4.3. Txandak antolatzea - haurtzaroeskuliburua
4.3. Txandak antolatzea
Langileen antolamenduak lagungarria izan beharko du profesional guztiek lana ondo burutu dezaten, eta haur eta nerabeek arreta egokia jasotzen dutela bermatu beharko du. Horretarako, alderdi hauek zainduko dira: langileen egonkortasuna, eginkizunak eta erantzukizunak argi eta garbi esleitzea, lan metodologia zehatza ezartzea, ordezkapenak egiteko prozedura argia egotea, egoitza baliabidearen arduraduna ez dagoenean agintea nork hartuko duen erabakitzeko protokoloa egotea, eta lan kargaren estandarrak ezartzea —ahal den guztietan parekoa izango da sexu desberdineko profesionalen artean—.
Egoitza baliabide bakoitzeko gizarte eta hezkuntza proiektuetan argi zehaztuko da langile guztien ordutegien eta txanden plangintza —haur eta nerabeen premien araberakoak izan beharko dute beti—.
Irizpide orokor hauek errespetatu behar dira:
- Saihestu egingo dira langileak lanaldi oso luzeak eta, ondoren, atseden egunen tarte luzeak izatera behartzen dituzten txandakatze intentsiboak.
- Ezin izango da egon asteburuetan soilik lan egiten duen langilerik.
- Eskola ordutegia dela-eta, egoitza baliabideen hezkuntzarako denbora bazkaltzeko eta afaltzeko orduen artean izaten da, eta, hortaz, ordu tarte horretarako txandak indartu eta horiei lehentasuna eman beharko zaie.
- Goizetan, ezinbestekoa den gutxieneko arreta emateko pertsonak egongo dira.
Langileak ordezkatu behar izanez gero, ahalik eta lasterren ordezkatu behar dira, eta, betiere, gehienez 24 orduan. Zuzendaritzek eta erakundeek ordezkapen sistema arin eta eraginkorrak ezarri beharko dituzte.