1.1. Definizioa eta helburuak

Egoitza harrera “babes-neurri bat da, izaera administratibo edo judiziala duena, zeinak helburu baitu arreta integrala ematea, egoitza batean, beharrizan material eta afektiboak nahiz hezkuntza arlokoak familiaren baitan, aldi baterako behintzat, bete ezin dituzten pertsona adingabeei” (HNLren 233.1 art.). 

Egoitza harreraren neurriarekin, helburu hauek lortu nahi dira —Egoitza Harreraren Kalitate Estandarretan (EQUAR, 2012) daude oinarrituta—:

  • Segurtasun eta babes ingurune bat eratzea haur eta nerabeentzat, non ikaskuntza esperientziak izan daitezkeen, gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzeak egiteko berariazko prestakuntza duten heldu arduratsuekin eraikitako lotura eta harreman positiboetan oinarrituta.
  • Ahalik eta garapen eta hazkunde pertsonalik handiena bultzatzea arlo nagusietan: arlo intelektualean eta afektiboan eta gizarte eta osasun arloetan, halako moldez non, egoitza harrerako programa batean egonik, familia egoera desegokiak berak dakarren kaltea ekidin ez ezik, lagungarria izango baita haur edo nerabeak izan litzakeen balizko gaitzak edo atzerapenak gainditzeko.
  • Haur eta nerabeak sozializazio testuinguru nagusietan integratzea, hala nola eskolan, komunitateko aisialdi eta kirol zerbitzuetan edo, kasua bada, lanean; hartara, are gehiago erabiliko dira gizarte baliabide normalizatuak. 
  • Haur eta nerabeei giro seguru, elikagarri eta terapeutikoa ematea, nortasun kulturala eta etnikoa errespetatuz eta sustatuz, eta, aldi berean, hezkuntza, gizarte, garapena eta osasunaren aldetik dituzten banakako beharrak betez.
  • Haur edo nerabeak eguneroko elkarbizitza giroa ematea, non gaitasunak, autonomia eta heldutasuna garatzeko gauza berriak ikasteko aukera izango duten. 
  • Haur eta nerabeei eta haien familiei harremanak hobetzen laguntzea eta, ahal den neurrian, familia berriz elkartzeko lana egitea.
  • Adin nagusitasunetik gertu dauden haur eta nerabeak prestatzea (batez ere 16 urtetik aurrera), eta, horretarako, bizimodu independenterako trebetasunak garatzea eta helduarorako trantsizioa arrakastatsua izan dadin beharrezkoak diren baliabide ekonomiko, sozial eta komunitarioak ezagutaraztea.