7. Familien inplikazioa - haurtzaroeskuliburua
7. Familien inplikazioa
Egoitza lanak familiak barne hartu behar ditu, kasu planean ezarritako helburuak eta esparrua kontuan hartuta. Familiak inplikatuta, errespetatuta eta lagunduta sentitzeko aukera asko sor eta balia daitezke egoitza harreran.
Familia bisitak familiaz eta harrerako seme-alabekin duten harremanaz interesatzeko, laguntza eskaintzeko, ulertzeko eta estimatzeko eskaintzeko aprobetxatu behar dituzte egoitza baliabideko langileek. Familiak ezarrita dituen bisitez gain, badira asteburuetan egin ditzaketen beste zenbait gauza; adibidez, haur edo nerabea jasotzea edo hura laguntzea. Modu berean, familiek egiten dituzten telefono deiak eta bestelako kontaktuak ere garrantzitsuak dira, eta, oso helburu zehatza izan arren, interesa erakusteko eta laguntza eskaintzeko balia daitezke.
Familiekiko komunikazioaren alderdi garrantzitsu bat da haiek seme-alaben GHBPn inplikatzea, eta lortzen diren helburuen, bilakaeraren eta emaitzen berri ematea.
Bestalde, kasu plana familia berriz elkartzera bideratuta duten haur eta nerabeentzat, egoitza baliabideen inplikazioa eta lankidetza ezinbestekoa da ildo horretan garatzen diren jarduketak indartu eta areagotzeko. Berriro elkartzearen alde lan egitea funtsezko egitekoa izan behar da kasu planean hala ezarrita dagoenean. Horretarako, hainbat estrategia gara daitezke, hala nola familiek jolas jardueretan, aisialdiko irteeretan, urtebetetzeetan eta abarretan parte hartzeko espazioak sortzea.
Beste kultura bat duten familietako haur eta nerabeen kasuan, haiekiko kontaktua indartzea funtsezkoa da haien nortasunerako. Erakundeak eta bertako profesionalek malguak izan behar dute haren praktikak eta sinesmenak errespetatuko dituen harrera eskaini ahal izateko.