9. Jatorrizko familiarekiko harremana eta lana

Foru aldundiak, haur edo nerabearen interes gorena kontuan izanda, guraso (guraso ahala ez badute ere), tutore edo zaintzaileekin, aitona-amonekin, anai-arrebekin, gainerako ahaideekin eta hurbilekoekin zer bisita, harreman edo komunikazio araubide izango duen arautu beharko du, haur edo nerabearen lotura afektiboei eusten zaiela bermatzeko, betiere ez badu eragin kaltegarririk haren ongizatean edo garapen fisiko edo psikologiko normalean, integrazio pertsonal, familiar, sozial edo hezkuntzakoan, edo ez badu babes ekintza oztopatzen. Horretarako, ahaleginak egingo dira pertsona edo familia harreragile berari emateko anai-arreba talde beraren zaintza, elkarrekin jarrai dezaten. Hori ezinezkoa bada, guztien arteko harremanak erraztuko dira, eta, orokorrean, haur edo nerabeak jatorrizko familia osatzen duten pertsona guztiekin dituen harremanak bultzatuko dira, dagokion bisita araubidearen esparruan, eta, kasua bada, haren bizitzan esanguratsuak diren pertsonekin dituenak (abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 63.1 eta 63.2 artikuluak). Bisita, harreman edo komunikazio araubide hori kasu planaren aldizkakotasunarekin berrikusi beharko da. Araubide hori aldatzea edo etetea eragin dezaketen inguruabarrak eta bisitak non egin daitezkeen abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 64. eta 65. artikuluetan arautzen dira, hurrenez hurren.

AFAk guraso, tutore edo zaintzaileekin esku hartzearen helburua gurasoen gaikuntza denean —kasu planaren helburua “Helburua zehazteke: Esku-hartzeko balorazioa” edo “Familia berriro elkartzea” denean— ezarritako irizpideei eta prozedurari jarraituz jardungo da, eta familiako esku-hartze espezializatua abiaraziko da. Esku-hartze horrek bai FAHLP bai AFAren berezko beste programa batzuk erabili ahal izango ditu, familian hezkuntzaren arloko esku-hartzea egiteko programa barne.
Familia harreran dagoen haur edo nerabea familiarekin berriz elkartzeko, orokorrean HNLren 220.1 artiluluan ezarritakoaz gain: ““Desanparo-egoeran dagoen pertsona adingabea jatorrizko familiara bueltatu behar dela erabakitzeko, ezinbestekoa izango da, lehenik eta behin pertsona adingabearen aldeko iritzia edukitzea eta egiaztatzea familiaren bilakaera positiboa objektiboki nahikoa dela familia-bizikidetza berrezartzeko, loturak mantendu direla, guraso-erantzukizunak egoki betetzeko asmoa dagoela, eta jatorrizko familiarekin bueltatzeak ez dizkiola pertsona adingabeari arrisku esanguratsuak eragingo”, HNLren 202.2 artikuluan esplizituki jasotako alderdi osagarriak “Halaber, eta aurreko apartatuan ezarritakoaren osagarri, familia-harreran dauden pertsona adingabeei dagokienez, bueltatzeari buruzko erabakia hartzean haztatu egin beharko dira iragandako denbora eta harrera-familian eta haren ingurunean duen integrazioa, eta baita familia horrekin garatutako lotura afektiboak ere”.