11.1 Kudeaketa dokumentuak

  • Gizarte eta hezkuntza proiektua 

Egoitza baliabide guztiek beren ezaugarriak, baliabideak eta funtzionamendua deskribatuko dituen gizarte eta hezkuntza proiektu bat izan behar dute. Gutxienez eduki hauek izan behar ditu:

  • Garatu behar diren egoitza programen motaren definizioa
  • Helburuak eta artatzen diren biztanleak
  • Baliabide fisikoak eta materialak
  • Giza baliabideak, eginkizunak eta lan antolamendua (txanden diseinua, talde bilerak, gainbegiratzeak, etab.)
  • Esku-hartzearen oinarriak eta eredu teorikoak
  • Esku-hartzearen metodologia
  • Kalitatearen eta emaitzen ebaluazioa

Gizarte eta hezkuntza proiektuak argi islatu behar ditu erakundeak eskaintzen duen egoitza lanaren berezitasunak, ikuspegia eta hezkuntza metodoak, betiere ebidentzia zientifikoa ardatz duten teoria eta tekniketan oinarrituta. 

Proiektu horiek kalitate estandar nazionalen ildoak eta printzipioak errespetatu behar dituzte, bai eta egoitza harreraren inguruan kapitulu honetan hartzen den ikuspegia ere.

  • Funtzionamendu araudia

Erregelamendu horrekin, xehetasunez garatu ahal dira egoitza baliabideetako langile guztiek ezagutu behar dituzten eta erakundearen barne funtzionamenduari, bertako langileei eta haur eta nerabeen arretari eragiten dieten prozesu jakin batzuk. 

Erregelamenduak oinarrizko prozesuak txertatu beharko ditu. Batzuetan protokolo bereizi gisa lantzen dira, eta kasu honetan behar bezala antolatutako dokumentu bakar baten zati dira. Hona hemen bertan azaldu behar diren eduki garrantzitsu batzuk:

  • Haur eta nerabeei abegi eta harrera egiteko prozesua 
  • Ordutegien eta planifikatutako jardueren egitura
  • Ondorioak aplikatzeko oinarrizko irizpideak (zehapenekoak zein indartzekoak)
  • Familiekin lan egiteko eta haien partaidetzarako arauak
  • Baimendu gabeko ez-etortzeen aurrean nola jardun 
  • Eustea dakarten jarduerak eta jarraitu beharreko protokoloak
  • Pertsonen eta norberaren gauzen erregistroa
  • Haur eta nerabeak beste baliabide batzuetara eramatea
  • Irteerak prestatzea eta horietan laguntzea 
  • Sexu indarkeria eta esplotazioko egoeren prebentzioa

Erregelamendu mota horrekin, egoitza harrerako baliabideetan maiz sortzen diren protokolo eta irizpide sakabanatu eta loturarik gabeak saihesten dira. Dokumentu hori behar bezala garatu, zabaldu eta eguneratu behar da. 

Langile berri bat lanean hasten denean, araudiari esker, azkar eta era ordenatuan eskuratzen ditu baliabideko langileek modu koordinatuan eta koherentean jarduten dutela bermatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta prozedurak.

Bestalde, erregelamenduak indartze edo zehapen ondorioak aplikatzeko oinarrizko irizpideen apartatu bat izan behar du. Bereziki azken horiek zehaztu, eta inoiz aplikatu behar ez diren zehapenak eta izaera hezitzailea duten irizpideak ezarriko ditu Ondorio horiek aplikazio irizpide gisa ezarri behar dira, eta ez automatikoki aplikatzen diren arauen multzo zehatz gisa, barne araubideko edo diziplina araubideko erregelamenduen erabilera alde batera utzita. 

Jokabide arazoetarako programa espezifikoen kasuan, diziplina ondorioen eta jarduketen apartatua zehatzagoa izan daiteke, betiere esku-hartzeak eta krisi eta gatazka egoeren maneiua hezigarria eta eskubideekiko errespetuzkoa dela ziurtatze aldera.

  • Urteko memoria

Egoitza baliabideak kudeatzen dituzten erakundeek baliabideetako bakoitzaren jardueren eta jarduketen memoria emango diote AFAri, urtearen amaieran eta, betiere, hurrengo urteko otsailaren 15a baino lehen.

Memoriak urtean zehar egindako lana deskribatuko du, bai eta haur eta nerabeekin eta haien familiekin izandako emaitzen eta lorpenen ebaluazioa ere, GHBPren eta kasu planaren helburuen emaitzak barne.

Zehazki, honako eduki hauek txertatu behar dira memorietan:

1. Giza baliabideak eta baliabide materialak

  • Langileen altak eta bajak, kategorien eta arrazoien arabera
  • Jasotako formakuntza 
  • Jasotako kanpoko gainbegiratzea 
  • Emandako hezkuntza arretaren alderdi orokorrak: taldeen osaera, ITL gorabehera, txandak eta gorabehera bereziak
  • Urtean zehar egindako obrak eta hobekuntzak/inbertsio materialak. Hurrengo urterako aurreikusitako beharrak.

2. Artatutako biztanleria (sexuaren arabera bereizita)

  • Altak eta bajak. Bajaren arrazoia. Egonaldi denbora. Hileko batez besteko okupazioa. Artatutako haur eta nerabeen guztizko kopurua eta biztanleria migratzailearen ehunekoa. Adina eta sexua.
  • Esku-hartzearen helburua, kasu planaren arabera. Familia bisiten araubidea eta modalitatea
  • Lege eta administrazio egoera 
  • Urtean hasitako prestakuntza eta eskola jarduera.  Lan jarduera (izanez gero). Ikasturtean hasitako jarduera soziokomunitarioa 
  • Tratamendu medikoak, PADI erabiltzea, larrialdi zerbitzuan arreta emateko beharra eta esku-hartze psikologikoa 

3. Metodologia

  • Aplikatutako metodologia eta baliabide teknikoak
  • Egindako jarduerak: nola antolatu eta gauzatu diren. Ordutegiak egun motaren arabera (lanegunak eta jaiegunak). Ebaluazio orokorra
  • Garatu den esku-hartze plan orokorraren eta emandako banakako arretaren ezaugarri orokorrak
  • Haur eta nerabeek baliabidearen eguneroko bizitzan izandako partaidetzaren balorazioa: batzarrak, jasotako kexak eta iradokizunak eta horiei emandako erantzuna
  • Abian jarri behar izan diren protokoloak 
  • Gorabeherak (guztizko kopurua, mota, sexuaren araberako banakapena)
  • Egin diren berrikuntza nagusiak

4. Ebaluazioa

  • Landutako helburuak eta betetze maila
  • Garatutako plan eta programen ebaluazioa
  • Arretaren kalitatearen autoebaluazioa (haur edo nerabeak jasotakoa eta profesionalek emandakoa). Esku-hartzea erraztu eta oztopatu duten elementuak

5. Ondorioak eta hobetzeko planak

  • Ondorio nagusiak
  • Urteko kudeaketa plana
  • Hurrengo urterako proposamenak: helburuak, jarduerak eta zerbitzuaren kalitatea nola hobetu