5.7. Tutorea - haurtzaroeskuliburua
5.7. Tutorea
Hezkuntza taldearen barruan, haur edo nerabe bakoitzak tutore gisa jardungo duen gizarte hezkuntzako profesional bat izango du. Pertsona hori izango da erreferentziazko profesionala, eta, hala, haur edo nerabe bakoitzak pertsona jakin batekin komunikatuko da, alderdi hauei dagokienez: egoera pertsonala, GHBP, jatorrizko familiari buruzko gaiak (irteerak, bisitak, etab.), ikastetxeekiko edo prestakuntza zentroekiko koordinazioa, etab.
Tutorearen rola argi eta garbi zehaztu eta oinarritu beharko da egoitza baliabide bakoitzaren gizarte eta hezkuntza proiektuan. Eginkizun hauek barne hartuko ditu: hasierako ebaluazioa egitea lehen asteetan, GHBP prestatzea lantaldeko gainerako kideekin batera, AFArako jarraipen txostenak egitea lantaldeko gainerako kideekin batera, eta tutoretzapeko haur eta nerabeekin esku hartzen duten irakasleekin eta bestelako profesionalekin koordinatzeaz arduratzea.
Tutorea egoteak ez du esan nahi gainerako hezkuntza langileek garrantzi eta autoritate gutxiago dutenik. Oso garrantzitsua da haur eta nerabeei hori helaraztea. Egoitza baliabide bakoitzaren gizarte eta hezkuntza proiektuak tutorekideak jaso ahal izango ditu, erreferentziazko figuren rol hori indartzeko.
Haur edo nerabe jakin bati tutorea esleitzeko, kidetasun pertsonaleko irizpideak edo lotura hobea izatea errazten duen beste edozein irizpide erabiliko da, profesional bakoitzaren kasu karga kontuan hartzeaz gain. Tutorea malgua izan daiteke, eta beste profesional batekin lotura natural estuagoak sortzen badira, tutorea alda daiteke.