6. Gizarte eta hezkuntza arloko kalitatezko esku-hartzerako irizpideak - haurtzaroeskuliburua
6. Gizarte eta hezkuntza arloko kalitatezko esku-hartzerako irizpideak
Egoitza harrerako programen diseinuak eta programa horietan lan egiten duten profesionalen esku-hartzeak nazioarteko edo nazioko kalitate estandarretan eta eskura dagoen ezagutza zientifikoan oinarritu beharko dute, ahal den guztietan eraginkorrak direla frogatuta duten praktikak barne (ebidentzian oinarrituta). Egoitza baliabideetako gizarte eta hezkuntza proiektuek garatuko dituzten praktikei eta esku-hartzeei buruzko oinarri teoriko argia izan beharko dute.
Egoitza harrerarako kalitate estandarrek —atal honetako lehen apartatuan aipatu ditugu— erreferentzia iraunkorra eta nahitaezkoa izan beharko dute baliabideak diseinatzeko eta ebaluatzeko irizpideetarako. Estandarren bat behar bezala lortzerik ez dagoenean, behar bezala justifikatu beharko da.
Eremu horretan onartutako estandarren alderdi zehatz guztiez gain, jarraian, azken garapen eta praktika oneko eredu zientifikoen ondorio diren egoitza laneko printzipio batzuk zehaztuko ditugu.
- Harreman pertsonalean eta loturan oinarritutako esku-hartzea
Etengabeko hezkuntza lana egin behar denean, gurasoenaren oso antzeko rolarekin, funtsezko alderdia da helduaren eta haur eta nerabeen artean lotura pertsonala ezartzea, konfiantza, errespetu eta afektuan oinarrituta. Hori gabe, hezkuntza harremanean aldaketa esanguratsuak lortzeko aukerak izugarri murrizten dira. Bestalde, egoitza baliabide batera iristen diren haur eta nerabe askok oso esperientzia txarrak izan dituzte familiarekin haztean. Ez dute harreman txeratsurik eta atxikimendu egokirik izan helduekin. Hezkuntza taldearen ardura da atxikimenduaren teoriari dagokionez laguntza iturri eta oinarri seguru diren helduen esperientzia eskaintzea.
Haur edo nerabeari baliabidean harrera egiten zaion lehen unetik, estrategiak eta teknikak garatzeko ahalegin handia egin beharko da, profesional taldearekiko eta, bereziki, tutoreekiko harreman eta lotura pertsonalean aurrerapausoak egiteko. Betebehar hori izan behar da jada aipatutako harrera protokoloaren oinarria, tutorearen eta haur edo nerabearen artean harremana garatzeko eta jarduerak egiteko denbora hartuta.
Harrera protokolo horiek ez dira etorri berriei araudi zabala aurkeztean zentratu behar, eta ez dira “behaketako” faseak ezarriko —fase horietan, iritsi berri diren haur eta nerabeei mugatu egiten zaizkie taldeko gainerako kideekin dituzten jarduerak, kontaktuak, mugikorrerako sarbidea eta abar—. Helduek autoritatea eta kontrola dutela harreman pertsonalaren eta lotura positiboaren bitartez ulertu behar dute. Jokabide arazo larriak dituzten haur eta nerabeei zuzendutako programa espezifikoetan bakarrik erabil daitezke horrelako estrategiak, oso kasu berezietan. Inoiz ez harrera guztietarako esku-hartze orokor gisa.
Egoitza baliabideek ez diete egoitza bizikidetzarako araudi zabal eta zehatzetara baldintzarik gabe egokitzeko eskatuko haur eta nerabeei, bakoitzaren premiak kontuan hartu gabe. Araudiak eta kalitate estandarrek ezartzen duten legez, banakako lanaz hitz egin nahi badugu, egoitza lana ahal den neurrian egokitu beharko da haur edo nerabe bakoitzaren premietara.
- Traumara bideratutako esku-hartzea
Haurrak eta nerabeak babesteko esku-hartzean, eta bereziki egoitza harreran, azken urteotan eragin handiena izan duten teoriak artatutako haur eta nerabeen trauma historia kontuan hartu behar dela diotenak dira.
