5.3. Hasierako ebaluazioa - haurtzaroeskuliburua
5.3. Hasierako ebaluazioa
Familiekin eta haurrekin eta, bereziki, egoitza harreran esku hartzeko funtsezko printzipioetako bat banakotasuna da, alegia, esku-hartzea haur edo nerabe bakoitzaren premia bakarretara egokitu behar da. Printzipio hori gizarte eta hezkuntza arloko banakako proiektua (GHBP) diseinatzeko betebeharrean hezurmamitzen da, HNLren 235.a) artikuluak egoitza harrerako baliabideen betebeharren inguruan dioenaren arabera:
“Eguneroko bizitzako premiak asetzen direla ziurtatzea eta pertsona adingabeen eskubideak bermatzea, horretarako proiektu orokorra pertsona adingabe bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara egokituz, banakako gizarte- eta hezkuntza-arloko proiektu baten bidez, zeinak pertsona adingabearen ongizatea, garapen fisiko, psikologiko, sozial eta hezkuntzakoa helburu izango baitu, banakako babes-planaren esparruan”.
Orduan, egoitza baliabideetako profesionalek hezkuntza ekintzarako lehentasunezkotzat jotzen dituzten helburuekin eta helburuok lortzeko jarduera, estrategia eta teknikekin diseinatu behar dute GHBP. Horretarako, ezinbestekoa da haur edo nerabe bakoitzaren premia indibidualen ebaluazioa egitea aldez aurretik, GHBPk zer helburu izango dituen erabaki ahal izateko. Haur eta nerabeek familia ingurunean bizi izan dituzten esperientzia kaltegarriak konplexuak direnez, eta haien garapen kognitiboan, emozional-sozialean eta fisikoan eragin ohi dituzten arazoak direla-eta, ebaluazioa egiteko teknika eta tresna zientifiko eta baliozkotuak erabili behar dira; ez da bizikidetzaren eguneroko behaketa hutsa egin behar.
Hainbat sistemak, hala nola Egoitza Harrerako Ebaluazio eta Erregistro Sistemak (SERAR) , ebaluazio sistematikoa proposatzen dute, eta hasierako ebaluaziorako tresnak, GHBPren diseinua eta jarraipen txostenen eredua bildu dituzte. Garrantzitsua da egoitza baliabideetako gizarte eta hezkuntza proiektu guztietan oinarri onak dituen sistemaren bat ezartzea haur eta nerabeen hasierako ebaluazioa egiteko.
Hasierako ebaluazioaren prozesuak arina izan behar du, ahalik eta lasterren izateko GHBP eskura. Lau aste inguru arrazoizkoa da horretarako.
22 Del Valle, J.F. y Bravo, A. (2007). SERAR. Sistema de Evaluación y Registro en Acogimiento Residencial. Nieru.