5.5. Jarraipena, emaitzen ebaluazioa eta txostenak

Egoitza baliabideek etengabe ebaluatuko dituzte emaitzak, GHBPren helburuen lorpenari dagokionez, baita haur eta nerabeek esku-hartzearen testuinguru desberdinetan (familia, eskolatzea eta prestakuntza, komunitatea, lana eta egoitza baliabideko integrazioa) izan duten bilakaerari dagokionez ere.
 
Jarraipen txostenetan, kasu planaren helburuak lortzearen harira zenbaterainoko aurrerapena izan den aipatu beharko da.

Haur edo nerabe bakoitzaren egoera eta bilakaeraren balorazioa jarraipen txostenetan sartzeaz gain, ebaluazio horiek aldizka eskatzen diren memorietan eta ebaluazio txostenetan sartu beharko dira. Ebaluazio horien emaitzak egoitza baliabideak hobetzeko planak planteatzeko erabili beharko dira.

Jarraipen-txostenak kasu bakoitzerako ezartzen den aldizkakotasunarekin aurkeztu beharko dira, gutxienez AFAn kasu planaren berrikuspen formala egiteko aurreikusten den data baino lehen. Txostenetan honako hauei buruzko informazioa jaso beharko da:

  • Jatorrizko familiaren testuingurua: bisitak, irteerak eta kontaktuak familiarekin. Familiaren lankidetza eta helburuen bilakaera, familia berriro elkartzeko lana egingo balitz.
  • Bizitegi testuingurua: egoitza baliabideko bizikidetzan integratzeari dagokionez izan duen bilakaera, eremu horretan landutako helburuak.
  • Eskola edo prestakuntza testuingurua: haur edo nerabearen ikasketak, notak eta bilakaera, ikastetxean gizarteratuta dagoen, lortu dituen titulazioak edo kualifikazioak.
  • Komunitate testuingurua: komunitateko gizarte, aisia edo kirol jarduerak, lagunen gizarte sarea.
  • Lan testuingurua: kasua bada, zer lan egiten duen, testuinguru horretan integratuta dagoen, bilakaera.
  • Garapen psikosoziala: garapen kognitibo, sozial eta emozionalari, arazo edo nahasmenduei, tratamendu eta interbentzioei buruzko informazio garrantzitsua.
  • Osasun fisikoa: gaixotasunak, tratamendu medikoak, osasun gorabeherak.