1.3. Jarduketa printzipioak - haurtzaroeskuliburua
1.3. Jarduketa printzipioak
Egoitza harrerako programak eta zerbitzuak printzipio hauek oinarri hartuta diseinatu eta garatuko dira:
- Haur edo nerabearen interes gorena. Babes neurri guztiak bezalaxe, une jakin batean haur eta nerabe bakoitzaren interes zehatzei hobekien erantzuten dien esku-hartzea delako egingo da egoitza harrera.
- Haur edo nerabeak familian bizitzeko duen eskubidea. Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioaren hitzaurrearen arabera, haur edo nerabearen nortasuna erabat eta harmoniaz garatzeko, familiaren baitan hazi behar du, giro zoriontsu, maitekor eta ulerkorrean. Eskubide horretatik hiru printzipio garrantzitsu ondorioztatzen dira haurrak eta nerabeak babesteko arloan:
- Babes zerbitzuen esku-hartzearen helburu nagusia arrisku egoeran dauden haur eta nerabeen familia baldintzak hobetzea izan beharko da, ahal den guztietan beren familian geratu ahal izateko.
- Babesgabetasun larria dela-eta haur edo nerabea familiatik banandu behar denean, hipotesi nagusi gisa aztertu beharko da familia berriz elkartzeko aukera. Esku-hartzearen helburua familia berriro elkartzea bada, lan trinkoa eta koordinatua egin beharko da bai haur edo nerabearekin, bai jatorrizko familiarekin, familia berriro elkartzea ahalik eta denbora laburrenean lortze aldera.
- Berriz elkartzea ezinezkoa den kasuetan, haur eta nerabeen familia egoera egonkorra eta behin betikoa izatea lortzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak arinduko dira, bai adopzioari dagokionez, bai harrera iraunkorrari dagokionez.
- Egoitza harreraren osagarritasuna. Behin zehaztuta babes jarduketaren helburu nagusia haur edo nerabeak ongizateko familia ingurune batean garatzen jarraitzea dela, egoitza harrerak eginkizun osagarria edo subsidiarioa betetzen du. Aldi baterako irtenbidea da, kasu planaren zerbitzura dagoena. Kasu planak, hain zuzen, haur edo nerabea familia giroan behin betiko eta modu egonkorrean txertatzea du helburu (jatorrizko familian edo beste familia batean). Egoitza harrerako baliabideak, giro ahalik eta familiarrena erreproduzitzeko moduan diseinatu behar badira ere, ezin dira familiaren ordezko iraunkor izan. Egoitza harrerako egonaldien helburua aldi baterakoa da beti; epe labur eta ertainerako xede zehatzak ditu, familian behin betiko integratzea lortzeko.
- Haur eta nerabeen premiak ardatz nagusi gisa. Egoitza harrerako programen diseinuak eta programa horiek garatzeko ezartzen diren prozedurek, funtsean, arreta ematen zaien haur eta nerabeen premiak behar bezala betetzeko duten gaitasunean oinarritu beharko dute. Premiok bestelako irizpideen gainetik jarri behar dira (kudeatzeko erraztasuna, inertzia arrazoiengatik praktika eta programa tradizionalei eustea, edo helduek langile gisa dituzten interesak).
- Egoitza harrera baliabide sare malgu eta espezializatu gisa. Bai artatu behar diren haur eta nerabeen adinen arteko alde handiengatik, bai izan ditzaketen arazoengatik (inoren kargura ez dauden haur eta nerabe migratzaileak, jokabide eta emozio nahasmenduak, desgaitasuna, helduarorako trantsizioan dauden gazteak, etab.), ezinezkoa da eskaera guztiei erantzuteko gai den programa bakar bat edukitzea. Egoitza harrerako sare bat diseinatu behar da, dauden premia mota guztiei erantzuteko aukera emango duten programekin, eta horietako batzuek espezializazio-maila handia izan behar dute. Haur eta nerabe bakoitzarentzat haren premia espezifikoak behar bezala beteko dituen aukera bat egotea da helburu nagusia.
- Banakako arreta oso, proaktibo eta birgaitzailea. Egoitza harrerak, familia zaintzaren aldi baterako ordezko giro moduan, haur edo nerabearen heziketa osoa hartu behar du bere gain, arreta berezia jarrita hark dituen premia afektibo eta erlazionalei. Gainera, kontuan izanda babesgabetasun larriko egoeran egoteagatik familiarengandik banandu behar diren kasuetan aplikatzen dela, jokabidearekin, emozioekin, errendimenduarekin eta, oro har, garapenarekin lotutako arazoen intzidentzia handia dago. Arazo horietako batzuk direla-eta, egoitza harrerako baliabideetan arreta oso espezializatua eskaini behar da. Beharrezkoa da planteamendu proaktiboa egitea, haur edo nerabearen garapen egokia oztopatzen duen edozein zailtasun goiz detektatzeko eta behar diren baliabide terapeutikoak eta birgaitzaileak martxan jartzeko. Haur eta nerabeek egoitza harreran igarotzen duten denborak esperientzia erosoa izan behar du, tratu onekoa, helduenganako konfiantza berreskuratzekoa, baina, batez ere, garapena sustatzekoa, haur edo nerabea mugatzen duen edozein arazo edo oztoporen gainean esku hartuta.
