4.1. Lan plantilla eta eginkizunak

Egoitza harrerako baliabideetako langile guztiek eginkizunak burutzeko behar duten kualifikazioa eta esperientzia izan beharko dute. Nolanahi ere, ezinbesteko baldintza izango da sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delituengatik epai irmoz kondenatua ez izatea; besteak beste, delitu hauengatik: erasoa, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa.

  • Kudeaketako langileak: Egoitza baliabide bakoitzak arduradun bat izango du (pisukoa edo zentrokoa), eta hark unibertsitateko diplomatura, lizentziatura edo gradu titulua izango du esku-hartze sozialeko diziplinetako batean, edo, bestela, dagokion elkargoaren gaikuntza. Gutxienez urtebeteko esperientzia izan beharko du eremu hauetako bakoitzean: adingabeen babesa eta taldeen koordinazioa. Baliabidearen arduradunak hezkuntza taldea motibatu, gidatu eta koordinatuko du, eta programak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatuko ditu. Haren eginkizunak egoitza baliabide bakoitzeko gizarte eta hezkuntza proiektuetan zehaztu beharko dira. Hauek barne hartzen dituzte: artatutako haur eta nerabeen zaintza, administrazio eta antolamendu kudeaketako lidergo rola, programak ondo funtzionatzen duela gainbegiratzea eta AFArekin koordinatzea, kasuen jarraipena eta ikuskapena egiteko. 
  • Hezkuntza taldea: Hezkuntza taldea osatzen duten pertsonek gizarte hezkuntzako diplomatura edo gradua izan beharko dute, edo gizarte hezitzaileen elkargo profesionalak emandako gaikuntza, eta gutxienez urtebeteko esperientzia adingabeen babesaren arloan. Egoitza baliabide bakoitzeko gizarte eta hezkuntza proiektuek zehaztuko dituzte haien eginkizunak. Horien artean egongo dira haur eta nerabeen arreta osoaz arduratzea, horietako bakoitzaren gizarte eta hezkuntza arloko banakako proiektua (GHBP) prestatzea, haren jarraipena eta jarraipen txostenak egitea, eta esku hartzen duten beste erakunde eta talde profesional batzuekin koordinatzea.
  • Hezkuntza talde laguntzailea: Hezitzaile laguntzaileek gizarteratzeko goi mailako teknikariaren titulua edo antzekoa izan beharko dute, eta gutxienez urtebeteko esperientzia adingabeen babesaren arloan. Oinarrizko eginkizuna hezkuntza taldearen lanarekin laguntzea eta hura indartzea izango da. Eginkizun espezifikoenak egoitza baliabide bakoitzaren gizarte eta hezkuntza proiektuan zehaztuko dira. Hauek barne hartu beharko ditu: haur eta nerabeak gauez behar bezala artatzen direla bermatzea, eta gainerako langileekin batera eguneroko bizitzako egiteko zehatzak burutzea, hala nola otorduak, ikastetxeetara irteerak, eskolaz kanpoko jardueretara laguntzea, etab.
  • Laguntza teknikoko taldea: Egoitza baliabideek laguntza teknikoko talde bat izan beharko lukete, gutxienez psikologoak eta gizarte langileak dituena. Baliabide bakoitzeko gizarte eta hezkuntza proiektuetan zehaztuko dira haien eginkizunak. Hauek izango dira, oro har:
    • Psikologoak: haur eta nerabeei dagokienez, hasierako ebaluazio psikologikoak egingo dituzte GHBP prestatzen laguntzeko, eta banakako eta taldeko arreta ere emango dute, laguntza eta orientazioa emate aldera. Hezkuntza langileei dagokienez, esku hartzeko jarduerak eta estrategiak diseinatzeko aholkuak emango dituzte, eta laguntza pertsonala emango dute krisi egoeretan.
    • Gizarte langileak: batez ere jatorrizko familiekin egingo dute lan, eta haur edo nerabeek edo haien familiek jaso ditzaketen beste zerbitzu eta prestazio batzuekin koordinatuko dira.
  • Zerbitzu orokorretako langileak: Langile plantillak egoitza baliabide motaren arabera behar diren zerbitzu orokorretako langileekin osatzen dira, batez ere garbiketako eta sukaldeko etxeko langileekin. DBHko graduatu titulua edo baliokidea izan beharko dute, eta beren lanbide kategoriako lanak egingo dituzte. Lanok baliabide bakoitzaren gizarte eta hezkuntza proiektuan zehaztuko dira. Langileak hautatzean, kontuan edukiko da zer hezkuntza testuingurutan betetzen duten beren eginkizuna, eta egoitza baliabidearen funtzionamendu printzipioak onartzen dituztela zainduko da, haur eta nerabeekiko harremanaren harira. Sukaldeko langileek elikagaiak manipulatzeko baimena izan beharko dute.