8. Premiazko familia harrera: jarduteko prozedura

Itxaron zerrendan dauden bitartean premiazko familia harrerarako egokitzat jotako familiei arreta ematea 

AFAk arreta eskainiko die, FAHLPren bidez, premiazko harreretarako egokitzat jo diren eta itxaron zerrendan dauden familiei —harrerarik egin ez dutelako daude itxaron zerrendan, edo, bestela, ematen ari zirena amaitu, esperientzia itxi eta baloratu ondoren, bertara itzuli direlako—. Horrela, arreta osoa bermatu nahi da, egokitasuna ematen zaien unetik hasi eta harrerako haur edo nerabea esleitu arte, bai eta harrera horren babesa amaitzen denean eta itxaron zerrendara itzultzen direnean ere. Zehatz-mehatz, FAHLPk eginkizun hauek izango ditu:

  1. Familia bakoitzaren egoera orokorrari eta premiazko harrerarako duen prestasunari buruzko informazio eguneratua jasotzea, laguntza eta arreta telefonikoaren eta presentzialaren bidez.
  2. Izan daitezkeen gorabeherak kudeatzea, eta horien berri ematea AFAri.
  3. Familiei prestakuntza espezifikoa ematea. 

Esleipen proposamena

AFAko kasu koordinatzaileak posta elektronikoz bidaliko dizkio haur edo nerabearen datuak FAHLPko zuzendaritzari, premiazko harrera familia esleitzeko. Horretarako prestatutako fitxa erabiliko du. Horren ondoren, FAHLPko zuzendaritzak berehala proposatuko du haur edo nerabearentzako harrera familia bat, halakorik bada (ikusi dokumentu-eredua), edo, bestela, harrera familarik ez dagoela jakinaraziko du.

Premiazko harrera familia bat esleitu bada, FAHLPk alta emango dio kasuari programan, eta profesional bat izendatuko du kasu arduradun gisa jardun dezan.

Jarraipena

Premiazko harreren jarraipena batez ere FAHLPko kasuaren arduradunak egingo du. Beharrezkotzat jotzen denean, gizarte hezitzaile batek ere parte hartu ahal izango du.

FAHLPko kasuaren arduraduna arduratuko da harrera familiari eta haur edo nerabeari eta, kasua bada, jatorrizko familiari telefonoz eta aurrez aurre arreta emateaz. Jarraipen txostenak prestatuko ditu, ezarritako aldizkakotasunaren arabera (hiru hilean behin 3 urtetik beherako haurrentzat eta sei hilean behin adin horretatik gorakoentzat). Halaber, AFAko kasu koordinatzailearekin eta esku hartzen duten beste profesional eta talde batzuekin koordinatzeaz arduratuko da.

Jarraipen txostenek gainerako kasuetako informazio bera jasoko dute.

Harrera amaitzea

Fase horretan, bi une bereizten dira:

  1. Harrera amaitzen den unean, FAHLPko kasu arduradunak laguntza emango dio harrera familiari. Egokia eta posible denean, egokitze planaren diseinua barne hartuko du.
  2. FAHLPko zuzendaritzak gutxienez saio bat egingo du harrera familiarekin, zain dauden familien poltsara itzultzea edo atsedenaldi bat izatea egokia den baloratzeko. Orobat, harrera modalitate horretarako poltsan jarraituko duela berretsi beharko da, edo bidezkotzat jotzen diren aldaketak proposatu. Horren berri eman beharko zaio AFAri. Familia berriro prest dagoenean, FHAAko taldeko arduradun teknikoari eta zain dauden haur eta nerabeen poltsa kudeatzen duen koordinatzaileari jakinaraziko dio FAHLPko zuzendaritzak.