- Haur eta nerabeen eta haien familien partaidetza. Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioak eta estatuko eta autonomia erkidegoko legeriak diote haur eta nerabeek eskubidea dutela haiei eragiten dieten erabakietan parte hartzeko. Babes sistemaren esku-hartze prozesuetan, bereziki beharrezkoa da haien ikuspegia izatea, erabaki horiek oso garrantzitsuak direlako etorkizunerako. Egoitza harrerako programen garapenean, haur eta nerabeen partaidetzak lanerako ardatz nagusia izan behar du, eskubidea ez ezik, hezkuntza helburua ere badelako. Eskubide den aldetik, haien iritziak eta iradokizunak kontuan eduki behar dira egoitza harrerako baliabideen funtzionamenduan eta haiei eragiten dieten erabakietan (adibidez, ikasketak aukeratzea, aisialdiko jarduerak, etab.). Hala ere, partaidetzak hezkuntza lanaren xede ere izan behar du, inplikazio pertsonaleko esperientziak sortuta, parte hartzeko beharrezkoak diren trebetasunak garatzen lagunduta, eta, adinduz doazen heinean, egoitza harrerako baliabideen kudeaketan bertan gehiago parte hartuta. Modu berean, familiei, batez ere familia berriro elkartzeko esku-hartzean daudenei, entzun egin behar zaie, eta prozesuaren fase guztietan modu aktiboan parte hartzera animatu.
- Normalizazioa eta espezializazioa. Bi kontzeptu kontrajarri dira; izan ere, lehenengoaren arabera, egoitza harrerako baliabideetan dauden haur eta nerabeen bizimoduak eta familiarekin bizi diren gainerako berdinen bizimoduak ahalik eta antzekoenak izan behar dute, bai giro fisikoaren diseinuan, bai eguneroko errutinetan eta komunitatearen baliabideetarako sarbidean. Espezializazioan, bestalde, baliabide bereiziak jarri behar dira martxan, hain zuzen, beste modu batera arretarik gabe geratuko liratekeen premia oso espezifikoak estaltzeko gai diren baliabideak. Batzuetan, espezializazioa dela-eta, familiaren testuingurutik argi eta garbi bereizten dituzten zenbait ezaugarri dituzten inguruak eraiki eta programak garatu behar dira. Normalizazioa eta espezializazioa egoitza harrerako lanaren beharrezko printzipioak dira. Alde batetik, ahalik eta neurri handienean, diseinatu behar dira haur eta nerabeek, familia giroa izan dezaten eta komunitateko baliabideak eskura izan ditzaten diseinatu behar dira egoitza harrerako baliabide guztiak. Dena den, programa espezializatu batzuek, hala nola jokabidearekin edo emozioekin lotutako arazo larriak dituzten nerabeentzako zentroek, hain normalizatzaileak ez diren baina helburuak lortzeko ezinbestekoak diren zenbait elementu txertatu beharko dituzte. Guztiarekin ere, zentro mota horiek ahalik eta normalizazio maila handienari eusten ahalegindu behar dute, eta printzipio horren aurkako edozein jardunbide haur edo nerabearen interes gorenaren arabera soilik justifikatu beharko dute, modu argian.
- Gardentasuna, eraginkortasuna eta efizientzia. Egoitza harrerako baliabideek gardenak izan behar dute, eta justifikazio teoriko eta metodologia koherente baten barruan kokatzen dituen gizarte eta hezkuntza proiektu batean diseinatutako praktikak izan behar dituzte. Garatzen diren jarduera eta gorabehera nagusiak erregistratzeko sistemak izan behar dituzte, haur eta nerabeen bilakaera etengabeko ebaluazio baten bidez monitorizatuta. Bai kudeaketa publikoko zentroetan, bai ekimen pribatukoetan, bertan ematen den arretaren inguruko informazio zuzena eta eguneratua izan beharko du AFAk. Esku-hartzeen emaitzen ebaluazioak lehentasuna izan behar du, eraginkorragoak eta efizienteagoak diren programak bakarrik finka eta gara daitezen, batik bat emozioekin edo jokabidearekin lotutako arazo larriak dituzten nerabeei zuzendutako programa espezializatuetan, edo egoera bereziki zailei heltzen dien beste edozein programatan.