Abiapuntu gisa, haurtzaroan edo garapenean zehar esperientzia larriak jasan dituzten pertsonak dira, eta horiek trauma esperientzia eragin diete, haien garapenean oso ondorio handiak dituena, batez ere emozioen erregulazioan eta portaeran. Bizi izan dituzten askotariko babesgabetasun eta indarkeria egoerek sortzen dituzte trauma esperientzia horiek.
Ikuspegi hori bereziki garrantzitsua eta beharrezkoa da haur eta nerabeen portaera arazoei aurre egiten zaienean. Aurreko ereduak, zeinak hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera jarri ziren indarrean, ikaskuntza eragilearen ereduetan oinarritu ziren, hala nola txartel ekonomian. Eredu horiekin, egoitza baliabideetako eguneroko bizitza betebeharren eta arauen inguruan egituratzen zen, eta haur eta nerabeak saritu edo zigortu egiten ziren. Araudi ugari garatu zen, eta, gainera, hainbat betebehar ezarri ziren eguneko une desberdinetarako, Horiek modu positiboan edo negatiboan puntuatzen ziren, eta zenbait abantaila (mugikorra erabiltzeko denbora, asteko dirua, irteteko denbora, aisialdirakoa, etab.) lortzeko edo alderdi horietan bertan murrizketak egiteko balantzea edo ebaluazioa egiten zen aldizka.
Hortaz, ereduon ardatza kanpoko jokabidea eta talde osoari aplikatzen zitzaizkion aurrez ezarritako errutina eta arau batzuk betetzea ziren. Jokabide arazoak, gatazkak eta ez-betetze larriak zeudenean, programa batzuetako estrategia ondorio negatiboak (barne erregelamendu eta araudietan aurreikusitakoak) areagotzea zen.
Traumara bideratutako esku-hartzearen arabera, jokabide eta emozio arazoak haur eta nerabeek beren esperientzia kaltegarriei aurre egiteko ikasi dituzten estrategiak dira. Beraz, aldaketa eragiteko, irmotasunaren eta berotasunaren artean oreka ezartzen dakiten heldu inplikatu eta txeratsuekin harremanak eraikitzeko aukera emango da. Ez dira erabiliko abertsio ondorioen bidez portaerak desagerraraztea helburu duten teknikak.
- Garapen premietan oinarritutako esku-hartzea
Printzipio horrek haur edo nerabe bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuko dituen banakako lana egiteko beharrean sakontzen du. Haren premien hasierako ebaluazio zorrotz batean ardazten da. Horretarako, txosten sozialak, medikoak, psikologikoak eta abar edukiko dira kontuan, baita kasu planak ezartzen duen esparrua ere.
Haur eta nerabe bakoitzaren garapen ibilbidea, esperientzia kaltegarriak eta horiek haien garapenean izan dituzten ondorioak ezagututa, GHBP diseinatu beharko da.
Garapenean oinarritutako esku-hartzea denez, GHBPn sartzen diren helburuak haur edo nerabeak horiek lortzeko dituen aukeren arabera zehaztu beharko dira, haren eboluzio unea, gaitasunak eta mugak kontuan izanda.
Printzipio horretan, garrantzitsua da Vigotsky-ren hurbileko garapenaren kontzeptua gogoan izatea; haur eta nerabeek beren kabuz egiten dakitenaren eta heldu baten laguntzarekin ikas daitekeenaren arteko distantziari egiten dio erreferentzia. Beraz, oinarrizko kontzeptua da hezkuntza lanean; izan ere, potentzialtasunak eta mugak aztertzen dira, eta itxaropenak eta helburuak ezartzen dira haur edo nerabe bakoitzak hezitzailearen esku-hartzearekin aldatu eta ikasi dezakeenari dagokionez.
Ondorioz, GHBPko helburuak haur edo nerabe bakoitzera egokitu behar dira; ezin dira unibertsalak edo orokorrak izan egoitza baliabidean. Modu berean, oro har jokabide jakin batzuk izatera behartzen duten eta horiek ez izateagatik ondorioak ezartzen dituzten araudiak ahalik eta gehien mugatu behar dira. Banaka ezarri behar dira, haur eta nerabe bakoitzaren gaitasunen eta garapen egoeraren arabera. Bereziki aplikagarriak dira zehaztutako helburuak lortzen ez diren egoeretan; beraz, berrikusi egin beharko litzateke ea haien hurbileko garapen eremuan dauden eta estrategiak aldatu behar diren, edo, bestela, helburuak aldatu behar diren, ez daudelako haien irismen eremuan.
