5.4. Gizarte eta hezkuntza arloko banakako proiektua (GHBP) - haurtzaroeskuliburua
5.4. Gizarte eta hezkuntza arloko banakako proiektua (GHBP)
Gizarte eta hezkuntza premien hasierako ebaluazioa eta ebaluazio mediko edo psikologikoak egin ondoren, eta, bereziki, kasu planaren esparrua kontuan hartuta, lehentasunezko helburuak dituen GHBP bat diseinatuko da, antzemandako premiak estaltze aldera. Baliabide bakoitzak erabiltzen duen eredua baliabidearen gizarte eta hezkuntza proiektuan xehatu eta funtsatu beharko da.
Hona hemen GHBP prestatzeko kontuan izan behar diren zenbait irizpide:
- Premia oso desberdinak egon arren, helburu kopuru oso mugatua zehaztu behar da GHBPn; hasierako ebaluazioa egin ostean lehentasunezkotzat jotzen direnak izango dira.
- Helburuek oso zehatzak izan behar dute: jokabidean, jarreretan edo emozioen adierazpenean aldaketak izatea, adibidez. Aldaketa horiek denbora tarte laburretan lortzeko modukoak izan behar dute. Ez ditugu oso konstruktu konplexuak dituzten eta oso prozesu luzeak behar dituzten helburuak ezarriko (esaterako, autoestimua).
- Helburuak aldi laburretarako (asteak) planteatu behar dira eta, beraz, oso dinamikoak dira. Gainera, helburuak lortu ahala beste batzuk gehitu behar dira. Helburua lortzen ez denean, estrategiak, baliabideak edo helburua bera aldatu behar dira.
- Aurreko puntuan esan bezala, helburuak dinamikoak izan daitezen, beharrezkoa da aldizka ebaluatzea helburuok zenbateraino lortu diren, bai tutoreak, bai kasuari buruz talde bileretan egiten den analisian.
- Helburuez gain, horiek lortzeko beharrezkoak diren jarduerak, teknikak, estrategiak eta baliabideak ezarri behar dira GHBPn.
- Funtsezkoa da haur eta nerabeek GHBPn parte hartzea, batez ere nerabeek. Parte-hartzearen barruan sartzen da helburuak eta estrategiak adostea, baita emaitzen ebaluazio bateratuak egitea ere.
Bizitegi baliabideetatik AFAra bidaltzen diren aldizkako jarraipen txostenetarako erreferentziazko dokumentua izango da GHBP. Planaren helburuak, lorpen maila eta bilakaera orokorra azaltzen dira txostenetan.