezkoa bada beste teknikari batzuen laguntzarekin, eta zaintza eskuordetzea aproposa izan daitekeela ondorioztatzen bada, ataleko arduradun teknikoarekin kontsultatuko du, oniritzia eman dezan.
-
Behin hori eginda, proposamena egingo die interesdunei.
-
Erantzuna baiezkoa bada, gutxienez bisita bat egingo du ahien etxera, eskatutako baldintza fisikoak betetzen diren baloratzearren. Bizikidetza unitateko kide guztiek egon beharko dute bisitan, justifikatutako inguruabarretan izan ezik.
-
Kontrako elementurik edo gomendagarria edo egokia ez denik ez badago, haur edo nerabearekin kontaktatuko da, proposamena aurkeztu eta zer iruditzen zaion jakiteko.
-
Aurreko guztia oinarri hartuta, kasu koordinatzaileak txosten teknikoa prestatuko du, eta espedientean txertatuko da. Balorazioa positiboa bada, zaintza eskuordetzea proposatzeaz gain, txostenean haur edo nerabeari eta familia zaintzaileari laguntza teknikoa (eta ekonomikoa, hala balegokio) emateko premia zehatzak jasoko dira, bai eta laguntza hori eman beharko duten profesionalei edo zerbitzuei buruzko proposamen bat ere. Ataleko arduradun teknikoaren oniritzia lortu ondoren, proposamena HNZBTri igorriko zaio. Balorazioa negatiboa bada, espedientean jasota geratuko da.
Harrerarako egokitasuna baloratzeko prozesua amaitu ondoren kasuaren koordinazioaz arduratuko den atalaren haritik:
-
Egokitasunaren balorazioa positiboa bada, behin harrera eta laguntzak formalizatuta, kasuaren koordinazioa FHAAri helaraziko zaio.
-
Egokitasunaren balorazioa negatiboa bada eta haur edo nerabeak sei urte edo gutxiago baditu, jatorrizko atalak harrera beste familia batean egiteko proposamena aurkeztuko dio HNZBTri. Onetsi ostean, gehienez ere zazpi eguneko epean, haur edo nerabearen fitxa bidaliko die FAHLPri eta FHAAn izendatutako psikologoari, familia bilatzeko. Une horretatik aurrera, kasuaren koordinazioa FHAArena izango da.
-
Egokitasunaren balorazioa negatiboa bada, haur edo nerabeak zazpi urte edo gehiago baditu, eta harrera beste familia batean egitea aukera egokitzat hartzen bada, FAHLPri eta FHAAn izendatutako psikologoari bidaliko zaie fitxa, familia bilatzeko. Azkenean erabiliko den baliabidearen arabera, kasuaren koordinazioa FHAA edo EHAra pasatuko da.