- Eskumenetan oinarritutako esku-hartzea
Egoitza harrerako egonaldian indarrak hartu, hazi eta garatu egin behar da. Egoitza programa gaitasun berriak ikasteko aukera bihur daitezkeen bizikidetza espazioak sortzeko diseinatu behar da. Laguntza eta babesa jasotzetik harago, denbora eta jarduerak aldaketak egiteko eta gaitasun berriak garatzeko aprobetxatzeko ikuspegitik pentsatuta egon behar dute bizikidetzako errutina eta erritmoek.
Garatuko diren gaitasunak orokorrak izan daitezke, hala nola eguneroko bizitzan haur eta nerabe guztiei eragiten dietenak (etxeko lanak, nork bere burua zaintzeko jarraibideak, trebetasun sozialak eta pertsonen artekoak, etab.), edo espezifikoak eta indibidualizatuak, GHBPn ezartzen direnak bezalakoak.
Kasu planaren arabera, zenbait gaitasun bereziki garrantzitsuak dira; esaterako, esku-hartzeak helduaroko emantzipazio prozesura bideratzea. Egoera horretan, bizitza independenterako gaitasunen eta trebetasunen inguruko prestakuntza jasotzeak lehentasunezkoa izan behar du, eta egoitza baliabideek horretarako teknika espezifikoak eta programa zehatzak izan behar dituzte (adibidez, PLANEA programa, zeina helduarorako trebetasunak lantzeko baita). Horrez gain, egoitza programek sukaldea, garbigailuak, plantxak edo horrelako gaitasunak garatzeko beharrezkoak diren bestelako baliabideak erabiltzen utzi behar diete.
Ezinbestekoak dira garapen afektibo-sexualarekin edo osasunaren zaintzarekin eta bizitza estiloekin lotutako ezagutzak eta jarrerak ere (elikadura, higienea, kontsumoak, sexualitateari, identitateari, generoari eta abarri buruzko jarrerak eta ezagutzak). Bereziki azpimarratu behar dira. Era berean, beharrezkoa da Interneten eta sare sozialen erabilerarekin lotutako gaiak etengabe lantzea.
Haur eta nerabe askorentzat funtsezkoa izango da emozioak identifikatu, adierazi eta erregulatzearekin lotutako gaitasunak eskuratzea, esperientzia traumatikoak direla-eta. Egoera kaltegarriei erantzuteko baliteke jokabide disruptibo eta oldarkorrak edo isolamendu eta baztertze portaerak garatu izana haur eta nerabeok. Horiek gainditzeko, denbora, pazientzia eta emozionalki trebeak diren helduak beharko dira.
Printzipio horrekin, egoitza harrerako denbora ahalik eta modurik eraginkorrenean aprobetxatzea da helburua, gaitasunak garatu eta eskuratzeko. Horretarako, haur eta nerabeei jokabide berriak izateko segurtasuna ematen dieten esperientzia eta agertoki berriak sustatuko dituzten bizikidetza espazioak sortuko dira. Egoera traumatikoak eta oso kaltegarriak bizi izan dituzten haur eta nerabeak direla ulertzen duten eta aldatzeko denbora eta aukerak emateko gai diren helduekin harremanak eraikitzea izango da guzti horren oinarria.
Orientazio ekologikoa: giro terapeutikoa sortzen
Urie Bronfenbrenner-en garapenaren ekologiaren ekarpenek eragin handia izan dute garapenaren psikologian, eta askoz ere eragin handiagoa izan beharko lukete egoitza harrerako lanaren diseinuan eta praktikan. Egoitza harreraren helburua haur eta nerabeen garapena bultzatuko duen gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea garatzeko giroa sortzea denez, garapenaren ekologiaren ekarpenak bereziki garrantzitsuak dira.
