7.1. Hautatutako pertsona edo familia beste familia bateko harreretan esleitzeko proposamena

FAHLPk harrera familiaren eta haur edo nerabearen esleipenaren inguruan egiten duen proposamena jaso ondoren, AFAko kasu koordinatzaileak eta FHAAn harrera familien poltsa kudeatzeko izendatutako psikologoak hitzordua emango diote hautatu den pertsona edo familiari, eta esleipena proposatuko diote. 

Bilera horretan, hautatutako familiari harreraren berezitasunen berri emango zaio (proposatutako modalitatea, bisiten araubidea, etab.), bai eta harrera egingo zaion haur edo nerabearen ezaugarrien berri ere, bereziki: haren osasun egoera, tratamenduak edo jarraipenak eta alderdi psikologiko, akademiko, pedagogiko eta sozialak. Informazio hori idatziz emango zaie, identifikazio daturik eta argazkirik gabe (abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 43.2 eta 43.3 artikuluak). Garrantzitsua izan daitekeen beste edozein informazio ere jakinaraziko zaio, baita harrera familia gisa haur edo nerabeari dagokionez dituen betebeharrak ere. Bereziki aipatuko zaio harreran hartzeak ez duela esan nahi haur edo nerabearekin behin betiko biziko denik 

Modu berean, Gizarte Segurantzan aitatasun edo amatasun baimenak dituela eta GOFEn nahiz beste erakunde batzuetan bestelako laguntzak edo eskubideak dituela abisatu beharko zaio. Horietaz arduratzen erakundeetarako jotzeko esango zaio, informazio gehiago jaso dezan (ikusi).

Gehienez ere bost egun balioduneko epea emango zaio erantzuteko: 

  • Erantzuna ezezkoa bada, FHAAn harrera familien poltsa kudeatzeko izendatutako psikologoak idatziz jasoko ditu erantzuna eta alegatutako arrazoiak, egokitasun adierazpena baliogabetzea bidezkoa den ala ez erabaki ahal izateko.
  • Epearen barruan erantzunik ematen ez bada, “ez onartzea” izango da, eta egokitasuna galduko da, behar bezala justifikatzen ez bada.
  • Erantzuna baiezkoa bada, kasu koordinatzailea arduratuko da proposamenaren onarpena sinatzeaz eta kontaktuan jartzeaz. Horrez gain, haur edo nerabearen izena eta argazki bat emango dizkio. 

Harrera onartu ondoren, AFAko kasu koordinatzailea FAHLPko zuzendaritzarekin koordinatuko da, esku-hartzea hasteko eta kasu arduraduna esleitzeko. Idatziz bidaliko da bideratzea. “Egokitzapenerako zaintza eskuordetzeko” ebazpena prestatuko da, dagokion diputatuak sina dezan.