5.2. Harrera

Haur edo nerabe berri bati egoitza baliabide batean harrera egiteko prozesua xehetasunez jaso behar da haren gizarte eta hezkuntza arloko proiektuan, hasierako une horiek garrantzitsuak direlako. Ingurune ezezaguna da, eta heldu eta lagun berriak ditu inguruan. Beraz, harrerarako protokolo bat ezarri beharko da, zurruna eta instituzionala izan gabe, lehen aldiz iristen direnei segurtasuna, konfiantza eta lasaitasuna emango diena.

Legedien arabera, egoitza harreran dauden haur eta nerabeek iristen diren baliabidearen funtzionamendu araudiari edo araudiei buruzko informazioa jaso behar dute. Dena den, ez zaie araudi zabal bat entregatu edo irakurriko, eta are gutxiago ez-betetzeen ondoriozko zehapenak biltzen dituen erregelamendu bat. Horrelako harrerak mehatxatzaileak izan daitezke, eta lehentasuna eman behar zaio ongietorri bero eta txeratsua emateari, segurtasuna eta konfiantza emango dituena, haur eta nerabe berriak, haien errutinak, gustuak eta beharrak ezagutzean oinarritua, tratua ahal den neurrian egokitzeko haien egoera indibidualera.