Ikuspegi horren arabera, haur eta nerabeek ingurune batean harreman txeratsuak eta beroak izaten badituzte helduekin eta ikaskideekin eta bertan igarotzen duten denboraz gozatzen dute, ingurune horrek haren garapena bultzatzen du. Testuinguru horietan, helduak bereziki sentikorrak dira haien premiekiko, eta haien ikuspegiak kontuan hartzen dituzte. Ingurune horietan, profesionalek haiekin lan egiten eta jolasten dute, eta garapenerako garrantzitsuak diren esperientziak eta ikaskuntzak ematen dizkiete.
Egoitza harrerak “ingurune terapeutikoa” eraiki behar duelako ideiak (ez bakarrik jokabide arazoetan espezializatutako programetarako) zerikusia du planteamendu honekin: artatutako haur eta nerabe guztiek aldatzeko eta garatzeko aukerez gozatzeko testuinguru bat behar dute, gehienek oso esperientzia txarrak bizi izan dituztelako. Horretarako, hazkuntza giroa osatzen duten alderdi guztiak zaindu behar dira.
Ingurune fisikoa
Kapitulu honetako “tokia” eta “ezaugarri fisikoak” apartatuan printzipio eta irizpide batzuk jaso badira ere, garapenaren ekologiaren ikuspegitik espazio “normalizatzaile” bat sortzeko beharra azpimarratzen da, haur eta nerabeek beren familia etxeetan duten giroaren ahalik eta antzekoena. Koloreak, dekorazioak, objektu pertsonalek, altzariek eta abarrek nortasun eta jabetza zentzua emateko moduan egon behar dute. Horretarako, funtsezkoa da espazio pertsonalen dekorazioan parte hartzea eta aukeratzeko gaitasuna izatea.
Bereziki, logelek seguru sentitzeko eta intimitaterako espazioak izan behar dute, familietan oro har gertatzen den bezala; izan ere, logelak, bereziki nerabeentzat, leku pribatuak dira, eta ikasteko, jolasteko, aisialdirako eta abarrerako erabiltzen dituzte.
Oso garrantzitsua da helduek haur eta nerabeei etxea txukun, garbi eta estetikoki atsegin izaten laguntzea, bizi diren lekuaz harro egon daitezen. Helduen erantzukizuna da etxean giro axolagabea eta desordenatua egotea eta altzariak apurtuta edo hondatuta egotea saihestea.
Giro emozional eta soziala
Giro emozionala, hein handi batean, pertsona helduek artatzen dituzten haur eta nerabeekin duten harremanaren emaitza da, bai eta egoitza baliabidea kudeatzen duen erakundeak baliabideari egitura eta arauak ematean sortutako diseinuaren emaitza ere. Konfiantza, errespetu, duintasun, partaidetza, konpromiso, indibidualtasun eta ikaskuntza giroa izan behar du. Erakundeek eta egoitza baliabideetan lan egiten duten helduek kontrolez eta boterez blaitutako giroa garatzea saihestu behar dute, bai eta ingurune instituzionalizatzaileak eta ez oso normalizatzaileak eragiten dituzten arau gehiegikeriak ere. Haur eta nerabeek egitura behar dute, baina ez instituzionalizatzailea, baizik eta familiekin bizi diren gainerako kideek edo harrera familiek dutena bezalakoa.
Egoitza harrerako programen egituretan, ez dira eguneko jarduera guztiak zehaztuko, ez dira ordutegi zurrunak ezarriko edo ez dira portaera desegokien ondorioetan arreta handia jartzen duten araudi (erregelamendu) oso zehatzak sortuko. Hori guztia kaltegarria da haur eta nerabeen hezkuntzan beharrezkoa den malgutasun eta indibidualtasunerako.
Arau gehiegi egonez gero, helduek desegokitzat jotzen diren portaeren ondorioak aplikatu behar dituzte, eta, horrela, gatazkak sortu eta harreman pertsonalak kaltetzen dira.
Egoitza baliabide orokor batek arau gutxi eta garrantzi ukaezinekoak izan behar ditu, hala nola elkarbizitzan segurtasun pertsonal eta kolektiboa izatearekin zerikusia dutenak. Portaera onak lan helburu gisa planteatu behar dira, eta kasu indibidual bakoitzera eta portaerok izateko dituzten benetako aukeretara egokitu.