7.5. Familia harrera etetea edo geldiaraztea

7.5.1.    Familia harrera etetea

Familia harrera etetea eragin dezaketen inguruabarrak abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 58. eta 59. artikuluetan jasotzen dira, eta berekin dakar, betiere haur edo nerabearen interes gorena kontuan hartuta eta pertsona edo familia harreragileari eta harreran hartutako adingabeari entzunaldiko izapidea egin ondoren, familia harreraren neurria aldi baterako etetea eta haur edo nerabea harrera nukleotik banantzea, bertan berriro integratzeko aurreikuspenekin. Kasu horietan, etenaldiak irauten duen bitartean haur edo nerabearen zaintzaz arduratuko den baliabidea edo familia zehaztu beharko du AFAk.

Etenaldian, pertsona edo familia harreragileak haur edo nerabearekin duen bisita, egonaldi, harreman edo komunikazio auraubideari dagozkion eskubideak mantenduko dira, bai eta haur edo nerabearen interes gorena kontuan edukita beharrezkoak diren aholkularitza, prestakuntza, orientazio eta laguntza eta arreta tekniko espezializatuko neurriak ere.

Familia harreraren neurriaren aldi baterako etenaldiak gehienez sei hilabete iraungo ditu, eta ez da luzatzeko aukerarik egongo. Erabakitako etenaldia edo, nolanahi ere, sei hilabeteko gehieneko epea igarotakoan, haur edo nerabea pertsona edo familia harreragilearekin itzuliko da, edo, hori ezinezkoa bada, harrera behin betiko etengo da.

7.5.2.    Familia harrera geldiaraztea

Harrera geldiaraztea eragin dezaketen inguruabarrak abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 60. artikuluan eta HNLren 232.1 artikuluan xedatutakoa beteko du.  Nolanahi ere, familia harreraren neurria berehala geldiaraziko da harreran dagoen haur edo nerabea adoptatzen bada, haren tutoretza arrunta eratzen bada, adin nagusitasunera iristen bada, emantzipatzen bada, hiltzen bada edo haren heriotza deklaratzen bada. Geldiarazpenaren arrazoia adopzioa, tutoretza arrunta eratzea edo harreran dagoen haur edo nerabea adin nagusitasunera iristea denean, automatikoki geldiaraziko da inguruabar horiek benetan gertatzen diren egunean, eta foru aldundiaren ebazpena ez da beharrezkoa izango, gainerako kasuetan ez bezala.

Irizpide teknikoaren arabera geldiarazten denean, honela jokatuko da:

  1. Proposamena FHAAko taldeko arduradun teknikoarekin kontrastatu ondoren, AFAko kasu koordinatzaileak entzunaldiko izapidea egingo die harrera familiari eta haur edo nerabeari —hamabi urtetik gorakoa izango da, eta adin horretatik beherakoa denean, heldutasun nahikoa izango du—, hamar eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak egin eta dokumentuak eta justifikazioak aurkez ditzaten.

  2. Dagokion proposamena aurkeztuko zaio HNZBTri, entzunaldiko izapidearen esparruan aurkeztu diren alegazioak, dokumentuak edo justifikazioak barne, baita kasu plan berria ere. Premiazko egoera bada, nahikoa izango da txosten arrazoitua, haur edo nerabearentzako beste baliabide bat eta bertan behera utzi edo ezarri behar diren laguntza espezifikoak barne hartzen dituena.

Harrera familiak edo haur edo nerabeak eskatuta geldiarazten denean:

  1. Eskaera harrera familiak egiten badu, kasu koordinatzaileak haur edo nerabeari hitzordua emango dio entzuna izan dadin. Eskaera haur edo nerabeak egiten badu, harrera familiari dei egingo zaio entzunaldiko izapiderako.

  2. Proposamena FHAAko taldeko arduradun teknikoarekin alderatu ondoren, HNZBTri dagokion proposamena aurkeztuko zaio, kasu plan berria barne. Premiazko egoera bada, nahikoa izango da txosten arrazoitua, haur edo nerabearentzako beste baliabide bat eta bertan behera utzi edo ezarri behar diren laguntza espezifikoak barne hartzen dituena.

 

Kasu guztietan, arreta berezia eskainiko zaio haur edo nerabea geldirazpenerako prestatzeari, baita ezustean gertatzen denerako ere, haren egoera emozionalean eragin negatiboak minimizatzeko (abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 74. artikulua).

HNZBTren erabakiarekin, geldiarazteko ebazpena emango da.  Kasuaren inguruabarren arabera, pertsona edo familia harreragilearen egokitasun adierazpena errebokatzea sartu ahal izango da geldiarazpenean (abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 62. artikulua).

.